Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Klima-aldaketa
Lur gogorretako mikroorganismoak inokulatzeak landareen erresilientzia handitzen du klima-aldaketaren aurrean. Lurzoru zailak deitzen zaie oso hotzak, lehorrak, edo beroak diren substratuei, landareek bertan hazteko zailtasunak baitituzte. Alabaina, badaude lortzen dutenak, eta landare horiek lurzoruko mikroorganismoei esker eskuratzen dituzte hazteko behar dituzten mantenugaiak. Honen harira, ikerketa honetan frogatu dute mikroorganismo horiek, beste leku batzuetan txertatuta, toki horietako landareei mantenugaiak lortzen laguntzen dietela. Ikertzaileek pentsatzen dute aurkikuntza hori oso baliagarria izan daitekeela klima-aldaketaren eraginen aurrean landareek erresilientzia handitzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Munduan gero eta urtegi gehiago daude baina gero eta hutsago. Ondorio horretara iristeko mundu osoko urtegietako erreserben hogei urtetako bilakaera aztertu dute satelite irudiak erabiliz. Ikusi dute ur erreserbak urtean 28 km3 inguru handitu direla, urtegi berriak eraiki direlako, baina, orotara, urtegien edukieraren eta gordetzen duten uraren arteko proportzioa gero eta txikiagoa da. Gainera, ikusi dute Hego Amerikako eta Afrikako urtegietako erreserbak direla gehien jaisten ari direnak, eta Ipar Amerikan eta Europan, berriz, oro har, gero eta beteago daudela urtegiak. Datuak Elhuyar aldizkarian: Munduko urtegiak: gero eta gehiago, baina gero eta hutsago.
Produktuen prezioan karbono-tasa agerian jartzeak kontsumitzaileek gehiago erostea eragiten du. Hala frogatu dute UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egindako zenbait esperimentuk. Beraz, espero zenaren kontrako emaitza lortzen da kontsumitzaileari zergaren kostua agerian jartzen bazaio. Ikertzaileen ustetan, emaitza paragojiko honen azalpena izan daiteke kontsumitzaileek zerga ordaintzea positibotzat jotzen dutela, eta moduren batean moralki justifika dezaketela produktu kutsagarriak erostea, gehiago ordaintzearen truke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Produktuetan karbono-tasa erakustearen eragina.
Astronomia
3200 Phaethon izeneko asteroidea 6 km-ko diametroa duen gorputz txiki bat da, eta 1983ko abenduan aurkitu zen. Asteroideen barruan, Phaethon asteroide aktiboenen kategorian dago, Eguzkira gerturatzean kometek duten antzeko adats bat garatzen baitu. Azterlan berri baten arabera, adatsaren osagai nagusia gas egoeran dagoen sodioa da. Ikertzaileen esanetan, asteroidea Eguzkitik gertuen dagoenean azalaren tenperatura altuen ondorioz eratzen da adats hori. Datuak Zientzia Kaieran: Phaethonen adats bitxia.
Entzelado izeneko Saturnoren ilargian fosforoa aurkitu dute, eta horrek bizia izateko probabilitatea handitu du. Cassini zundak lortutako datuen arabera atera dute ondorio hori. Lurrean dugun bizitza-motarako karbonoa, hidrogenoa, nitrogenoa, sufrea, oxigenoa eta fosforoa dira elementu gakoak; lehen bostak aurkitzea nahiko arrunta da, baina fosforoa oso urria da espazioan. Elementu horren presentziaz gain, Entzeladok baditu bizitza izateko beste ezaugarri garrantzitsu batzuk. Besteak beste, konposatu organikoak aurkitu izan dituzte, baita jarduera bolkanikoaren zantzuak eta ur likidoarena, azaleko izotz-geruzaren azpian. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Hizkuntzalaritza
Kristina Bilbao hizkuntzalariak egitura bihurkari eta elkarkarien inguruan hitz egin du Zientzia Kaieran. Egitura bihurkariek norbere buruari erreferentzia egiteko balio dute, eta egitura elkarkariek, bestalde, elkarrekikotasun harremana adierazten dute. Euskaraz, bi motatako egitura bihurkari eta elkarkariak eraiki daitezke: iragankorrak edo bi argumentudunak, eta iragangaitzak edo argumentu bakarrekoak. Honen inguruan, euskarak badu berezitasun bat: egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak ere sor daitezke. Halakoa da, adibidez, (ni) ispiluan ikusi naiz egitura. Hipotesi nagusiaren arabera, boz izeneko mekanismo bati esker hasi zen egitura honen erabilera. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak euskaraz.
Bilogia
Adrian Bozal-Leorri Ingurumen-agrobiologian doktorea (UPV/EHU, UPNA/NUP) eta gaur egun Margarita Salas doktoratu ondoko kontratu batekin ari da garien onurak ikasten. Udako Euskal Unibertsitateko webgunean egin dioten elkarrizketan nitrifikazioaren inhibitzaile biologikoak (BNI) sortzeko gaitasuna duten gari berriei buruz azalpenak ematen ditu.
Zoologia
Orain arte, pentsatu izan da oskoldun arrautza giltzarri izan zela ornodunek uretatik lehorrera egiteko. Bada ikerketa batek, 51 espezie fosil eta 29 espezie bizi aztertuta, ondoriozta du lehorreko ornodunen lerro ebolutibo nagusien (narrasti, hegazti eta ugaztun) arbasoek ez zutela arrautzarik jartzen, eta enbrioiak amaren barruan garatzen zirela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.