Asteon zientzia begi-bistan #457

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

garbitzeko

Fisika

Esperimentu berri batek nukleoaren teoria nagusiari buruzko zalantzak sortu ditu. Teoria horren arabera, atomo bateko nukleoa kitzikatzean nukleo hori puztu edo hazi egiten da, protoietako batek salto egiten duen arte. Helio-4arekin egindako neurketa berri batean ordea, ez da teoria hori bete. Atomo hori espero baino gehiago puztu zen eztanda egin aurretik, eta horrek aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Esperimentu horrek agerian jarri du oraindik ez dela indar nuklear bortitza ongi ezagutzen. Datuak Zientzia Kaieran.

Genetika

1999. urtean, Kathleen Folbigg-i bere lau seme-alabak hil izana leporatu zitzaion. Lauak jaio eta hilabete batzuetara hil ziren, bata bestearen atzetik, ustez, arrazoi naturalak medio. Gertaera hain bitxia izanik, Folbigg-i seme-alabak itota hiltzea egotzi zitzaion. 2003tik atxilotuta egon ostean, 2023ko ekainaren 5an aske geratu zen emakumea, genetikari esker. Ikertzaile batek frogatu zuen CALM2 eta MLKL geneetan mutazioak zituztela Folbigg-en seme alabek, eta mutazio horiek sortutako gaixotasun arazoen ondorioz hil zirela lauak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Errugabea genetikari esker.

Neurologia

Giza garuneko zelulen zehaztasun handiko atlas bat osatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. 21 artikuluk osatzen dute atlasa, eta hura sortzeko informazioa hildako hiru gizonen garunetako 3 milioi zeluletatik eta emakume baten kortex motorraren disekzio batetik lortu dute. Hala, 3.000 zelula mota baino gehiago identifikatu dituzte, horietako asko ezezagunak. Atlas hori oso baliagarria izatea espero da etorkizuneko ikerketetarako. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Kepa Paz Alonsok Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzailea da, eta bere taldekideekin batera talamoaren eta kortex prefrontalaren arteko komunikazioa aztertu dituzte. Erresonantzia magnetikoaz baliatuz, bi eskualdeak lotzen dituen materia zurizko egiturak ikusi ahal izan dituzte, eta ohartu dira gizakiaren kasuan konektibitatea oso masiboa dela beste espezie batzuekin alderatuz. Bi gune horiek funtsezkoak dira memoriarako eta emozioetarako, eta espero dute etorkizunean aurkikuntza honek laguntzea gaixotasun askoren tratamenduan. Azalpen guztiak Berrian: «Oraindik ez dakigu zehazki garunak nola funtzionatzen duen».

Osasuna

Bagina garbitzeko produktuak saltzen dituzten enpresek gorputzeko atal hori garbitzeko eta usaina kentzeko beharra zabaldu dute emakumeen artean. Baina mezu hori faltsua izateaz gain arriskutsua ere bada, kalte egiten baitie baginaren anatomiari eta fisiologiari. Baginak mikrobiota berezi bat du, eta horrek babestu egiten du bakterio eta onddo patogenoengandik. “Garbitzeko produktuek” ordea, mikrobiota hori desorekatu dezakete. Gainera, gorputz atal horrek badu bere garbitzeko mekanismoa: baginako fluxua. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Bagina zikinaren mitoa.

COVID iraunkorra serotoninaren jaitsierarekin erlazionatuta egon daitekeela iradoki du ikerketa berri batek. Ikertzaileak jabetu ziren gaixotasun hori modu iraunkorrean pairatu duten hainbat pazienteren gorozki-laginetan SARS-CoV-2 birusaren arrastoak zeudela. Horrek pentsarazi zien birusaren konposatuek hesteetan iraun zutela. Gainera, ikusi zuten konposatu horiek triptofano aminoazidoa behar bezala xurgatzea eragozten zuela, eta horrek serotoninaren jaitsiera eragiten zuela. Neurotransmisore hori funtsezkoa da garunaren eta gorputzaren funtzionamendurako. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Nekane Balluerkak eta Jaume Arnauk Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak liburua argitaratu zuten 2001ean. Bertan, psikologia zientifikoaren historia lantzen da, eta bilakaera horretan sortu diren paradigma ezberdinak aurkezten dira. Izan ere, psikologia benetako zientzia ote den eztabaidak bizirik jarraitzen du gaur egun ere, eta eztabaida horri buruzko hausnarketa aurki daiteke liburu honetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean egindako atalean.

Astronomia

Milaka satelite daude espazioan, eta aditu batzuek elementu horien baimenak zorrotzago erregulatzeko beharraz ohartarazi dute. Izan ere, orbita baxuko sateliteen sekulako igoera aurreikusten da datozen urteetarako. Cinnamon 937 konstelazioak, adibidez, 337.000 satelite jarri nahi ditu orbitan. Hainbeste satelite egoteak hainbat arazo eragin ditzakeela ohartarazi dute adituek; besteak beste, gehiegizko hondakinak sortzea, orbitan talkak gertatzeko arriskua handitzea, edota ikerketa astronomikoak oztopatzea. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Jupiterreko atmosferaren jet edo zurrusta-korronte berri bat topatu dute EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek. James Webb espazio-teleskopioak egindako behaketetatik lortu dute informazioa, eta planeta horretako sistema meteorologikoen hiru dimentsioko ikuspegia lortu dute. Irudi horiei esker ikusi dute Jupiterreko goiko hodeietan haizea 500 km/h-ko abiadurara iristen dela, eta, behekoetan, horren erdira. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Dorothy M. Horstmann epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzaile estatubatuarra izan zen, eta Yaleko Medikuntza Eskolako lehenengo emakumezko katedraduna izatera iritsi zen. Zientzialari honek milioika haurren heriotza ekidin zuen bere ibilbide profesionalean egindako aurkikuntzengatik. Horstmann frogatu zuen poliobirusa odolaren bidez hedatzen zela gorputzean, eta ez soilik nerbio sisteman, garai hartan pentsatzen zen moduan. Poliobirusak poliomelitis gaixotasuna sortzen du, eta Horstmannen aurkikuntzei esker, haren kontrako txertoa garatzea lortu zen. Kalkulatzen da 1988az geroztik txerto horrek 1,5 milioi haurren heriotza ekidin dituela, bai eta 18 milioi paralisi ere. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.