Ezagutza eta bertsoa batuko ditu berriz ere Bertsozientziak Euskararen Astean

Ekitaldiak

Itsasontzien aurkako orken erasoak, 2002an pandemia baten arriskuaz hitz egin zuen zientzialaria edo hizkuntzen edota emozioen arteko lotura bertsoetarako gai izango dira Euskararen Astearen harira antolatu den Bertsozientzia saioan.

Jakinduriek mundua erreko dau” izenburupean zientzia eta bertsolaritza batuko dituen saioak Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza izan du eta aurten, berriz ere, hiru zientzialarik jorratutako gaiak oinarritu hartuta bertsolari bik abestuko dute.

Gaiei dagokionez, Irati Diez Virto biologoa eta Zientzia Kaierako kolaboratzaileak azkenaldian gertatu diren itsasontzien aurkako orken erasoen inguruan hitz egingo du “Adimen artifiziala, bai zera… orken iraultza dator!” hitzaldian. Mikel Santesteban Insausti hizkuntzalari eta UPV/EHUko Ikertzaile Doktore Iraunkorrak, berriz, “Berdin emozionatzen gaituzte gure hizkuntza guztiek?” hitzaldian hizkuntzen eta emozioen loturan sakonduko du. Azkenik, Josu Lopez Gazpio Kimika doktore, irakasle eta zientzia-dibulgatzaileak “Iragana aztertu, geroa ulertzeko” hitzaldian Johan Hultin patologoaren ikerketaz hitz egingo du. Urte luzez 1918ko gripea aztertu ondoren, 2002an gizateriak pandemia bat jasango zuela esan zuen ikertzailea, hain zuzen ere.

Hiru gai horiei Miren Amurizak eta Andoni Egañak jarriko dizkiete bertsoak Kike Amonarrizek saioa gidatu eta, lehiaketa baten bitartez, bertaratutakoen jakinduria neurtzen duen bitartean.

Bertsozientziaren edizio berria abenduaren batean, 18:30ean, egingo da UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Hizlariak

Irati Diez Virto: Biologian graduatua da eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen biodibertsitatean espezializatzeko. Arlo horretan murgildu da, besteak beste, AZTIn, Doñanako Estazio Biologikoan eta Plentziako Itsas Estazioan lan eginez. Horrez gain, zientzia dibulgazioan dihardu UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Zientzia Kaiera blogean artikuluak idatziz.

Mikel Santesteban Insausti: Euskal Filologian lizentziatua eta “Zientzia Kognitiboa eta Hizkuntza” programan doktoratua, Universitat de Barcelonan. Bere doktorego-tesian elebidunek euren bi hizkuntzen aktibazioa eta hizkuntza aukeraketaren prozesua ikertu zituen. Egun, UPV/EHUko Ikertzaile Doktore Iraunkorra da, Gogo Elebiduna Ikertaldeko kidea eta Hizkuntzalaritza Teorikoa eta Esperimentala Masterraren arduraduna.

Josu Lopez Gazpio: Kimikan lizentziatua eta doktorea, gaur egun irakaslea eta zientzia-dibulgatzailea da. Besteak beste, Udako Euskal Unibertsitateko irakasleen prestakuntzarako masterreko irakaslea da eta master bereko Natur Zientziak eta Matematika espezialitatea koordinatzen du.

Ezagutza eta bertsoa batuko ditu berriz ere Bertsozientziak Euskararen Astean

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Bizkaia Aretoa UPV/EHU
Helbidea
Abandoibarra Etorbidea, 3, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.