Antza, saihets-hezurra Evarena zen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Artikulu honetan azalduko dena ez da gai berria. Izatez, aurreko mendeko 40ko hamarkadan argitaratu ziren lehen aurkikuntzak; ordea, zientzia-aldizkari espezializatuetan soilik. Garai hartan jakin izan zen ugaztunen enbrioia (eta, beraz, gizakiena ere bai) “emea” dela haurdunaldiaren hasieran, eta geroago bihurtzen dela ar, ‘hala’ bihurtzekotan. Noski, baieztapen hori sineskeria erlijioso eta kultural askoren kontrakoa zen, eta baita orduko hainbat teoria zientifikoren aurkakoa ere.

Mary Jane Sherfey psikiatra estatubatuarra arduratu zen, 1972an, jakintza hori publiko orokorrari helarazteaz, The nature and evolution of female sexuality liburuarekin (“Sexualitate emearen izaera eta eboluzioa”, euskaraz). Bertan, Sherfeyk berrikusi egin zituen aurreko urteetan gai horren inguruan argitaratu ziren zientzia-artikuluak, ohartu baitzen artikulu horietan azaltzen zenak garrantzi sozial handia izan zezakeela. Biblian eta Koranean, Jainkoak Adan sortu zuen lehenengo, eta hark konpainia behar zuelakoan, Eva jaio zen Adanen saihets batetik. Gutako askori jada zaila egingo zaigu halako kontakizunak egiazkotzat jotzea, baina uste baino eragin handiagoa izan dute gizartean, eta baita sexualitatearen inguruko zientziaren garapenean ere.

berezko joera
Irudia: gizakion berezko joera, eta, oro har, ugaztun guztiena, umetokian sortu ondoren eme bilakatzea da. (Argazkia: ComuniCosmos – CC BY-NC-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: flickr.com)

Urte askoan, giza sexualitatea ulertzeko, Sigmund Freud mediku eta psikoanalistak proposatutako ideiak izan ziren oinarria. Freudek gaurko gairako interesgarria zaigun premisa bat plazaratu zuen 1905ean argitaratutako saiakera batean: klitoria zakil errudimentario bat dela, aztarna-organo bat, ia. Zakil izan nahi baina bidean gelditzen dena, eta, esplizituki, ar izan nahi eta soilik eme izatera iristen dena. Lehenengo Adan, eta gero Eva.

Ordea, zientziak laster sakondu zuen giza sexualitatean eta baita animalien sexu-desberdintzapenean ere. Eta berehala baztertu ziren Freudek proposatutako hainbat ideia. Are gehiago, aurkikuntzek errealitate guztiz bestelako bat erakutsi zuten: hain zuzen ere, gizakion berezko joera, eta, oro har, ugaztun guztiena, umetokian sortu ondoren eme bilakatzea dela.

Haurdunaldian, ugaztun oro hasiera-puntu berdinean hasten da garatzen ernalketa ostean, ar edo eme izan; hau da, genetikoki XX edo XY izan. Garapen goiztiarrean, fetuaren gonadak (geroago obulutegi edo barrabil izango direnak) desberdindu gabe eusten diote, eta itxuraz, emeak dira. Eta “eme” izaten jarraituko dute haurdunaldiaren lehenengo asteetan, 6 edo 7, gizakion kasuan. Fetua genetikoki arra bada, Y kromosomak barrabilen garapena induzituko du. Gero, barrabilek androgenoak sortuko dituzte (sexu-hormona arrak) eta androgenoek sexu-organo emeak garatzea galaraziko dute. Azkenik, sexu-organo arren garapena sustatuko da. Beraz, laburbiltzeko, aurkikuntza horien ondorio garrantzitsuena zera da: ugaztunen haurdunaldiak feminizatzeko berezko joera duela, maskulinizazioa eragingo duen faktore aktibo baten ezean. Erlijioak eta Freudek ziotenaren kontrakoa, alegia.

Ikertzaileak konturatu ziren prozesu horrek sekulako ondorioak zituela gizakiaren (eta ugaztun ororen) sexu-desberdintzapenean. Izan ere, haurdunaldian, sexu-desberdintzapena gertatu aurretik, fetu bati gonadak kenduko balitzaizkio, fetu horrek bere garapena jarraituko luke, printzipioz arazo handirik gabe, eta obulutegirik gabeko eme bat bilakatuko litzateke. Prozesu hori berdin-berdin gertatuko da fetua genetikoki arra edo emea izan.

Teoria onartuenaren arabera, feminizatzeko berezko joera horrek badu logika ebolutiboa, eta bibiparo izatearekin du erlazioa; hau da, enbrioia emearen barnean garatzearekin. Haurdunaldian zehar, fetua amaren estrogenoen (sexu-hormona femeninoen) eraginpean dago denbora luzez. Beraz, prozesua kontrakoa balitz, hau da, fetuaren berezko joera ar bihurtzea balitz, eta sexu-desberdintzapena eragin beharko luketen hormonak estrogenoak balira, fetu guztiak eme izango lirateke azkenean. Beren amak odolean dituen sexu-hormona femeninoengatik, hain zuen. Ordea, fetuaren berezko joera eme bihurtzea izanik, estrogenoek ez diote eragiten, eta nahikoa da garapenaren puntu batean androgenoak sortzea fetua ar bilakatzeko.

Mary Jane Sherfey berak behin esan zuen eboluzioaren prozesu hori “Amalurren magia hutsa” zela. Alabaina, oso penatzen zuen gizarteak ez eboluzionatzeak naturak bezala, eta jakintza zientifikoak bezala, bereziki, emakumeen sexualitatearen alorrean. Sherfeyk lan ederra egin zuen ugaztunen sexu-desberdintzapenaren inguruko aurkikuntzak gizarteratzen, eta ondorio oso onuragarriak ekarri zituen. Bere lanak garaiko hainbat sineskeria okerri aurre egiteko balio izan zuen. Horretarako baita zientzia, gizarteak aurrera egiteko, eta ahal bada, bide onean.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Sherfey; Mary Jane (1974). Some biology of sexuality. Journal of Sex & Marital Therapy, 1, 2, 97-109. DOI: 10.1080/00926237408405278
  • Sherfey; Mary Jane (1972). The nature and evolution of female sexuality. Crown Publishing Group/Random House.
  • Wizemann, Theresa M. & Pardue, Mary-Lou (2001). Sex Begins in the Womb. In Exploring the biological contributions to human health does sex matter? essay, National Academy Press. DOI: 10.17226/10028

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.