Haur baten ideia burugabea dirudi, baina benetako esperimentua da; benetan bitxia. Eta esperimentuarekin lortutako emaitzak are bitxiagoak izan ziren. Oztopo-zirkuitu bat diseinatu zuten onddo lirdingatsu batentzat, eta zirkuitu horretan nola mugitzen zen ikusi zuten. Emaitzak ikusita, ikertzaileek ondorioztatu zuten onddo horrek ikasi egiten zuela, burmuinik izan gabe.
Ikasteko gaitasuna inteligentziarekin lotzen da, eta ondorioz, nerbio-sistemaren garapenarekin eta burmuinaren konplexutasunarekin. Baina zerbait “ikastea” prozesu askoz ere sinpleagoa izan daiteke, eta hala frogatu zuen Physarum polycephalum onddo lirdingatsuak. Onddo hori bizidun zelulabakarra da, baina hainbat zentimetro karratuko azalera estali dezake pseudopodo izeneko egitura batzuen bidez. Pseudopodo horiekin mugitu egiten da onddoa, lau zentimetro orduko abiadura maximoan. Egitura horiek ematen die, hain zuzen ere, lirdingatsuaren izana eta izena.
Onddo txundigarria
Aipatutako esperimentuaren aurretik ere zientzialariak erabat txundituta zeuzkan onddo horrek. P. polycephalum-ek, bere pseudopodoak mugiaraziz, bidea topatu dezake labirinto batean zehar, nutrizio-erronka konplexuak konpondu ditzake, eta hainbat gertaera aurreikusteko gai ere bada. Antza, ez da beharrezkoa burmuinik izatea gaitasun horiek izateko. Baina onddo lirdingatsu horri ikusi zaion azken trebetasuna zera da: bi onddoren artean informazioa transmititzeko gaitasuna izan dezaketela. Pseudopodoak bi ordu inguruz fusionatzen badituzte, batek ikasitakoa besteari erakusteko gai direla uste da.
Esperimentuak, esan bezala, haurrentzako joko bat eman dezake, baina emaitzak ikusita, merezi du seriotasun pixka bat. P. polycephalum espezieko hainbat onddo esperimentazio eremu batean sartu zituzten, non zubi bat zegoen eta, zubiaren beste aldean, janaria. Hasiera batean, denek gurutzatzen zuten zubia jatera joateko. Baina gero, onddo horietako batzuei gatza bota zieten zubiaren gainean. Gatza uxagarria da onddo lirdingatsu horrentzat, baina izatez, ez dio kalterik egiten. Hala, hasieran ukatzen bazuten ere, denborarekin onddoak zubia gurutzatzen hasi ziren, gatzari jaramonik egin gabe.
Fusionatu eta ikasi
Honaino aurkikuntzaren lehen atala, txundigarria bada ere, ez baita guztia. Esperimentuaren bigarren fasean, zubi gatzatua gurutzatu beharra izan zuten onddoei “esperientziarik gabeko” onddoekin erlazionatzen utzi zieten pseudopodoen bitartez. Eta batzuk fusionatu egin ziren. Gatzarekin ohitutako onddo batzuk ohitu gabeko beste batzuekin fusionatu ziren, baina talde berekoak zirenak ere fusionatu ziren beren artean. Gero, zubiaren proba jarri zieten berriro. Onddo ezberdinen jarrerak behatuta, ikertzaileek zera ikusi zuten: aurrez gatzarekin ohitutako indibiduo batekin fusionatu ziren esperientziarik gabeko onddoek denbora gutxiago behar zutela zubi gatzatua gurutzatzeko, esperientziarik gabeko bi onddoen fusiotik eratorritako onddoek baino.
Oraindik ez dakite zein den informazio-truke horren azalpen biologiko zehatza, baina zalantza hori alde batera utzita, Physarum polycephalum onddoak hainbat ideia berritzaile iradoki ditu: lehenik eta behin, onddoek ikasteko gaitasuna izan dezaketela; bestetik, ikasketa-mekanismoak nerbio-sistemen sorrera baino lehenagokoak izan daitezkeela; eta azkenik, burmuinik gabe ere ikasteko gaitasuna izan daitekeela.
Erreferentzia bibliografikoak:
Sun, Yahui. (2017). Physarum-inspired Network Optimization: A Review.
Vogel, D. & Dussutour A. (2016) Direct transfer of learned behaviour via cell fusion in non-neural organisms. Proceedings of the Royal Society B, 283. DOI: 10.1098/rspb.2016.2382
Egileaz:
Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.