Australiako ikertzaile batzuek antzinako perla natural bat aurkitu dute Kimberley erregioaren kostaldean dagoen aztarnategi batean. Aparteko aurkikuntza izaki, teknika berritzaileak baliatu behar izan dituzte pieza hondatu gabe eta laginik atera gabe datazioa egin ahal izateko.
2011n, arkeologo batzuk indusketak egiten ari ziren Australiako Kimberley erregioan, herrialdearen ipar-mendebaldean. Zehazki, Brremangurey izeneko itsasertzeko harpe bat ari ziren ikertzen, besteak beste duela 12.000 urte baino gehiago indigenek utzitako aztarna piktoriko ugari baitaude bertan. Baina Wollongong eta Ingalaterra Berriko unibertsitateetako ikertzaileok ezohiko altxor batekin egin zuten topo aztarnategian: perla bat. Datazio proba ugariren ondoren, perla naturala dela eta bi mila urte inguru dituela egiaztatu dute. Australian Archaeology aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.
Perlen hazkuntza eta industria da Kimberleyko jarduera ekonomiko garrantzitsuetako bat. Horregatik, eta aurkitutako harribitxia perfektuegia zelako (normalean perla naturalak ez dira aztarnategian topatutakoa bezain borobilak), kasualitate hutsa zela pentsatzeko arrazoiak bazituzten hasieran: nolabait perla haztegietatik aztarnategira zoriz iritsitako pieza bat izan zitekeen. Askotariko datazio teknikak erabilita, ordea, frogatu dute ez dela gizakiak egina, naturak baizik.
Hain zuzen, aurkikuntza bera baino gehiago, dataziorako baliatutako teknikak azpimarratu dituzte argitaratutako artikuluan. Izan ere, Katherine Szabo testuaren egile nagusiak eta Wollongongo Unibertsitateko irakasleak azaldu bezala, analisi ez-inbasibo sorta bat garatu behar izan dute azterketak egiteko. “Australian inoiz ez da perlarik aurkitu antzinako aztarnategi batean. Aurkikuntza hain apartekoa izanik, analisiek ezin zuten perlaren zati bakar bat ere hondatu, eta laginik ere ezin zen hartu. Beraz, Wollongongo Unibertsitateko ikertzaileok perla suntsituko ez zuten analisi batzuk garatu genituen informazio gehiago biltzeko”, esan du.
Perla 70 zentimetro zegoen lurrazalean behera hondoratuta. Lehenik eta behin, hura inguratzen zuen oskol materialez osatutako geruzari egin zitzaion datazioa, karbono-14aren probaren bitartez. Geruzak bi mila urte inguru zituela berretsi zuten emaitzek, baina oraindik ere, ez zegoen zientifikoki egiaztatuta perla geruzaren garaikidea zenik. Izan zitekeen istripuz geruza horretara iritsitako perla industrial bat; inguruko haztegiren batetik zetorren eta nolabait, lurra iragazita, Brremangureyn agertu zen pieza bat.
Hori horrela, mikro konputatutako tomografia (eskaner mota bat) egin zitzaion aztergai zen perla naturalari eta haztegi batetik ekarritako zenbait perla industriali, bataren eta besteen barne egitura aztertu eta alderatzeko. X izpiak baliatzen dituen teknologia honek aukera ematen du, besteak beste, dentsitateari dagokionez egon daitezkeen desberdintasunak antzemateko.
Hala, ikertzaileok desberdintasun nabarmenak ikusi zituzten perla naturalaren eta haztegikoen artean. Izan ere, haztegiko perlek araogonitozko masa homogeneo eta solidoa zuten nukleoan. Perla naturalaren nukleoan, berriz, hutsune bat zegoen erdigunean, kaltzio karbonatozko erradio modukoez inguratuta. Morfologia horrek bat egiten du perla natural batek izan beharko lukeenarekin, moluskuaren barruan hazi bitartean jasan ohi dituzten kalteen ondorio baita. “Analisiek baieztatzen dute ostra txiki baten barruan hamar urte baino luzeago hazitako perla naturala dela honakoa”, gaineratu du Brent Koppel beste ikertzaileetako batek.
Kimberleyko antzinako indigenentzat perlek esanahi kulturalik ba ote zuten, horren inguruan ez dago daturik, baina bai perla-ostren oskolei dagokienez. Izan ere, historian luze dokumentatuta dagoenez, oskolei lotutako merkataritza oso hedatuta zegoen Kimberley eta Australiako basamortu zentralaren arteko eremuan. Brremangureyko geruza geologiko zenbaitetan perla oskol material ugari aurkitu dute ikertzaileek, inguru horretan oskolek duten balio kulturala oso antzinakoa dela iradokiz.
Erreferentzia bibliografikoa
Szabo, K. B. Koppel, M.W. Moore, I. Young, M. Tighe and M.J. Morwood. The Brremangurey pearl: A 2000 year old archaeological find from the coastal Kimberley, Western Australia. Australian Archaeology, June 2015, volume 80:112–115.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] que se le daba a los moluscos y, además, nos cuenta la periodista Amaia Portugal que han dado con un verdadero tesoro, una perla natural de 2.000 años de antigüedad que está […]