Kondairetako fosilak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Askotan aipatu dut Mitologiaren eta Geologiaren arteko harreman estua. Izan ere, gizakiok askotan fantasia eta errealitatea nahasten dituzten kondaira edo asmatutako istorioetara jotzen dugu gure inguruko prozesu naturalei azalpen koherente bat, edo, behintzat, ulergarria emateko.

Munduko sinesmen guztietan jainkoak/jainkosak eta erdijainkoak/erdijainkosak daude gertaera geologiko suntsitzaileen atzean (sumendiak, lurrikarak edo tsunamiak, besteak beste), batez ere haserretzen direnean; sekulako mendiak altxatzen dituzte gizakien herritik urrun etxea eraikitzeko; edo ozeanoaren hondotik uharteak altxatzen dituzte euren berebiziko boterea erabilita, bai eta uharte horiek urperatu ere, berriro haserretzen badira.

Hala ere, adibide gehienak desagertutako ornodun handien fosiletan aurki ditzakegu; izan ere, piztia mitologiko ikusgarriak sortzeko erabili izan dira, epopeia klasikoetako etsaiak, eta gure ametsak elikatzen dituzte oraindik ere (zinemako hamaika gidoi elikatzeaz gain). Testuinguru horretan, dinosauroen, beste narrasti hegalarien, itsas narrasti mesozoikoen edo makrougaztun zenozoikoen arrastoak mota askotako erraldoi, dragoi edo kimera bihurtu ziren. Baina ziur nago orain arte ez dizuedala ezer berririk kontatu. Hortaz, aho zabalik utzi nahi zaituztedanez eta, batez ere, geologiaren kuriositateen berri ematea gustuko dudanez, jarraian itsas ornogabeen fosilen agerpenetatik sortutako zenbait istorio azalduko dizkizuet.

kondairetako
1. irudia: A) Santa Hilda Whitbykoaren irudia duen beiratea; ezkutuan hiru fosil amonite ditu. (Argazkia: Dixe Wills – Copyright lizentziapean. Iturria: The Guardian). B) Benetako amonite fosila; atzeko zatia manipulatuta dago harrian suge baten burua zizelkatu zutelako. (Iturria: Whitby Museum – copyright lizentziapean)

Hasteko, benetako pertsona bat eta bizitzan zehar gertatu ez den gertakari fantastiko baten existentzia nahasten duten mitoetako bat kontatuko dizuet. Kondairaren arabera, VII. mendean, Ingalaterrako ipar-ekialdeko Whitby herrian sugeen inbasio bat gertatu zen. Herritarrak ofidioen erasoaren beldur zirenez, gertuen zegoen abadiara joan ziren bertan zegoen Hilda izeneko emakume ausart eta azkar bati laguntza eskatzera. Abadesak, botere jainkotiarraz blai eginda, sugeei aurre egin zien eta animaliak bildu eta harri bihurtzea lortu zuen. Aurrerago, abadesa kanonizatu egin zuten. Istorio polit horren bidez, herritarrek herriaren inguruan zeuden fosil amoniten presentzia azaldu nahi zuten.

Amoniteak dagoeneko desagertu diren zefalopodoen talde bat dira, eta Devoniarraren eta Kretazeoaren artean dauden ur epeletan bizi ziren, sakonera txikiko eremuetan. Zefalopodo talde horren ezaugarri nagusia maskor biribildua zen, askotan lerroekin apainduta. Ahuntzen adarra ekar dezake gogora, eta ezaugarri horretatik datorkie izena; izan ere, Amon jainko egiptoarretik dator, ahariaren buruarekin identifikatzen baitzen. Hala ere, ingelesei morfologia hori biribildutako suge baten antzekoagoa iruditzen zitzaien, baina gauza garrantzitsu bat falta zitzaien: burua. Hortaz, Hildaren eta ofidioen arteko gudu epikoa indartzeko, bertako herritarrek, elizgizonek barne, ahalik eta amonite gehien bildu zituzten eta fosiletan sugeen burua lantzen zuten.

kondairetako
2. irudia: Gryphaea arcuata fosila Ingalaterrako jurasikoko ostreido mota bat da, “deabruaren apoa” izenez ezaguna dena. (Argazkia: James St. JohnCC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ongia eta gaizkiaren arteko borroka eta akerra aipatu ditudanez, deabrua edo demonio guztien burua aipatzeko unea iritsi da. Kuskubiko espezie fosil asko daude, batez ere ostreidoen edo ostren taldearen barruan. Hauek organismoa dagoen tokia osatzen duen kusku handiago bat dute, eta estalki gisa beste kusku txikiago bat. Kusku handienak forma luzanga eta kurbatua izaten du, eta maskorra zeharkatzen duten protuberantzia oso markatuek apaintzen dute. Protuberantzia horiek animaliaren hazkuntza erakusten duten ildoak besterik ez dira. Fosil horien morfologia oso berezia da, eta animalia baten petrifikatutako apatx baten antza dute. Erdi Aroan deabrua edonon zegoenez, azkar asko deabruaren galdutako apatxak zirela esaten hasi ziren.

kondairetako
3. irudia: Micraster generoko fosil bat, Kantabrian topatutako Kretazeoko ekinodemartu bat. Bertan, bost puntako izarraren forma duen aparatu anbulakrala ikus daiteke. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hala ere, fosil guztiek ez zituzten gauza txarrak irudikatzen, eta batzuk kutun babesle gisa erabiltzen ziren. Kantabriako ekialdean, Euskadi osoan eta Nafarroako iparraldean oso ohikoa da Kretazeoko itsaso subtropikal zaharrak ordezkatzen dituzten eta Micraster generoko fosil ekinodermatu ugari dituzten arroka sedimentarioak agertzea. Dagoeneko desagertu diren itsas trikuek bihotz formako oskola zuten (emotikono erromantikoetan agertzen den bihotzarena, ez zirkulazio aparatuaren organoarena), eta bertan oso argi ikus daiteke aparatu anbulakral bat (animalien oinak daude bertan, sinplifikazio biologikoa alde batera utzita), bost puntako izar bat irudikatzen duena. Lehen fosil hauek “tximista edo inar harriak” zirela uste zen; hots, jainko-jainkosak haserretu eta Lurraren kontra ekaitz elektrikoak bidaltzen zituztenean zerutik erortzen ziren harriak. Kondairaren arabera, zeruko harri horietakoren bat aurkitu eta zurekin eraman edo etxeko atean jartzen bazenuen, tximisten aurkako babesa bermatuta zegoen izarraren markari esker, eta, aldi berean, tximista leku berean bitan erortzen ez den sinesmen okerrari esker.

Eta horiek dira ornogabeen fosilei lotutako mitoetako batzuk. Egia da ez dituztela desagertu diren ornodun handiek bezainbeste istorio ikusgarri elikatu, baina gure kultuaren ondarearen parte dira, eta herrien folklorearen oinarria dira. Halaber, azken kondaira Euskadiko eta Nafarroako herri askotan bizirik dirau, eta, nire ustez, zaindu beharreko ondarea da. Sinesmen zaharrekin konektatzen gaituzten istorio mitikoak baliatzea baliabide bikaina izan daiteke azalpen zientifikoak zabaltzeko. Kasu honetan azalpena geologikoa da, eta, zorionez, orain horren berri dugu.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 23an: Fósiles de leyenda.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.