Beatrix Potter, onddo eta likenen aztertzaile harrigarri eta eztabaidagarria (I)

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Batez ere haurrentzako ipuin ilustratuen liburuengatik ezaguna den arren, Beatrix Potter naturaren miresle eta artista botaniko bikaina ere izan zen. Ingalaterran jaioa, ehunka xafla xehatu eta zehatz margotu zituen, eta horiekin onddo eta likenen edertasun ezkutua agerian jartzea lortu zuen. Linda Learren arabera (bere biografoetako bat), «Potterrek ez zituen inoiz ikusi artea eta zientzia elkar baztertzailetzat; ikusten zuena erregistratu zuen erantzun estetiko bat gogora ekartzeko».

Beatrix Potter erdi-goi mailako familia batekoa zen, eta hezkuntza arduratsua jaso zuen etxean, etxe andereñoen eskutik, anaiarekin batera, beste haurrengandik apur bat urrun. Aitak eta amak talentu artistikoa zuten eta biek gozatzen zuten landako bizitzaz. Familiak batez ere Ingalaterrako ipar mendebaldean zegoen Lake District izeneko eskualde batean pasatzen zituen oporrak, gaur egun Parke Nazionala dena. Bertan, mendi paisaia ederrak daude, non Beatrixek paisaiarekiko, florarekiko eta faunarekiko maitasun handia garatu zuen, arreta handiz behatu eta margotzen baitzituen.

Potter
1. irudia: Beatrix Potter britainiar idazlea, ilustratzailea eta naturalista izan zen.(Argazkia: Charles G.Y. King – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

15 urte zituenean, Potterrek bere sormen bikainaren bilakaera ulertzeko funtsezkotzat jotzen den eguneroko bat hasi zuen. Leslie Linder idazleak (2012) adierazi du berari «literatur esperimentu gisa» balio izan ziola, idatziek Potterren interes artistiko eta intelektualen heldutasunaren bilakaera, bisitatzen zituen tokiei buruzko ikuspegi harrigarria eta natura behatu eta deskribatzeko ezohiko gaitasuna islatzen dutelako. Egunerokoa 1881ean hasi eta 1897an amaitu zen. Azken urte horretatik aurrera, Potterren energia artistiko eta intelektualak bere ikerketa zientifikoek xurgatu zituzten, eta ahalegin handiak egin zituen bere marrazkiak argitaratzeko.

Beatrix Potterren garapen pertsonalean, landa bizitzak eta naturarekiko zuen interesak eragin nabarmena izan zuten. Hasiera batean, Linda Learrek azaldu duenez, jakin-min handia piztu zitzaion zientziaren adar guztietan, baina denborarekin mikologian jarri zuen interesa, onddoak aztertzen zituen diziplinan, hain zuzen ere. Txikitatik, atsegin handia aurkitu zuen organismo horiek margotzen, eta trebetasun eta edertasun harrigarriz margotzen zituen, Charles McIntoshek (1830-1922) akuilatuta, Eskoziako landa postari bat, familiaren laguna eta bertako flora eta faunaren behatzaile arduratsua. Naturalista autodidakta hori oso ezaguna zen «posta banatzeko ibilbideak aire zabaleko laborategi handi gisa erabiltzeagatik», eta Marta McDowell idazleak kontatu duenez, Beatrix gaztearengan zaletasun ilusionagarria piztu zuen.

Charles McIntoshek, Potterri ale asko emateaz gain, sailkapen zientifikoan eta mikroskopiaren hasierako urratsetan trebatu zuen, egitura txikiak behatzeko hain baliagarriak diren xehetasun txikiei arreta jartzeko beharra azpimarratuz. Byron Breedlove idazleak nabarmendu duenez, erakarrita sentitu zen «onddoen forma eta koloreen aniztasunagatik, akuarelaren teknikarako [berak erabiltzen zuena] adierazten zuten erronkaz gain».

Beatrix Potterrek onddoekiko zuen interesa gero eta zorrotzagoa bihurtu zen. Bere lehen lan ezaguna 1887ko udan egindako pintura bat izan zen, hogei urte besterik ez zituenean. The British Mycological Society webgunean azpimarratzen da ondoren 350 xafla zehatz ekoitzi zituela, batez ere onddo eta likenenak.

McIntoshen aholkuei jarraituz, bere ilustrazioetan mikroskopioan behatutako zeharkako sekzio zehatzak sartzen hasi zen, espora fungiko ñimiñoen marrazki xeheekin batera. Gogora dezagun esporak zelulabakarreko egitura mikroskopiko garrantzitsuak direla onddoak, iratzeak, goroldioak, gibel belarrak eta alga berdeak ugaltzeko. Ordu luzez behatu ondoren, gazteak marrazki delikatuak egin zituen eta hainbat esplorazio egin zituen espora fungikoen ernetzeari buruz eta prozesu horretan giroak duen eraginari buruz (The British Mycological Society).

Beatrix Potter ezagutzera eman zen mikologo trebe eta gartsu gisa. 1896 inguruan hainbat onddo mota arrakastaz landatzea lortu zuen beirazko plaketan, eta mikroskopioan miaketa zehatzak egiten zituen. Linnean Societyren webguneak dio «behaketa arretatsuan eta trebetasun artistiko handian oinarrituta zegoela. Zalantzarik gabe, ilustratzaile bikaina zen, arretaz behatu eta ikusten zuena fideltasunez erregistratzen baitzuen».

Potter
2. irudia: Beatrix Potter ezagutzera eman zen mikologo trebe eta gartsu gisa (Argazkia: Charles G.Y. King – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Beatrix Potterren interes zientifikoa bere osaba Sir Henry Roscoe (1833-1915) kimikari ingeles bikainak bultzatu zuen, neskaren talentu artistikoa aitortu eta onddoekiko zaletasuna baloratu zuena. Bere mentore nagusia bihurtu zen, eta hainbat bide erabiliz saiatu zen Kew-eko Lorategi Botanikoan ikasle gisa onartua izan zedin, baina ez zuen lortu. Antza denez, William Thistleton-Dyer (1843-1928) lorategiko zuzendariak ez zion jaramon handirik egin eta ez zuen onartu, ziur asko emakumea izateagatiko arrazoi bakarragatik.

Hala ere, The British Mycological Society webguneak deskribatzen duenez, arbuio horrek ez zuen Potterren interesa gutxitu eta gutxienez hamarkada batez mikroskopioan espora fungikoak aztertu zituen arretaz, ernetzea eta ezaugarriak sakon aztertuz. Gaiari buruz behar bezain seguru sentitu zenean, artikulu bat idatzi zuen izenburu honekin: «On the germination of the spores of Agaricineae», eta 1897an Londresko Linnean Society elkartean aurkeztu zuen, argitara zezaten (Agaricineae terminoak onddo talde zabal bati egiten dio erreferentzia). Zoritxarrez, eskuizkribua ez zen onartua izan; misoginiaren beste seinale bat?

Lan zientifiko baten arbuio gatazkatsua

Hainbat egileren arabera, Beatrix Potterrek denbora luzea eman zuen On the germination… artikulua prestatzen, eta «1897ko apirilaren 1ean irakurri eta eztabaidatu zen» Linnean Society-n. Ez zuen berak egin ohiko irakurketa lana hura epaitu behar zutenen aurrean. Bertsio batzuen arabera, hala izan zen araua zelako; izan ere, ohiko jardunbidearen arabera, egilea ez beste norbaitek irakurtzen zituen artikuluak, normalean idazkariek (Linnean Society of London).

Beste iritzi batzuen arabera, esaterako, Linda Learrek dioenez, ez zioten bere artikulua aurkezten utzi emakumea zelako. Izan ere, hainbat ikertzailek azaldu dutenez, garai hartan ez zen onartzen emakumeak ekitaldi zientifikoetara joatea eta are gutxiago artikuluak argitaratzea; emakumeen jarduera gisa, botanikako gaiak soilik ilustratzea onartzen zen.

Irakurri ondoren, atzera bota zen jatorrizko dokumentua; izan ere, ondorioztatu zen, inprimatu baino lehen, lan gehigarriren bat behar zela. Horri buruz, Potterrek bere lagun McIntoshi idatzi zion, hau esanez: «artikulua Linnean Society elkartean irakurri zen jaso bezain laster […], baina inprimatu aurretik lan gehiago behar zuela esan zuten». Apirilaren 8an, ustez zuzenketak egiteko asmoz, egileak bere eskuizkribua erretiratu zuen, eta Linnean Societyren arabera, hori da gertatu ohi dena, lanak ez baitira automatikoki argitaratzen, gehienak berrikusi egin behar direlako.

Beatrix Potterrek ez zuen bere artikulua berriro aurkeztu, argitaratzeko beharrezko zuzenketekin. Ondorengo garaietan, horrek eztabaida ugari sortu ditu, gertakariak hainbat interpretazio izan baititu. Gaur egun, ikerlari horren bizitzak eta lanak garrantzia hartu du botanikaren historian, eta haren gutunak, artikuluak eta portaera zehaztasun handiz aztertu dira.

Iturriak:

Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.


Mujeres con Ciencia blogean 2024ko maiatzaren 22an argitaratu zen artikulua: Beatrix Potter (1866-1943), asombrosa y controvertida estudiosa de hongos y líquenes.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.