Beatrix Potter, onddo eta likenen aztertzaile harrigarri eta eztabaidagarria (eta II)

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Batez ere haurrentzako ipuin ilustratuen liburuengatik ezaguna den arren, Beatrix Potter naturaren miresle eta artista botaniko bikaina ere izan zen. Ingalaterran jaioa, ehunka xafla xehatu eta zehatz margotu zituen, eta horiekin onddo eta likenen edertasun ezkutua agerian jartzea lortu zuen. Linda Learren arabera (bere biografoetako bat), «Potterrek ez zituen inoiz ikusi artea eta zientzia elkar baztertzailetzat; ikusten zuena erregistratu zuen erantzun estetiko bat gogora ekartzeko».

Potterren eskuizkribua, izenburuak dioen bezala, esporen ernetzea eta ondorengo garapenari buruzkoa da, nahiz eta bera ez izan prozesu horiek aztertzen lehena. Australian National Herbariumen webgunean adierazten da ikerketa horien adierazle nagusia Heinrich Anton de Bary (1831-1888) izan zela, laborategiko teknika zainduak garatzen aitzindaria onddoen bizi zikloak aztertzeko. Bere argitalpenak 1872tik aurrera egin ziren, eta sinesgarritasun handia lortu zuten.

1. irudia: Beatrix Potter britainiar idazlea, ilustratzailea eta naturalista izan zen. (Argazkia: Charles G.Y. King – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Onddo eta likenei buruzko ikerketa eztabaidatsua

Beatrix Potterrek likenen benetako izaerari buruzko hausnarketak ere sartu zituen bere lanean; XIX. mendearen amaieran eztabaida gogorra zegoen gai horri buruz. Batzuek deskribatu dute komunitate espezializatuarentzat landare horiek «benetako buruhaustea» zirela. 1860ko hamarkadan, Simon Schwendener (1829-1919) botanikari suitzarrak iradoki zuen likenak onddo baten eta alga baten konbinazio estu eta ehundua zirela. Nahiz eta ondorengo lanek frogatu zuten Schwendenerrek arrazoi zuela, likenek onddoak eta algak baitituzte, hasiera batean ideia horiek etsaitasun handia eragin zuten bere parekoen artean, iseka bidegabeak eraginez.

Simon Schwendener garai hartako mikroskopista onenetako bat zen, eta 1867 inguruan hamarkada bat baino gehiago zeraman likenak aztertzen. Australian National Herbariumeko webguneak informatu duenez, onddo/alga loturaren xehetasun mikroskopikoak deskribatzen zituen artikulu bat argitaratu zuen 1869an, eta une hartako likenologo gehienek ideia hori baztertu zuten sutsuki. 1870eko eta 1880ko hamarkadetan, beste biologo batzuek ikerketa gehiago egin zituzten gaiari buruz, bai Frantzian, bai Alemanian, eta haien ondorioek ere botanikari suitzarrak defendatutako lotura erakusten zuten. Hala ere, ez zituzten aditu nabarmenak konbentzitu, eta hipotesi duala ukatu egin zen mende osoan zehar, baita hurrengo mendearen hasieran ere (Australian National Herbarium).

1897an Beatrix Potterrek bere lana aurkeztu zuenean, eta baztertua izan eta gutxira erretiratu zuenean, likenen izaerari buruz zuen jarrera ez zen argi geratu. Jatorrizko eskuizkribua ez zegoen eskuragarri eta, beraz, gerora bere ekarpenak aztertu ondoren zalaparta handia sortu zen.

Gogora dezagun, bestalde, Beatrix Potterrek kode konplexu batean idatzita utzi zuela ia ulertezina zen eguneroko bat. 1966an, ordea, aipatutako Leslie Linder idazleak eguneroko hori deskodetzea lortu zuen, eta The Journal of Beatrix Potter from 1881 to 1897 izeneko liburu batean argitaratu zuen. Itzultzaileak ohar bat sartu zuen orri oinean eta, bertan adierazten zuen, dirudienez, Beatrix Potterrek sinbiosian bizi ziren bi kidek osatzen zituztela zioela. Argitu beharra dago termino hori espezie ezberdinetako bi organismoren arteko iraupen luzeko edozein interakzio biologiko eta esturi dagokiola. Terminoa 1877an sartu zuen Albert Bernhard Frank (1839-1900) botanikari alemaniarrak, eta, ondoren, «elkarrekiko onuragarria den lotura batean elkarrekin bizi diren organismo» gisa onartu zen.

Beatrix Potter
2. irudia: Beatrix Potter-en egunerokoa, 1881etik 1897ra. Leslie Linder-ek transkribatuta Potter-ek idatzitako kodetik. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

British Mycological Society webgunean adierazten denez, idazle ospetsu batzuek balioa eman zioten Linderrek idatzitako oin oharrari. Beraz, Potterrek Schwendener zuzen zegoela konbentzitu zion lan bat egin zuela iradoki dute, eta «establishment zientifiko elitista kontserbadore batek baztertu zuela».

Hortik aurrera, gertakarien interpretazioa nahastu egiten da; izan ere, interpretazio batzuen arabera, Potter ez zegoen ados lotura sinbolikoaren ideiarekin. Emakume amateur gisa literatura espezializatua eskuratzeko zailtasun handiak zituela esan izan da, eta horregatik bere inguruan nagusi ziren Schwendenerren aurkako jarrerei nagusitasuna eman ziela.

Tom Wakeford biologo eta idazleak, Linnean Societyko kideak, ere parte hartu zuen eztabaida horretan. 2001ean argitaratutako Liaisons of Life (Bizitzaren loturak) liburuan esaten zuen Potter komunitate biologiko ofizialetik bota zutela Londresko institutu ospetsuenetan nagusi zen pentsamolde estuagatik. «Kideek uko egin zioten Beatrixen ebidentzia zientifikoak onartzeari, hark esaten zuen likenak, zuhaitz enborretako biztanleak, itsasoko kostaldeak, arrokak eta hormak […], harreman estuan zeuden bi organismok eginak zirela, ez batek».

Interpretazio horren arabera, «Potter historiaren alde zuzenean egongo zen», azaldu du British Mycological Society webguneak. Hala ere, oraintsuagoko urteetan komunitate espezializatuaren zati batek argudiatzen du Potterrek benetan uste zuela likenak organismo bakarrak zirela eta ez bi espezie ezberdinen elkarbizitzaren emaitza. Leslie Linder itzultzailearen oin oharra, azpimarratzen dutenez, oker zegoen.

Akats hori Beatrix Potterri buruz idatzitako hainbat biografiatan errepikatu zen. Aipatutako egileak, Linda Learrek, adibidez, ilustratzailearen likenei buruzko ikuspegiari behar baino kreditu gehiago eman ziola aitortu du. Zehaztu duenez, «Potterren sinbiosia onartzeari dagokienez, eman ditudan argudioak gehiegi neurriz kanpokoak eta okerrak dira», baieztatu du. Baina Linda Learrek gaineratu duenez, «sinesgarritasuna eman beharko litzaieke [Beatrix Potterrek] hainbat liken espezieri buruz egindako behaketa zainduei eta hausnartuei, eta arlo profesionalean [analitikoki] espekulatzeko emakume ausart gisa erakutsitako adoreari».

Suari egur gehiago gehitzeko, Miamiko Unibertsitateko biologiako irakasle, mikologian aditu eta idazle zientifiko Nicholas Moneyk honako hau argudiatzen du: «Potterrek uste zuen likenak bere klorofila propioa sor zezaketen onddoek osatzen zituztela». Zientzialariak gaineratu duenez, aipatutako William Thistleton-Dyer Keweko Lorategi Botanikoko zuzendariak «mespretxatzaile agertu zen Beatrix Potterrekin; izan ere, lan hori egiten ari zenean, frogatuta zegoen likenak onddo baten eta bazkide fotosintetiko baten arteko lotura zirela. Potter alde okerrean argudiatzen ari zen» (The British Mycological Society).

Hala ere, Nicholas Moneyk onartzen du «[Potterren] onddoen marrazkiak ederrak eta zientifikoki zorrotzak» zirela; eta aitortzen du bere akuarelen zehaztasunak aukera eman diela mikologo modernoei onddoak identifikatzeko. Azkenean, ondorioztatu du «hori dela mikologiari egin dion ekarpen garrantzitsua». Izan ere, Potterren marrazketa teknikorako trebezia miragarria benetan aitortu eta goraipatu dute gaian adituak diren guztiek.

Beatrix Potter
3. irudia: Hygrocybe coccinea onddo bateko ugalketa sistemaren ilustrazio mikologikoa. (Ilustrazioa: Beatrix Potter – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Eztabaida oraindik ez dago erabat itxita. The British Mycological Society webgunean irakur dezakegu zenbait egilek defendatzen dutela Beatrix Potter «zientzialari garrantzitsua izan zela, baina bere bidean viktoriar elitistek geldiarazi zutela». Ordea, gehiengoa dira alegatzen dutenak beren egunerokoaren irakurketa zehatzagoak iradokitzen duela baieztapen horiek gehiegizkoak direla. Hori esanda, gogoratu behar da urte haietako komunitate zientifikoaren misoginia oso nabarmena zela, eta Linnean Societyn, adibidez, 1905era arte ez zela emakumerik onartu kide gisa; eta hori eztabaida luze eta beroen ondoren besterik ez zen lortu.

Zenbait iturrik aipatzen duten beste alderdi baten arabera, Beatrix Potterren egunnerokoaren irakurketa arretatsuak iradokitzen duela bere motibazio nagusia talentua eta jakingura okupatzeko eta diru pixka bat irabazteko jarduera bat bilatzea zela. Bere helburu nagusia, orduan, independentzia ekonomiko eta pertsonala berrestea izango zen, emakumeentzako aukerak oso mugatuak ziren garai batean. Horren harira, Linda Learrek honako hau idatzi du: «Ez dut uste Beatrixek mikologo izateko anbizioa zuenik […]. Idatzi zuen ikerketa artikuluak lan gehiago behar izan zuenean, interesa galdu zuen zerbait egokiagoaren alde».

Antzeko ildo batean, Australian National Herbariumeko webguneak parte hartu du eztabaidan, honako hau argudiatuz: «gertakari horrek [artikulua baztertzeak] amaiera eman zien Potterrek onddoei buruz egindako ikerketei, etsipenaren edo haserrearen ondorioz». Gainera, orrialde horrek honela jarraitzen du: «ez dago informaziorik amateur eta emakume gisa Potterrek nagusi ziren aurreiritzi gogorrei aurre egin zienari buruz».

Hala ere, kontraesanen bat detektatzen da; izan ere, orrialde horrek berak dio monografia erretiratu ondoren, Potterrek hurrengo bi urteetan mikroskopioan 70 marrazki berri ekoizten jarraitu zuela. Charles McIntoshi bidali zion azken gutun ezagunean, 1897ko irailean, artikulua erretiratu eta bost hilabetera, Potterrek ernetzea eta garapenari buruzko emaitza berriei buruz idazten zuen. Laburbilduz, «noiz eta zergatik, azkenean, utzi zion onddoekin lan egiteari, ezezaguna da», ondorioztatzen du orrialde horrek.

Linnean Societyk baztertutako Beatrix Potterren artikuluari buruzko eztabaidaren zirrikituek hainbat arlotan eztabaidatutako gai bat argitzen dute. Australian National Herbariumen azaltzen den moduan: «bera bizi zen bitartean bere lana ez ezagutzea bezain ergela izan da orain bere lorpenei buruzko goraipamen sutsuak egitea». Egia esan, emakume zientzialarien ekarpenen benetako dimentsioaz haratago joateak pozoi kaltegarri bat izan daiteke kausa zuzen batentzat, hain zuzen ere, ahanztea ekiditea.

Amaitzeko, esan beharra dugu XIX. mendetik XX. menderako aldaketaren inguruan, Beatrix Potterrek haurrentzako liburu ilustratuak idazten eman zuela denbora. Estilo naturalista zehatzari esker eta bere kontakizunekin batera aurkeztutako marrazkien edertasuna zela eta, bere garaiko haurrentzako ipuinen idazle nagusi eta ospetsuenetako bat bihurtu zen. Fikzioaren eta mikologiari buruzko jarduera zientifiko baten arteko uztartze bitxia.

Iturriak:

Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.


Mujeres con Ciencia blogean 2024ko maiatzaren 22an argitaratu zen artikulua: Beatrix Potter (1866-1943), asombrosa y controvertida estudiosa de hongos y líquenes.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.