Geologia, diziplina olinpikoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Uda honetan, mundu osoak jarri du begirada Europako hiri batean: Parisen. Izan ere, Frantziako hiriburuak mundu mailako kirol ekitaldirik handiena hartu du: olinpiar jokoak. Ekitaldi hori lau urtean behin egiten da (pandemia tartean), eta kirol berriak deskubritzeko eta mapamundian kokatzen jakingo ez genukeen herrialdeak ezagutzeko aukera ematen digu. Baina, igerilekuko luze, gimnasiako pabiloiko jauzi nagusi hirukoitz eta saskibaloiko pabiloiko jaurtiketa libreen artean ere, zerbait ikas dezakegu geologiari buruz. Horretarako, ez dugu arreta jarriko dominak forjatzeko erabiltzen diren metaletan, baizik eta kirolaren arloko izar guztien eta Frantziaren erdiguneko egoitza olinpiko guztien azpian dagoen horretan: Parisko arroa.

Termino geologikoetan, arroa lurrean dagoen sakonune bat da eta, bertan, sedimentuak pilatzen dira. Eta horixe da, hain zuzen, Parisen eta Frantziaren erdialdeko eremu osoan gertatzen dena duela milioika urte. Baina, kontua behar bezala ulertzeko, iraganera joan behar gara.

250 milioi urte sedimentuak pilatzen

Dena hasi zen duela 250 milioi urte inguru, Periodo Permiarraren amaieran eta Periodo Triasikoaren hasieran, gure planetako azken superkontinente handia, Pangea, hausten hasi zenean. Ordutik, Lurraren azaleran kontinenteen egungo kokapena eragin duten mugimendu tektonikoak direla eta, Frantziako erdigune osoak subsidentzia prozesu ia jarraitu baten menpe egon da. Hau subsidentzia termino geologikoa da eta lurra modu jarraitu baina motelean konkatzea esan nahi du. Horren eraginez, sakonune bat sortzen da, igerileku olinpiko bikainaren lanak egingo lituzkeena. Eta, bertan, sedimentuak pilatu dira azken 250 mila urteetan, ia atsedenik gabe.

Parisko
1. irudia: Parisko arroaren mapa geologikoa eta mendebalde (W) – ekialde (E) orientazioko sakonerako materialen zeharkako sekzioaren berreraikuntza. (Iturria: Mas, P., et. al. (2022)).

Hori argi eta garbi ikus daiteke Frantziako mapa geologikoari begiratuta; batez ere, berreraikitzean arreta jartzen badugu, non materialak sakontasunean, lurraren azpian, nola banatzen diren ikus daitekeen. Xehetasun handiz nabarmentzen da herrialdearen erdigunea ertzak baino hondoratuago dagoela. Eta, hori dela eta, material geologikoak pilatu dira bertan Triasikoaren hasieratik (material horiek beheko aldean daude) gaur egun arte (material berrienak azaleran daude). Gainera, irudikapen grafiko horri esker, Parisko arroaren morfologia defini dezakegu. Morfologia hori tiro egiteko hobian xede gisa erabiltzen diren plateren antzekoa da, edo atletismo estadioko soropilezko pistan jaurtitzen dituzten diskoen antzekoa. Horregatik, eta, dakizuenez, Geologian gauzak izendatzeko gehiegi konplikatzen ez garenez, horrelako arro sedimentarioei “platertxo erako arro” deitzen zaie.

Pariskoa, erreferentziako arroa

Parisko arroa erreferentziako eredu teorikoa da, eta platertxo erako arro sedimentarioak denboran zehar nola portatzen eta bilakatzen diren ulertzeko erabiltzen da. Izan ere, oso handia da eta, beraz, sedimentuak pilatu ditu Mesozoikoan eta Zenozoikoan zehar; eta, gainera, Frantzia kokaleku garrantzitsua da Europako Geologiaren arloan. Baina, horrez gain, mundu mailako erreferente bihurtzen duen beste ezaugarri geologiko bat ere badu, Zenozoikoaren hasierako materialen arten ezkutuan dagoena (mapan kolore laranjatuaz markatuta).

Parisko
2. irudia: Parisko Lutetiarreko gasteropodoen fosilen ilustrazioak jasotzen dituen irudia, Lister ahizpek 1692an eginikoa. (Iturria: Merle, D. (2008)).

XIX. mendearen hasieran, Charles Lyell, Geologiaren aitetako bat, Frantziaren hegoaldean aritu zen lanean, eta Parisko arroaren material berrienak aztertu ahal izan zituen. Eremu zabal horretako azaleratze itzelen behaketan oinarrituta, geologoa ordura arteko Garai Tertziarioa (termino hori zaharkituta dago Geologian) hiru periodotan banatzera ausartu zen: Eozenoa, Miozenoa eta Pliozenoa.

Hala ere, Lyell ez zen izan eremuko Geologia aztertu zuen lehena. XVIII. mendetik, beste aitzindari frantses batzuek Parisko kanpoaldean aurkitutako aztarnategi ugarietako milaka fosil bildu zituzten. Eta fosil horiek aztertuta, Georges Cuvier baroia anatomia konparatuari buruzko ideiak lantzen hasi zen; eta Jean Baptiste Monet, Lamarckeko zalduna, eboluzioari buruzko bere hipotesi partikularra osatzen joan zen. Are gehiago, XIX. mendearen amaieran, Albert de Lapparent Lyell baino haratago joan zen, eta Parisko aztarnategi horietan oinarritutako Eozenoaren azpi aroen proposamen bat ere egin zuen. Eta horrelaxe sortu zen Eozenoaren bigarren estaia, duela 47,8 eta 41,3 milioi urte artean kokatzen dena, eta zeinari Frantziako hiriburuaren omenezko izena jarri zitzaion. Baina ez, ez da estai parisiarra deitzen. Izan ere, Lapparentek proposatu zuen hiriaren izen zaharra erabiltzea, guztiok Astérixen komikiei buruz ezagutzen duguna: Lutezia. Hau da, estai lutetiarra izena hartzen du.

Espero dut Paris 2024ko Olinpiar Jokoetan pentsatzen duzuenean, gogoan izan dezazuela egoitza olinpikoak markak hausten dituen arro sedimentario bateko materialen gainean daudela eraikita. Izan ere, uda honetan kirola izan zen Frantziako hiriburuko protagonista, baina Geologia izan da eta izango da beti Parisko izar nagusia.

Esker ona:

Artikulu hau eskaini nahi diet Radio Nacional de España irratiko kazetari Daniel Ampuerori eta Gonzalo Da Cuñari, Parisko olinpiar jokoetan lanean aritu zirenak, kirolarekiko sentitzen duten maitasuna nirekin partekatzen dutelako.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko abuztuaren 1ean: La Geología, disciplina olímpica.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.