Martikara mota berri bat

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gaur egun, zalantzarik gabe esan dezakegu NASAren InSight misioa Marteren barne egiturari buruzko ezagutza iturri garrantzitsua izan dela —eta hala izaten jarraituko duela datozen hamarkadetan, eskuratutako datuen berrinterpretazioari esker—. Baina, baita Marteren azaleratik askoz hurbilago gertatzen diren prozesuei buruzkoa ere. Hala nola jatorri bolkanotektonikoko lurrikara posibleen detekzioa edo meteroideen eta asteroideen erorketa eta talka Marteren azaleraren aurka.

Hain zuzen ere, planeten azaleren gaineko talkek oso ikuspegi garrantzitsua eman digute gure Eguzki Sistemaren historiari eta bilakaerari buruz. Baina banakako informazioa ere eman diezagukete xehetasunez azter ditzakegun gorputzetako bakoitzaren bilakaerari eta jarduera mailari buruz.

krater
1. irudia: Duela gutxiko talka bat Marteren azaleran. Badakigu duela gutxikoa dela oraindik jaurtikina —talkaren ondorioz ateratzen den materiala— kolore ilunez ikusten delako azaleraren gainean, eta kraterraren forma markatuta dagoelako oraindik. Denborak aurrera egin ahala, jaurtikina laranjatuko da, hauts depositua dela eta, eta kraterraren forma leunduko da. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea)

Izan ere, Marten, beste edozein lekutan bezala, talka kraterren maiztasuna, tamaina eta banaketa azalera geologikoen adina kalkulatzeko tresna gisa erabil dezakegu. Horiek horrela, funtzionamenduan dauden edo egon ziren prozesu geologikoen erritmoa ezagutu dezakegu, baita horien jarduera maila ere. Eta behin baino gehiagotan esan dugun moduan, oro har, planetaren azalera gero eta zaharragoa den eta gero eta gutxiago aldatu den, orduan eta krater gehiago izango ditu azalera unitateko, denbora gehiago egon baita gorputzen talkak jasotzeko arriskupean.

Oro har, metodo horri esker, planetaren orbitan dauden sateliteen —edo hurbil igaro direnen— argazkiak erabiliz, horren adina kalkula daiteke. Baina arazo bat dauka krater txikiago eta ugariagoen sorkuntzarekin, ez baitugu ezagutzen horiek sortzeko urteko gutxi gorabeherako talka erritmoa.

InSight misioan zehar hartutako datu sismikoei esker, badirudi gutxienez Marterako erantzun bat izan dezakegula talka kraterretan oinarritutako adin eskala horiek kalibratzeko. Izan ere, misioko sismografoak misioa egin bitartean izandako talka batzuk detektatu ditu. Baina Mars Reconaissance Orbiter espazio-ontziaren aparteko ikusmena erabiltzeaz gain, HiRISE kamerak 30 cm/pixel inguruko bereizmeneko irudiak egin ditzake. Horren bidez, talka puntua eta kraterraren tamaina identifika daitezke.

krater
2. irudia: InSightek detektatutako eta Mars Reconaissance Orbiterrek behatutako talketako bat. Kasu honetan, talka 2021eko irailaren 5ean gertatu zen. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea)

Artikulu berri batean (Zenhäusern, et. al. 2024), zientzialariek ekitaldi sismiko oso berezi batzuk bilatu eta aztertu dituzte: maiztasun oso handiko (VHF) martikarak. Martikara mota horrek —barkaidazue terminoa gustuko ez baduzue—, Marteren jarduera tektonikoak eragindako lurrikaren bestelako ezaugarriak ditu.

Horietatik lehena da energia askatze oso indartsua, 5 eta 30 Hz arteko maiztasunetan. Bigarrena, ebaki- edo ertz-maiztasuna, zientzialariei adierazten diena oso iraupen txikiko ekitaldia dela. Eta, azkenik, astindu indartsu bat horizontalean, 5 Hz-tik gorako maiztasunetan. Hiru ezaugarri horiek —InSighten sismometroak eskuratutako datuei esker azter daitezkeenak— meteroideen hiperabiadurako talken adierazle onak dira.

Ikertzaileek konfirmatu dute InSighten misioan detektatutako talka guztiek ezaugarri horiek dituztela seinalean. Hortaz, baliteke horrelako ekitaldi guztiak Marteren azaleraren kontrako talkak izatea. Gainera, ekitaldi horietako batzuetan uhin-tren bat detektatu da, talkak atmosferan sortzen duen perturbazioak eragindako seinale akustiko gisa interpretatzen dena.

krater
3. irudia: InSightek eta Mars Reconaissance Orbiterrek behatutako duela gutxiko beste hiru talka. Talka horiek 2020ko maiatzaren 27an, eta 2021eko otsailaren 18an eta abuztuaren 31n izan ziren. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea)

Baina beste datu bat ere badago, eta oso garrantzitsua da hura zehaztea: horrelako ekitaldien banaketa espazialak ausazko patroi bat erakusten du. Hala ere, InSightek detektatutako ekitaldi tektonikoak, ohikoa den moduan, egitura tektoniko aktiboetan (hala nola failak) multzokatzen dira, gure planetan gertatzen den bezalaxe.

InSighten datu sismikoen analisiari esker, zientzialariek kalkulatu ahal izan dute urtero 8 metrotik gorako 280 eta 360 krater artean sortzen direla Marteren azaleran. Datu hori bat dator aurretik argitaratutako eredu kronologikoekin; baina —eta hau garrantzitsua da— erritmoa satelite bidezko irudietan zenbatesten dena baino askoz handiagoa da… Zergatik alde hori?

Litekeena da alde hori faktore hauen ondoriozkoa izatea, besteak beste: kameren bereizmena; bereizmen handiko planetaren irudien estaldura —izan ere, krater berriak ikusteko, irudiak behin eta berriro hartu behar dira une ezberdinetan—; eta azalera batzuetan dagoen hauts kantitatea, horrek krater txikiagoen detekzioa zailtzen baitu, argi angelua oso zeiharra denean izan ezik.

Zer ondorio izan ditzake ikerketak? Hasteko, maila zientifikoan, lagundu egingo digu talka kraterretan oinarritutako denbora eskalak hobeto kalibratzen. Horri esker, arroka geruzen eta laba koladen adina edo planeta gorriaren erregistro geologikoan ikus ditzakegun ekitaldi batzuen iraupena hobeto “zehazten” lagunduko digu. Eta, aldi berean, argi uzten du oso baliagarria dela gure Eguzki Sistemako beste leku batzuetako datu sismikoak jasotzea denbora eskalak hobeto zehazteko… Horrenbestez, sismometro gehiago ikusiko ditugu azalerako zundetan?

Eta, orain bai, azkenik, ikerketak lagundu egingo digu hobeto ulertzen Marte planetako giza esplorazioko misioetan egon daitekeen arriskua. Baita ere, zer-nolako babes neurriak har genitzakeen talka horien aurrean; talkak, momentuz, saihetsezinak baitira.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zenhäusern, Géraldine; Wójcicka, Natalia; Stähler, Simon C.; Collins, Gareth S.; Daubar, Ingrid J.; Knapmeyer, Martin; Ceylan, Savas; Clinton, John F.; Giardini, Domenico (2024). An estimate of the impact rate on Mars from statistics of very-high-frequency Marsquakes. Nature Astronomy, 8, 1138–1147. Doi: 10.1038/s41550-024-02301-z.


Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 22an: Una nueva clase de martemotos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.