Indiako zoruetan aurki daitezkeen buztinen ikerketa izan zen Purnima Sinha zientzialariaren karrerako interes handietako bat; izan ere, X izpien teknikak erabiltzen zituen horien egiturak aztertzeko. Baina materialen eta beren koloreen analisiak ez zuen soilik fisikariaren arrazoibide zientifikoa pizten, haren inspirazio artistikoa ere erakartzen zuen. Horiek horrela, buztina modelatzen hasi zen, eskulturak sortzeko. Bi alderdi horietan dedikazio eta talentu handia erakutsi zuen, harentzat zientzia eta artea jakin-min beraren bi adierazpen bailiran.
Purnima Sinha 1927ko urriaren 12an jaio zen Kalkutan (India); garai hartan kolonia britainiarra zen. Senar-emazte liberal batzuen alaba zen. Aita abokatua zen, 1917ko Errusiako iraultzaren jarraitzailea, eta joera komunistak zituen. Besteak beste, defendatzen zuen emakumeek heziketarako eskubidea zutela, eta sexuen arteko berdintasunean sinesten zuen.
Hori dela eta, Sinhak eta bere ahizpek karrera akademikoak eta zientifikoak egin ahal izan zituzten matematikaren, kimikaren eta ekonomiaren esparruetan. “Trantsizioko zientzialariak” deritzenaren parte izan ziren. Izan ere, horien oinarrizko heziketa erregimen kolonial britainiarraren pean gauzatu bazen ere, karrera zientifikoak India jada independentea zenean egin zituzten. Sinhak fisikaren alde egin zuen.
Fisikako lehenengo emakumezko doktorea Kalkutako Unibertsitatean
Bere familian emakume batek baino gehiagok jaso zuten prestakuntza zientifikoa, baina Indian ez zen batere ohikoa 40ko hamarkadan emakumeek halako prestakuntzarik jasotzea. 1955ean, Sinha Kalkutako Unibertsitatean fisikako doktoregoa eskuratu zuen lehenengo emakumea izan zen. Sinharen zuzendaria Satyendra Nath Bose izan zen, garai hartako fisikari ospetsua, fisika kuantikoaren eremuan ekarpen handiak egin zituena. Boseri buruzko legatu biografiko gehiena Sinharen beraren eskutik jaso dugu; izan ere, zenbait liburu argitaratu zituen bere maisuari buruz.
Hala ere, Sinharen lantaldeak fisikaren beste eremu bat aztertzen zuen: buztinetako kristal egiturak ikertzen zituzten, X izpien difrakzioa erabilita. India independizatu berri zen garai hartan, herrialdeak ez zuen baliabide nahikorik ekipo eguneratuak zituzten ikerketa laborategiak ezartzeko. Ikerketa zientifikoa artearen, artisautzaren, asmakuntzaren eta miaketa sistematikoaren arteko erdibidean zegoen.
Tresna zientifikoak makineria militar zaharretik abiatuta
Sinhak berak kontatuko zuenez, lan egiten zuen laborategian hamar ikertzaile zeuden, eta bakoitzak bere tresnak eraiki behar zituen, haren ikerketaren premien arabera. Horretarako, Sinhak eta bere kideek Bigarren Mundu Gerraren ostean abandonatutako makina militar zaharren piezak eta ikerketa tresna zaharrak erabiltzen zituzten. Eta, horri esker, Indiako hainbat eremutako buztin materialen berrogeita hamar bat motaren sailkapen zehatza egin ahal izan zuten, eta bi artikulu argitaratu zituzten Nature aldizkarian horren berri emateko.
Aurrerago, Stanfordeko Unibertsitatera (Kalifornia) joan zen, Biofisika Sailera, eta bertan ikerketak egin zituen hain ondo ezagutzen zituen buztinaren kristal egitura horiek alderatzeko interesgarriak iruditzen zitzaizkion DNA patroiekin, Origins of Life proiektu orokorraren baitan. Garai hartan, halaber, zenbait konferentzia eman zituen Indiako musikari buruz Chicagoko Unibertsitatean. Eta gerora, liburu batean bildu ziren.
Buztina, zientziaren eta artearen erdibidean
Indiara itzuli zenean, Indiako Zundaketa Geologikoan eta JCB Bose Institutuan lan egin zuen; baina, azkenean Kristalaren eta Zeramikaren Ikerketarako Institutu Nagusian sartu zen, kolore ezberdinetako zeramiken fisika aztertzeko.
Interes zientifikoa eta joera artistikoak uztartuta, garai hartan buztina modelatzen hasi zen. Eta musikarekiko bere interesari eta gaitasunari jarraikiz, tabla izeneko musika tresna jotzen ikasi zuen. Eskuarki, gizonezkoek jotzen zuten tresna hori Indiako musika klasikoko taldeetan. Horrez guztiaz gain, hainbat esparrutako erakusketa eta esposizio antolatu zituen, baita horietan parte hartu ere, hala nola zeramika, zura, buztina eta pintura.
Zientziari eta arteei buruzko liburu asko idatzi zituen, ingelesez zein bengaleraz, irmoki uste baitzuen zientzia tokiko hizkuntzetan irakatsi eta zabaldu ahal zela. Hain zuzen, garai hartako zenbait obra zientifiko ere itzuli zituen bengalerara, hala nola Erwin Schrödingerren Mind and Matter liburua, haren irismena zabaltzeko asmoz.
Bere senarrarekin batera (Surajit Chandra Sinha antropologoa) ere lan egin zuen talde tribaletako haurren hezkuntzarako sarbidea zabaltzeko; eta, horretarako, eskolak, ikastetxeak eta goi mailako hezkuntza programak sortu zituzten komunitate horientzat.2015eko uztailaren 11n zendu zen.
Iturriak:
- Rajinder Singhs and Suprakash C. Roy, Purnima Sinha and her Doctoral Work Under Professor S.N. Bose, Science and Culture 85 (7-8) (2019) 243-253.
- Suprakash C Roy, Purnima Sinha. A Role Model for All, en Vigyan Vidushi: 75 Women Trailblazers of Science, 42-53
- Dr Purnima Sinha, the first female physicist from C.U., who did her PhD way back in the 1950s, Get Bengal, 2023ko otsailaren 26a
- Purnima Sinha and Supurna Sinha, Like mother, like daughter, Lilavati’s daughters: The Women Scientists of India, 305-309
- Rinchen Norbu Wangchuk, The Forgotten Scientist Who Broke The Glass Ceiling For Indian Women in Physics, The Better India, 2019ko azaroaren 15a
- The physicist who built her career on clay, Asia Research News, 2020ko apirilaren 7a
- Purnima Sinha, Wikipedia
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko urriaren 24an: Purmina Sinha, la física que trabajó con arcilla desde la ciencia y desde el arte.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.