Wind Rose heavy metaleko talde italiarrak disko berria plazaratu berri du, eta “Rock and Stone” (arroka eta harria) izeneko abesti bat barne hartzen du. Horrekin, haiek ere bat egin dute termino zuzena zein den erabakitzeko eztabaida zoragarriarekin: sinonimoak dira? Noiz erabili behar da bat eta noiz bestea? Zorionez (edo zoritxarrez, ikustear dago), RAE (Espainiako Errege Akademia) egoera argitzera agertu da. Harri eta arroka hitzen definizio zehatzak gehitu ditu, zalantza horiek argitu ahal izango dizkigutenak (edo ez). Ikus dezagun zer esan duten.
RAEk hainbat adiera ditu harri hitzerako, baina hauxe da lehenengoa, a priori garrantzitsuena: “substantzia minerala, gutxi gorabehera gogorra eta trinkoa”. Eta hauxe da arroka hitzaren lehen definizioa: “harria, edo haren beta, oso gogorra eta solidoa”. Horren arabera, badirudi bi kontzeptuen arteko aldea euren gogortasuna dela: oso gogorra baldin bada, arroka da; eta bigunagoa baldin bada, harria. Baina horrekin guztiarekin tente jartzen zaigu ilea Geologiako profesional guztiei.
Gogortasuna mineralen propietate bat da, eta zerikusia du azaleran haustura edo aldaketa iraunkor bat izateko erresistentzia mekanikoarekin objektu bat edo beste mineral bat aplikatzean. Hainbat eskala daude mineralak gogortasunaren arabera ordenatzeko. Horien artean ezagunena Mohs eskala da. Hala ere, eskala horietako batean ere ez dago bi talde handien banaketarik, non adierazten diguten “hemendik hona harriak dira, eta hemendik aurrera arrokak”. Orduan, nondik atera du RAEk bi kontzeptuen arteko aldea gogortasunean oinarritzen dela? Ba geologiari buruz zabaldu den interpretazio oker batetik.
Jarraian azalduko dut. Beste edozein zientziatan bezala, geologian den-dena sailkatzea eta definitutako azpitalde bakoitzari aurrekoa baino konplikatuagoa den izen bat jartzea maite dugu. Eta sailkapen horietako bat sedimentu alearen tamainan oinarritzen da; hau da, Lurraren azaleran erosionatu, lekualdatu eta jalkitzen diren partikulen diametroan, lurperatu eta litifikatu aurretik. Horrelaxe definitu da Udden-Wentworth eskala granulometrikoa, hiru talde handi barne hartzen dituena: lokatza (0,063 mm-tik beherako diametroa duten partikulak), harea (0,063 mm eta 2 mm arteko diametroa duten materialak) eta legarra (2 mm-tik gorako diametroa duten sedimentuak). Horiek dira izen ofizialak, testuliburuetan eta geologiari lotutako argitalpen zientifikoetan aurkituko dituzuenak. Baina, badakizue nola izendatzen ditugun geologoek gure artean? Lokatza, harea eta harriak.
Eta hor aurkitzen dugu bilatzen ari ginen hitza, arroka zati txikiei erreferentzia egiten dien izendapen informal batean. Oro har, 20 edo 30 cm-tik beherakoak dira, eskuaz har ditzakegu eta motxilan sartu mendian gaudenean. Baina harriaren definizio hori geologian aritzen garenon sekreturik kuttunena da. Ez dugu sekula esango jendaurrean termino horiek erabiltzen ditugunik material sedimentarioak izendatzeko. Horregatik eman du RAEk definizio okerra; ez zeukaten informazio guztia: alearen tamainak ez du zerikusirik materialen gogortasunarekin.
Harria arroka eraldatua da
Baina ez da dena okerra RAEren hiztegian. Arroka terminoaren laugarren eta azken adierak honela dio: “Jatorri naturaleko material solidoa, mineral batzuen edo baten asoziazioz sortutakoa. Lurraren azalaren zati handi bat hartzen du”. Definizio hori ia perfektua da; badirudi geologia eskuliburu batetik zuzenean hartu dutela. Eta harriaren kasuan? Ba, halaxe dio bigarren sarrerak: “eraikuntzan erabiltzen den harri zatia”; eta honela hirugarrenak: “inskripzio edo figuraren batekin landutako harria”. Bietan ulertzen da harri terminoa “substantzia minerala, gutxi gorabehera gogorra eta trinkoa” dela.
Kasu horretan ere, definizio borobilak dira. Izan ere, arroka eta harri kontzeptuen arteko benetako aldea, geologiaren arloan mundu osoan onartutakoa eta gizartean zabaldu behar litzatekeena, honako hau da: arroka material solido naturala da, eta harria gizakiak moduren batean eraldatu duen arroka bat (ebakita, leunduta, landuta, etab.). Horiek horrela, harrobi batean ustiatuko diren arroken azaleratze bat ikusiko dugu, eta maila bat ebakitzen denean lantzeko moduko lauzak ateratzeko, harri apaingarriak izango ditugu esku artean.
Horrenbestez, geologiako profesionalak haserretu egiten bagara ere jendeak harri hitza erabiltzen duenean, ezin dugu ezer esan sukalde-gainekoari, espaloiko lauzari edo arkeologia indusketa batean aurkitutako gezi punta bati buruz ari direnean. Baina jarraituko dugu jendea zuzentzen harri erabiltzen badu ibai baten ibilguan aurkitzen duen uharria izendatzeko. Izan ere, txikia bada ere, hori arroka da, material naturala, gizakiak eraldatu gabea. Eta utz iezadazue gomendio bat ematen: ez geratu soilik hitz baten lehen definizioarekin hiztegian bilaketak egitean. Ikusi duzuenez, zenbaitetan azken adierak dira deskribapen zuzenena.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urriaren 24ean: ¿Por qué la llaman piedra si quieren decir roca?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.