Lurdes Ondaro Mallea fisikaria da, eta kosmologia konputazionalean ikertzen du. Aitortu duenez, ordea, txikitan ez zen zerura begira egoten zen horietakoa. Gerora sortu zitzaion irrika: “La1ko dokumentalak ikustea gustatzen zitzaidan, espaziokoak, kuantikakoak… Gehiago jakiteko gogoa piztu zidaten, eta, horretako, banekien ikasi egin beharko nuela, eta probatzea erabaki nuen”.
Jakin-min horrek bultzatuta hasi zen fisika ikasten, eta, kosmologiara ere zoriz iritsi zen: “Kasualitatez izan zen, bizitzan gertatzen diren gauza ia denak bezala. Karrera amaitu nuenean, udako bat Donostiako ikerketa zentro batean. Donostia International Physics Centerren karrerarekin lotura duten gauzak egin daitezke, eta han hiru hilabeteko lana egin nuen udan, kosmologian. Eta gustatu, eta horretan segitu dut”.
Ondaroren esanean, ezagunagoa da astrofisika kosmologia baino. Hala, bien arteko aldea azaldu du: “Astrofisikan, astroei, zeruko objektuei begiratzen zaie, izarrei, zulo beltzei, galaxiei edo dena delakoari. Kosmologian, unibertsoa bere osotasunean ikertzen da: unibertsoaren sorrera, bere eboluzioa, bere gaur egungo egitura zelakoa den… Betiko galdera handiak, nondik gatozen eta zeintzuk diren fisikaren arauak eta horrelako gauzak. Horri erantzuteko, ordenagailuan, unibertso txikiak egiten ditugu (simulazioak), eta egiten ditugu probak, ea antzik duten benetako unibertsoarekin”.
Gazi-gozoak eta bertsoak
Justu elkarrizketaren unean Parisen dago, kongresu batean, eta, kongresu gaztea denez, emakume asko daude. Kongresuak, oro har, nekagarriak ere izan daitezkeen arren, gustura dago. Bestelakoan, asko gustatzen zaio ikertzea; galdera berriak egitea eta kideekin eztabaidatzea, elkarrekin proiektu berriak asmatzea… Badu alde txarra ere, ordea: “Orokorrean, ez zait gustatzen sistema nola dagoen eraikita. Alde batetik, oso ezegonkorra da. Eta gero dago lehia oso handia eta interes handiak, eta artikuluak argitaratu beharra… Baina, bueno, hori kenduta, oso lan interesgarria da”.
Ondaro bertsolaria ere bada, eta, bertso-jarduerak ikerketan zerbaitetan laguntzen ote dio galdetuta, ezezkoan dagoela erantzun du: “Sorkuntzaren aldetik, behintzat, niri gauza bereiziak iruditzen zaizkit. Izatekotan, hitzaldiak emateko eta jendaurrean agertzeko, lagundu dezake lasaiago egoten. Baina beste ezertarako, ez dut uste”. Hori izan da azken puntua, kongresuko zereginetara itzuli aurretik.
Fitxa biografikoa:
Lurdes Ondaro Mallea Munitibarren jaio zen, 1997an. Fisikako gradua egin ondoren (EHU), egonaldi bat egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean (UB). Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Kosmologia taldearekin udako praktikak eginda, urte oso bateko lankidetza izan zuen, eta hurrengo ikasturtean, Fisika Teorikoa masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Astrofisika eta Kosmosaren Fisika espezialitatean. Gaur egun, doktoretza aurreko ikertzaile gisa ari da lanean DIPCn, kosmologia konputazionalaren esparruan.
Informazio gehiago:
- EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2024). EHU Ekinean podcasta: Lurdes Ondaro Mallea, Campusa Campusa aldizkaria, UPV/EHU.
- Ondaro-Mallea, Lurdes; Angulo, Raul; Stücker, Jens; Hahn, Oliver eta White, Simon (2024). Phase-space simulations of prompt cusps: Simulating the formation of the first haloes without artificial fragmentation. Monthly Notices of the Royal Astronomical Society, 527 (4), 10802–10821. DOI: 10.1093/mnras/stad3949
Egileaz:
Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.