Lurretik kanpo bidalitako objektuei jarraipena egiteko eskatu du antropologo talde batek. Objektu horiek ondarearen partetzat hartu behar direla aldarrikatu dute.
“Nola demontre zaharberritu eta kontserbatu daiteke VHS zinta batean grabatutako artelan bat?”. Euskal Herriko arte garaikideko museo baten arduradunak behin botatako galdera da. Eta ez zitzaioan arrazoirik falta: garaiak aldatzen ari dira etengabean, eta, horiekin batera, beharrak zein mundua bera ulertzeko moduak. Besteak beste, ondarea aintzat hartzeko modua ere aldatzen hasia da pixkanaka. Kasurako, antzinako artelan eta eraikinekin lotu ohi dugu ondare materiala, baina, industriaren aroan, ondare industriala ere aintzat hasia da. Guztiz logikoa da; arras zaila litzateke argudiatzea Parisko Eiffel dorrea, edo, etxera etorrita, Portugaleteko Zubia zaindu beharreko ondare arkitektonikoa ez direla.
Gauzak hala, kanpo espazioaren kasuan ere txipa aldatzen hasi beharko ginatekeelakoan dago ikertzaile talde bat, eta beren argudioak plazaratu dituzte Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.

Momentuz, bertara joan diren misio kopurua aintzat izanda, ikertzaile hauek Marten jarri dute arreta berezia, eta, horregatik, berariaz gizakiak Martera bidalitako objektuei jarraipena egiteko eta horiek babesteko deia egin dute. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, orain arte hamalau misiok lur hartu dute bertan. Planeta gorrian pilatutako objektu horiek katalogazioa eta zaintza merezi dituztela diote, planeta arteko esplorazioan gizakiek egindako lehen urratsen aztarnak direlako. Horretaz jabetzeko, gizateriaren historian atzera egin dute: Afrika Ekialdeko harrizko lehen eskuko aizkorak edota Ameriketan aurkitutako Clovis puntak bezala, oraindik gelditu ez den giza migrazioaren adierazle dira espaziora bidalitako gailuak. “Muga berriak aurkitzeko Homo sapiensaren grina adierazten duten objektu preziatuak” dira, prentsa oharrean adierazitakoaren arabera.
Kansasko Unibertsitateko (AEB) antropologo Justin Holcomben esanetan, “argudio nagusia da Homo sapiensak zabalkunde prozesu batean daudela; Afrikatik ateratzean hasi zen hori, beste kontinenteetara iritsita, eta, orain, hasi da hori egiten gure kanpoko inguruetan ere”. Hori dela eta, adituaren ustez, planetan zehar gizakiak egindako ibilbideen berri izateko arkeologia bitartez objektu eta jardueren jarraipena egiten dugun modu berean, gauza bera egin beharko genuke espazioaren esploraziorako erabilitako objektuekin ere. “Dispertsio horren aztarna bat badago”, nabarmendu du.
Are, babestu du objektu horiek —zundak, sateliteak, lurreratze moduluak eta bestelako materialak— garrantzitsuak direla, eta ez direla zabor gisa hartu behar. Zentzu honetan, arkeologoek aztarnategietako zabortegiei esker eskuratzen duten informazio baliotsua gogora ekarri du. Bada, modu berean, espazio zabor modura hartzen diren material askok balore arkeologiko handia dutelakoan dago. “Ondarearekiko narratiba hori aldatzea funtsezkoa da. Izan ere, zaborrari ematen zaion irtenbidea da hori kentzea, baina ondarearekiko irtenbidea da hori babestea. Alde handia dago”.
Besteak beste, antropologoak uste du etorkizunean Martera egingo diren misioek aintzat hartu beharko dutela egin dezaketen kalte arkeologiko potentziala lurreratze lekuetan edo bestelako tokietan, eta kontu hori ere, beraz, planifikazio baten barruan joan beharko dela. Hala, misioek ez lukete lur hartu beharko ondare hau dagoen lekuetan. “Gure presentziaren lehen erregistro materialak dira, eta hau garrantzitsua da guretzako”, nabarmendu du.

Aurreko lan batean, antropologoak berak gogora ekarri duenez, ilargi antropozeno kontzeptua erabiltzen hasi beharko genukeela proposatu zuen. Planteamendu horren arabera, Ilargiaren paisaiaren gaineko kontrolaren garaiaren hasieran gaude. Marteren kasuan, ordea, adituak ez du uste antropozeno batez hitz egin daitekeenik, baina sinetsita dago bertan dagoeneko “horizonte estratigrafiko” bat badagoela, eta horrek material hori testuinguru jakin betean kokatzeko bidea irekitzen duela.
Espazio ondarea jasotzeko datu baseak
Ondare hori guztia jasotzeko, agian beren-beregi prestatutako datu base berri bat izan daitekeela dio adituak, baina iradoki du dagoeneko martxan dagoen beste bat izan daitekeela: Nazio Batuen Kanpo Espaziora Bidalitako Objektuen Erregistroa, hain zuzen ere. Bai bata edo bestea izan, bertan, material guztia jasota geratuko litzateke, “berdin rover baten gurpil apurtua edota helikoptero baten pala”, babestu du antropologoak, Ingenuity gailuari erreferentzia eginez; “hori baita beste planeta batean egon den lehen helikopteroa”.
Lurrean klimak edo geologiak tramankuluen narriadurari nola eragiten dion jakin badakigu, baina Marten horrelako prozesuak nolakoak diren ez da ondo ezagutzen. Baina argi dago bertako ingurumenak bestelako inpaktua izango duela objektu horiean, Lurrean daudenekiko, bederen. Hori dela eta, etorkizunean geoarkeologia planetarioa lantzen hasi beharko dugulakoan dago aditua. Orokorrean, Marten dauden materialak ezagutu ez ezik, planetako toki desberdinetan dauden materialak ezagutu beharko dira, horien inguruan dauden prozesuak ez direlako berdinak.
Geoarkeologiaren bitartez, material arkeologikoetan prozesu geologikoek duten eragina aztertzen da. Tokiaren arabera eragin horiek desberdinak izan daitezkeenez, antropologoak dio hori ere aintzat hartu beharra dagoela Marten sakabanatuta dauden objektuen azterketa eta kontserbazioa planifikatzerakoan. Horren adibidetzat jo du ipar eta hego hemisferioetan dauden eremu izoztuak, kriosfera bat osatzen dutenak. Logikoa denez, izotzak inpaktu jakin bat izango du ondarean. Beste horrenbeste gertatzen da burdin asko duten hareekin, lurperatutako objektuetan lur mota horrek izango duen eragina ez baita ezagutzen. Modu berean, Marteko ezaugarri nabarmenetako bat diren hauts ekaitzak ere aipatu ditu. Dunak ere kezka iturri izan daitezke, eta aztarnentzako ere kaltegarri izango direlakoan daude. Kasurako, Spirit robota duna eremu batez inguratuta dago, eta litekeena da etorkizunean duna horiek estalita geratzea. “Behin lurpean geratuta, oso zaila izango da berriro lekuz mugitzea”, ohartarazi du Holcombek.
Erreferentzia bibliografikoak:
Holcomb, Justin A.; O’Leary, Beth L.; Fairén, Alberto G.; Mandel, Rolfe D.; Wegmann, Karl W. (2024). The emerging archaeological record of Mars. Nature Astronomy 8, 1490–1492. DOI: 10.1038/s41550-024-02439-w
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.