Londres hego-mendebaldean dagoen Kew Gardens edo Kew Errege Lorategi Botanikoa munduko lorategi botaniko garrantzitsu eta ederrenetako bat da. Lorategiak, halaber, izen handiko aldizkari bat du, Curtis’s Botanical Magazine, 1787an sortutakoa. Bertan jasotzen dira espezie asko eta asko, irudi ederrez lagunduta; irudi horien xedea da testua osatzea eta hari bizitza ematea.
Aurreko artikulu batean, Matilda Smith (1854-1926) ilustratzaile handia aipatu genuen. Hura izan zen aldizkarian lan egin zuen lehen emakumezko artista ofiziala, eta bidea ireki zien beste emakumezko marrazkilari handi batzuei. Besteak beste, artea eta zientzia uztartzeko gaitasun zail hori zuten bi zientzialari bikain gogorarazi nahi ditugu artikulu sorta honetan: Lilian Snelling (1879–1972) eta Stella Ross-Craig (1906-2006).

Baina, jarraitu aurretik, adierazi behar dugu ilustrazio botanikoa mendetako historia duen tradizio zientifikoa dela. Marraztu nahi den objektua xehe-xehe behatu behar da, eta organismoa zehaztasun eta doitasun handiz marraztu, lamina batean islatzeko. Hau da, estetika xede hutsekin loreak marrazteaz oso bestelako jarduera da. Alice R. Tangerini Estatu Batuetako ilustratzaile botaniko ezagunak hainbat aldiz argitu duenez, «jarduera horren helburu nagusia da landare bat marraztea doitasun eta zehaztasun maila handiarekin, gutxienez generoa eta are espeziea ezagutzeko adinakoarekin».
Lilian Snelling, ilustratzaile entzutetsua
Lilian Snelling XX. mendearen lehen erdiko Erresuma Batuko artista botaniko garrantzitsuenetako bat izan zen. Lamina ugari marraztu zituen Curtis’s Botanical Magazine aldizkarirako 1921 eta 1952 artean. Ilustrazio horiei buruz, Catherine Haines idazle eta artistak adierazi du «marrazkiak zehaztasun eta doitasun handikoak izateaz gain, benetan ederrak» zirela.
Lilian Snelling 1879an jaio zen Kenten (Erresuma Batua), familia ugari batean. Margaret Elizabeth Colgalt eta John Carnell Snelling garagardo fabrikatzailearen alaba zen. 1915 eta 1916 artean, bere lehendabiziko ordainpeko lana egin zuen. Henry John Elwes botanikari eta bidaiariak, landareen bildumagile aberatsa ere bazenak, gaztearen gaitasun artistikoak ikusi zituen, eta Annika Erikson arte adituak deskribatu duen moduan, Snelling kontratatu zuen bidaietan bildutako loreak marrazteko.
Aurrerago, Lilian Snelling ilustratzaile gisa hasi zen lanean Edinburgoko Lorategi Botanikoan (Royal Botanic Garden Edinburgh), eta hantxe jardun zuen lanean bost urtez. Denbora tarte horretan, 430 akuarela eta marrazki egin zituen, gutxi gorabehera. Horien artean, hiru laurden inguru errodendroak edo azaleak dira (Rhododendron), eta gainerakoak, nagusiki, udaberri loreak edo sanjose loreak (Primula); izen hori hartzen dute udaberrian loratzen diren lehen loreak direlako.

Marrazkigilearen gaitasun artistikoak gero eta aintzatespen handiagoa jasotzen hasi ziren, eta 1921ean Kew Errege Lorategi Botanikoko aldizkariak Snelling kontratatu zuen artista nagusi gisa. Lan bikaina egin zuen bertan, eta kideek benetan aintzatetsi zuten. 1929tik aurrera, Snellingek Stella Ross-Craig marrazkigile gaztearen kolaborazioa izan zuen. Gerora, Ross-Craig ere izango zen artista botaniko aintzatetsia.
Hogeita hamar urtez baino gehiagoz, Snelling ilustratzaile aritu zen Kewn, eta 1952an erretiratu zenean, Curtis aldizkariak 169. ale osoa dedikatu zion. Beste aintzatespen batzuen artean, liburukian honela deskribatu zuten artista: «ilustratzaile botanikoak samurtasun eta zehaztasun handiz, koloreak bikain erabiliz eta tonuen gradazio ederraz, aldizkari honetan agertu diren landare gehienak marraztu ditu 1922tik 1952ra bitartean».
1954an, arteari eta zientziari eginiko ekarpenak aitortzeko, Lilian Snellingek bere herrialdean oso baliotsua den domina bat jaso zuen: Most Excellent Order of the British Empire, MBE (Britainiar Inperioko Ordena txit garaia). Eta 1955ean baratzezaintzako Victoria Medal of Honour (VMH) sari nabarmena ere eman zioten. Horrez gain, Lilian Snelling emakume ilustratzaileen talde batean hautatu zuten, 1959an Kew Errege Lorategi Botanikoan eginiko erakusketa garrantzitsu batean parte hartzeko. Erakusketa horren xedea zen erakundeak botanikari dedikatutako 200 urteak ospatzea (Kew’s Aid to Botany over 200 Years).
1972ko urriaren 12an, Lilian Snelling 93 urterekin zendu zen Kenteko bere etxean. Hala ere, hogeita hamabost urte igaro behar izan ziren 2007an Edinburgoko Lorategi Botanikoak (Royal Botanic Garden Edinburgh) merezitako omenaldia egin zion arte. Erakusketa ederra antolatu zuten, artistaren obra osoa jendaurrean jarrita hamar astez.
Iturriak:
- Wikipedia. American Society of Botanical Artists.
- Erikson, Annika Liv (2009). Snelling, Lilian (1879–1972). Dictionary of National Biography. Oxford Dictionary of National Biography. Oxford University Press
- Haines, Catherine M. C. (2001). International women in science: a biographical dictionary to 1950. Santa Barbara, Calif.: ABC-CLIO, 290.
- Stella Ross-Craig. Efemérides 19-03-2017. Mujeres con ciencia.
- Wikipedia. Stella Ross-Craig
Egileaz:
Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Botanika britainiarra edertzen artikulu-sorta:
- Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling
- Botanika britainiarra edertzen (II): Stella Ross-Craig
Mujeres con Ciencia blogean 2024ko uztailaren 31an argitaratu zen artikulua: Lilian Snelling y Stella Ross-Craig: embelleciendo la botánica británica.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.