Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1840. urteko urtarrilean, Charles Lafarge izeneko gizonezkoa hil zen. Haren heriotza hilketa izan zela ebatzi zuen epaileak, artseniko bidezko pozoiketa bat, hain zuzen ere. Gaur egun ere ez dakigu ziur zer gertatu zen benetan, baina Lafarge kasua ospetsua izan zen XIX. mende erdialdeko Frantzian eta aldaketa handiak ekarri zituen toxikologiaren esparruan, zientzia hasiberria orduan.

Hil baino lehen, Lafargek okada ugari eta urdaileko min larriak izan zituen. Lafarge jauna familia oneko gizona zen, sutegi eta monasterio banaren jabea, eta hilketaren lehen susmagarria bere emaztea izan zen, Marie-Fortunée Lafarge izeneko emakume gaztea. Val McDermid-ek (2014) bere liburuan aipatzen duen bezala, badirudi Mariek ezkontzea onartu zuela Charles aberatsa zelakoan, baina ezkondu ostean jakin zuen dirurik ez zegoela soberan. Charlesek ere, ezkontzea onartzeko, kontuan hartu zuen horregatik jasoko zuen ezkonsaria ─90.000 franko─. Edozein kasutan, Marie ez zegoen gustura bere senarrarekin, baina akordio batera iritsi ziren eta testamentua egin zuten, heriotza kasuan bakoitzak zituen ondasun guztiak besteari uzteko. Lafarge andreak ez zekien bere senarrak testamentu sekretu bat egin zuela ondasun guztiak bere amari utziz.

Lafarge
Irudia: Mateu Orfila, toxikologiaren aitzindaria. (Argazkia: Eulogia Merle – CC BY-SA 4.0. lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Horren ostean, Mariek hainbat amodio-gutun idatzi zizkion Charlesi eta Gabonetan, bidaia batean zegoela, gutunarekin batera berak egindako tarta bidali zion. Gaixotzen hasi eta, etxera bueltan, gaixorik jarraitu zuen. Kolera izan zezakeela pentsatu zuten medikuek. Egun gutxi batzuk pasata, urtarrilaren 13an, hil egin zen Charles Lafarge. Esan bezala, lehen susmagarria Marie izan zen; izan ere, etxeko langileek hauts zuri bat prestatzen ikusi zuten eta jakin zen tarta egin aurretik artsenikoa erosi zuela -arratoiak akabatzeko zela esan omen zuen- Marie Lafarge berehala atxilotu zuten eta poliziak ikerketa abiatu zuen heriotza argitzeko: Charlesen urdailaren eta okaden laginak hartu zituzten, eta baita etxean zeuden elikagaiena ere. Ikertzaileek arrautza-pontxean eta urdailean artseniko aztarnak aurkitu zituzten, baina okadaren laginetan ez.

Marie Lafargeren etorkizuna iluna zen, baina bere abokatuak bazekien artsenikoa detektatzeko erabilitako esperimentuek hutsuneak izan zitzaketela. Horretarako, Parisko zientzialari ospetsu baten lanetara jo zuen abokatuak, Mateu Josep Bonaventura Orfila i Rotger izenekoa. Mateu Orfila Menorkan jaio zen 1787an, baina Valentzian eta Bartzelonan medikuntza ikasi ondoren, Parisera joan zen. Bertan kimikaren eta toxikologiaren arloko hainbat lan garrantzitsu egin zituen eta gaur egun toxikologiaren aitzindaritzat hartzen da. 1813an Traité des Poisons ou Toxicologie Générale idatzi zuen eta 1817an Eléments de Chimie Médicale, toxikologiaren oinarrizko bibliografia osatu zuten lanak.

Marie Lafargeren kasura itzuliz, esan bezala, bere abokatuak Orfilaren lanetara jo zuen artsenikoaren proba zalantzan jartzeko. Orfilak aipatu zuen proba horiek zalantzan jartzekoak zirela; izan ere, James Marsh-ek diseinatutako artsenikoaren proba berria ─Marshen proba─ hobea eta eraginkorragoa zen. Proba hau jada aipatu genuen John Bodle-ren auzian, baina kontuan hartu behar dugu 1836an eman zela proba horren berri; hortaz, Charles Lafargeren hilketaren epaiketan ziurrenik bertako medikuek ez zuten, artean, Marshen proba ezagutzen. Hori horrela izanik, epaileak beste aditu batzuk ekarri zituen Limoges hiriburutik, Marshen probaren arabera egin zitzaten analisiak.

Bigarren analisi horietan ez zen artseniko arrastorik aurkitu. Alabaina, fiskaltzak ere Orfilaren lanak ezagutzen zituen eta bazekiten okada ugari izan ostean artsenikoa desagertzea posible zela eta, beraz, Charles Lafargeren organoak aztertzeko eskaera egin zuten. Hirugarren analisia lehen eta bigarren analisietako adituek burutu zuten, eta, horretarako, hamar hilabete lurpean pasa zituen Lafargeren gorpua atera zuten. Kasu honetan analisiak aire zabalean egin zituzten, ekitaldi publikoan. Garaiko testigantzek diotenez, jende mordoa hurbildu zen bertara eta, antza denez, bertan zegoen kiratsa ezin da hitzen bidez deskribatu. Hirugarren analisian ez zen artsenikorik aurkitu eta Lafarge andrea negar batean hasi zen pozaren pozez. Fiskalak adituei galdetu zien ea zenbat aldiz egin zuten Marshen proba lehenago eta guztiek egia onartu behar izan zuten: ez zuten inoiz proba hori egin.

Instrukzio-epaileak ezin izan zuen erabaki argirik hartu, kontuan hartuta autopsiak artseniko-intoxikazioa iradokitzen zuela, baina analisi kimikoen ondorioak kontrajarriak zirela. Gauzak horrela izanik, Orfila bera eta Parisko aditu talde bat ekarri zuten Frantziako hiriburutik laugarren analisia burutzeko. Orfilak Marshen proba tentuz egin zuen, horretan aditua baitzen. Lafarge jaunaren organoetan artsenikoa zegoela frogatu zuen ─eta artseniko hori ez zetorrela hilerriko lurretik. Era berean, Orfila gai izan zen aurreko analisien akatsak zehazteko eta, esan zuenez, Marshen proba modu desegokian egin izanagatik gertatu ziren akats gehienak.

Orfilaren arabera normala zen bezala, bertako medikuek ez zituzten ezagutzen Marshen probaren xehetasunak eta idatzitako liburuetan bakarrik oinarrituta oso zaila zen proba modu zuzenean egitea: ezinbestekoa zen eskarmentu eta prestakuntza praktikoa. Defentsak azken ahalegina egin zuen Orfilaren lana zalantzan jartzeko, baina ahalegina berandu iritsi zen eta epaileak amaitutzat emanak zituen lanak. Marie Lafarge errudun jo zuten eta biziarteko zigorra ezarri zioten. Kartzelan zegoela bere memoriak argitaratu zituen eta bertan berriro ere adierazi zuen errugabea zela. Tuberkulosiak jota, hogeita hamasei urterekin hil zen, eta azken unera arte esan zuen berak ez zuela senarra hil.

Lafarge kasuak eztabaida piztu zuen akademiaren munduan; izan ere, egindako proba toxikologikoek bazuten zalantzarako puntua eta, urteak pasata ere, parlamentuko batzordeak eratu ziren epaiaren egokitasuna berraztertzeko. Edozein kasutan, Lafargeren epaiketan gertatutakoa baliagarria izan zen garai hartako prozedura toxikologikoak berrikusteko, bai eta eta laginak jasotzeko eta analizatzeko moduak berraztertzeko. Frantzian artsenikoa detektatzeko proben inguruan eztabaida bizia egon zen. Liskarrak ugariak izan ziren Medikuntzako Akademiaren ─Orfilaren aldekoa─ eta Zientzien Akademiaren ─Orfilaren metodoak zalantzan jartzen zituena─ artean. Aipatzekoa da Mateu Orfilak botere instituzional nabarmena zuela Parisen eta botere hori erabili zuela bere zientzia-argudioak babesteko. Ez zen erraza beste mediku edo adituak Orfilaren aurka egotea; izan ere, medikuen karrera profesionaletan erabaki garrantzitsuak har zitzaketen batzordeetan zegoen Orfila. Horri guztiari buruzko analisi sakona egin du Bertomeu Sánchez-ek Sentido y sensibilidad: Mateu Orfila, el ensayo de Marsh y el caso Lafarge (2006) izenburu duen lanean.

Xehetasun horiek alde batera utzita, Lafarge kasua ez zen ulerterraza izan gizartearen ikuspegitik. Garai hartako egunkari batean argitaratu omen zen Marie Lafarge zientziak absolbitu zuela bi egun geroago kondenatzeko. Ziur horrela izan zela kasu honetan eta beste batzuetan; izan ere, kimika analitikoak huts egiten zuen, artean, puntu askotan eta horrek XIX. mendeko pozoitzaileen lana errazten zuen.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Bertomeu Sánchez, José Ramón (2006). Sentido y sensibilidad: Mateu Orfila, el ensayo de Marsh y el caso Lafarge, Cuadernos de la Fundación Antonio Esteve, 6, 73-97.
  • McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.
  • Viajes Jurídicos (2021eko otsailaren 6a). El arsénico en la historia del crimen. El caso Bodle, Lafarge y otros. viajesjuridicos.com

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.


Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:

  1. Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
  2. Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
  3. Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
  4. Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia
  5. Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.