Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Krimenaren agertokian hainbat objektu edo elementu aurki ditzakete ikertzaileek, baina horietako batzuk bakarrik izango dira baliagarriak krimenaren egilea edo egileak identifikatzeko edo pertsona susmagarri besterik ez direnak libratzeko. Aztarnak, ebidentziak eta frogak ez dira gauza bera, eta jarraian argituko dugu haien arteko desberdintasuna.

Krimenaren agertokiari eskainitako artikuluan aipatu genuen agertokian daudela delitua gertatu den edo ez frogatu dezaketen objektuak, biktimagilearen informazioa eman dezaketenak edota biktimaren eta biktimagilearen arteko lotura argitu dezaketenak. Hori horrela izanik, delitua argitzeko informazioa ematen duten objektuei ebidentzia edo aztarna deritze. Ingelesez evidence da ohiko hitza eta, gure inguruan ere, geroz eta gehiago erabiltzen da. Adituen iritziz (Esteban Santos, 2023), ebidentzia edo aztarna ─gaztelaniaz indicio─ sinonimotzat har daitezke. Hala eta guztiz ere, auzitegi-zientzian xehetasunak garrantzitsuak dira, eta, kasu askotan sinonimotzat erabiltzen diren arren, badaude azpimarratu beharreko gako batzuk.

aztarnak ebidentziak
Irudia: aztarnak, ebidentziak eta frogak ez dira gauza bera auzitegi-zientzian. (Argazkia: cottonbro studio – pexels lizentziapean. Iturria: pexels.com).

Esan bezala, krimenaren agertokian jasotzen diren eta krimena argitzeko informazioa ematen duten elementuak ebidentziak edo aztarnak dira. Hala ere, adituek azpimarratzen dute aztarna batek hipotesi bat sorrarazten duela edo subjektiboa dela; alegia, balizko ebidentzia bat dela. Aztarna bat ebidentzia bihurtzen da objektiboa denean, krimenarekin estuki lotuta dagoenean edo, nolabait, hipotesiaren egiaztapena dakarrenean. Adibidez, krimenaren agertokian hatz-marka bat aurkitzen bada, aztarna bat izango da. Behin poliziak hatz-marka hori aztertu duenean krimenarekin zerikusia duen norbaitena dela frogatzen bada, ebidentzia bat dela esango dugu ─izan ere, krimenaren agertokian pertsona jakin baten presentzia egiaztatzen du─.

Auzitegi-zientziatik harago, auzitegien lege-esparrua kontuan hartuta, frogak ere badaude; alegia, gertakari bat epaitzeko epaileak argudio gisa onartu dituen ebidentziak. Edozein kasutan, froga zer den definitzea ez da erraza eta autore bakoitzaren arabera ñabardurak daude definizioan. Beraz, labur esanda, onar dezakegu elementu bat hasiera batean aztarna bat dela, gero ebidentzia bilakatuko dela krimenarekin lotura estua eta balidatua badu eta, azkenean, epaileak ontzat ematen badu, froga izango dela gaizkilea kondenatzeko edo errugabea absolbitzeko. Artikulu-sorta honetan, ebidentzia eta aztarna sinonimotzat hartuko da, ez bada ñabardura zehatz bat adierazi nahi. Frogei dagokienez, Espainiako Prozedura Kriminalaren Legean lau froga mota bereizten dira: aitortzak, lekukoen testigantzak, adituen txostenak ─ebidentzietan eta aztarnetan oinarritutakoak─ eta froga dokumentalak ─gertakariak argitzeko balio duten dokumentuak, liburuak eta abarrak─. Horiek guztiak kontuan hartuta hartuko du erabakia epaileak.

Auzitegi-zientziara itzuliz, ebidentzien sailkapena modu bat baino gehiagotara egin daiteke. Jatorriaren ikuspegitik, ebidentzia biologikoak, ebidentzia ez biologikoak ─fisikoak eta kimikoak─ eta arrastoak bereizten dira. Ebidentzia biologikoen artean garrantzitsuenak honako hauek dira: odola, semena, listua, ilea, azkazalak, azala, organoak, gorputzeko fluidoak eta landare- edo animali jatorriko ebidentziak. Ebidentzia ez biologikoen kasuan ebidentzia fisikoak eta kimikoak sailkatzen dira, alegia: margoak, zuntzak, dokumentuak, drogak, lehergaiak, su-armak eta munizioa, su-armen arrastoak, beira, plastikoak, lurra eta mineralak. Azkenik, arrastoen multzoan sailkatzen dira honakoak: hatz-markak, erreminten markak eta bestelako markak ─neumatikoenak, oinetakoenak…─. Hemen zerrendatutakoak ohiko adibide batzuk besterik ez dira; izan ere, askotariko ebidentziak aurki daitezke krimen baten agertokian.

Ikertzen diren ekintzekin duten loturaren arabera, aldiz, ebidentziak bitan sailkatzen dira: ebidentzia zuzenak eta zeharkako ebidentziak edo zirkunstantzia-ebidentziak. Esate baterako, ordenagailu batean fitxategi bat topatzen bada non pertsona batek idatzi duen lehergai bat egiteko jarraitu dituen pausoak, ebidentzia zuzena litzateke. Aldiz, ordenagailuaren historian topatzen bada lehergailuak egiteko webgunean bilatzen egon dela, zeharkako ebidentzia izango litzateke. Ebidentzia zuzenak ez du inferentzia edo dedukziorik behar ekintza bat azaltzeko, baina zeharkako ebidentzien kasuan normalean auzitegi-zientzialariaren lana behar izaten da krimenaren azalpenera iristeko. Hortaz, kasu gehienetan auzitegi-zientzian aztertzen diren ebidentziak zirkunstantzialak edo zeharkakoak dira.

Aztarna eta ebidentzia guztien azterketari esker, krimena berregitea izango da helburua eta, horren bidez, krimenaren egilea identifikatzea edo pertsona susmagarriak bakarrik direnak libratzea.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.


Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:

  1. Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
  2. Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
  3. Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
  4. Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia
  5. Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua
  6. Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.