Egunero zientzia eta teknologia dugu hizpide Zientzia Kaiera blogean. Ikerketak, pil-pilean dauden gaiak, argitalpenak, zientziaren historiaren pasarteak, zientzialariak eta beste hainbat dira protagonistak. Horrez gain, egon badaude inguruan tentuz erreparatzea merezi duten zientziaren historiako bestelako protagonistak.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko blogak ibilbide luzea du lan honetan. Urteak daramatza zientziarekin lotuta dauden hamaika datu, kontu eta istorio zabaltzen. Haren ildoa jarraituz, horrelakoak ekarriko ditu ostiralero gure blogera Uxune Martinez dokumentalistak. Ezagutzen ez ditugun bitxikeriei tartea ematea du helburu Dozena erdi datu interesgarri atalak. Informazio dosi txikiak eta freskagarriak udarako.
Hona hemen gure bosgarren alea: Euskarazko dibulgazioaren iragana.
Zientzia-dibulgazioak XVIII. mendean hartu zuen indarra Europan, Ilustrazioaren garaian. Sasoi hartan ezagutza gizarteratzea beharrezkoa zela antzeman zuten adituek, ezagutza zientifikoak bizitza eta gizartearen ezaugarriak ulertzeko baliagarriak zirelako herritarrentzat. Honen baitan argitaratu ziren lehen entziklopedia handiak: L´Encyclopédie (1751) eta Encyclopaedia Britannica (1768). Entziklopediek arrakasta handia izan zuten eta jendearen interesa piztu zuten ezagutzaren bildumek. Horren adibidea da, Britainiar Entziklopedia argitaratu eta 30 urte beranduago 21 liburukiz osatutako hirugarren edizioa kaleratu zela. Herritarren ezagupen grina asetzen zuten argitalpenok, bizitzaren oinarriak, munduaren ezaugarriak eta gertakizunak eskura jartzen baitzizkien.
XIX. mendean prentsaren garapenak bilakaera baikorra izan zuen. 1850. urtetik aurrera egunkarien hazkundea nabarmena izan zen eta zientziak kanal berria lortu zuen bere hedapenean, kazetaritza. Egunkarietan zientzia-dibulgazioa jorratzen hasi ziren eta zientzialariek lortutako aurrerapenen berri ematen hasi ziren.
Euskal Herrian ere zientzia-dibulgazioak pareko bidea egin zuen. 1764. urtean Gipuzkoan, Peñafloridako kondeak bultzatua sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Besteak beste, artea, literatura eta zientzia-gaiak lantzeko eta sustatzeko eratu zuten elkartea. Honen adibide dira, adibidez, Bergaran 1776an sortu zuten Bergarako Errege Mintegia non zientzia jorratzen zuten sasoiko ikertzaileek, zientzialariek eta adituek. Mintegiak urte bete beranduago Laboratorium Chemicum-a eraiki zuen. Hemen, kimika, botanika, mineralogia eta anatomia gaiei lotutako ikerketa eta prospekzioak egiten zituzten.
Horrez gain, Mintegian haren sustapen lanari ekiteko, hainbat arlori lotutako klaseak ere ematen ziren: hizkuntzak, geografia, matematika eta zientzia esperimentalak. Ezaguna da bertan gertatuko aurkikuntza bat, 1783. urtean Elhuyar anaien eskutik etorri zena, wolframa isolatu baitzuten, taula periodikoko 74. elementu kimikoa. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak beraz, kultura-gaiak osotasunean landu eta sustatzeko lanetan aritu zen. Urteak aurrera egin ahala elkarteak hainbat gorabehera bizi izan zituen eta sorrerako izpirituak indarra galdu zuen hainbat arrazoi zirela medio. Egun, elkarteak bizirik dirau [1] eta sorrerako helburu nagusiari eusten dio.
Sorreran dibulgaziozko jarduerak bazuten ezaugarri berezi bat, praktikotasuna. Izan ere, euren helburua gizartea heztea zen bizitza errazteko edota hobetzeko. Helburu hau aurrera eramateko bi esparru nagusi landu ziren gurean: nekazaritza eta osasuna. Lehena, batez ere, sasoiko gizartean nekazaritza zelako jarduera ekonomiko nagusia. Hona hemen bi adibide:
- 1878an Donostian emakume batek idatzitako dokumentu bat dugu lehena: “Nola serbitu bear dan Peruco chori-ongarria eta dagoquion usaera lur landu bacoitzetan”. Nekazaritzan ongarrien erabilera nagusitzen joan zen XIX. mendean Europan eta baita Euskal Herrian. Nekazariek ongarriei buruzko informazioa hurbiltzea zuen helburu goian aipatu den testuak, J. Aurrekoetxearen alargunak idatzitako testuak hain zuzen. Ustez, Juana Teresa Oheine andereak, bere gizona galdu ondoren familiako enpresaren gidaritza hartu zuen eta armadorea izan zen. Haren zereginetatik jaso zuen seguruenik Juana Teresak hegaztien gorotzez egiten zen guano ongarriari buruzko informazioa. Dirudienez, ongarria inportatzen zuen saltzaile batek erosleei ematen zien eskuorria eta gerora Oheine andereak euskaraz zabaldu zuen informazioa euskaratu ondoren. [2]
- 1899an Gipuzkoako bi herritako medikuek argitaratu zuten pazientei zuzendurik osasunerako gida bat: “Manuel de higiene y medicina popular: dedicado a los habitantes del País Vascongado” / Erriko gendeentzat osasun legueac eta medicantzaco arguibideak Euskal Erritarrai esqueñiac” (Artetxe, 2013: 46-47. orrialdeak). Martin Aranburu eta Manuel Bago medikuek idatzi zuten eta hainbat gaixotasunei buruzko informazioa eskaintzen zuten, hauek deskribatuz. Euren intentzioa zen, gaixotasunei aurre egiteko aholkuak eskaintzea herritarrei higienea zaintzeko eta gaixotasunak ekiditeko.
Zientzia-dibulgaziozko lan landuagoak XX. mendean argitaratzen hasi ziren. Adibidez, 1923. urtean Agustin Anabitarte idazleak Einsteinek lau urte arinago (1919an) landu zituen teorien berri eman zuen euskaraz Euzkadi egunkarian, “Einsteinen ustariak” izenburua zuten artikuluen bidez [3]. Karmele Artetxe ikertzaileak bere azken lanean [4] aipatu zuen moduan, hau izan zen “fisikari buruz euskaraz idatzitako lehen testua”. Zientzia-dibulgazioko lan aitzindaria izan zen Agustin Anabitarterena.
Harrezkero, euskaraz lanak argitaratu ziren egileen jakin-minak hauspotuta. Aita Gabirel Jauregik 1935. urtean Fisia liburua argitaratu zuen eta 1936. urtean Kimia. Fisika eta kimika arloko lehen euskarazko eskuliburuak argitaratu zituen Gabirel Jauregik, natur zientziengatik zuen jakin-mina eta irrikak bultzatuta. Fisia liburua arrakastatsua bihurtu zen eta argitaratu eta handik hilabete batzuetara agortu zen. Kimia liburuak ere interesa sortu zuen gizartean baina Gerra Zibilaren hasiera suertaturik, bere bidea ez zen Kimia liburuaren bezain oparoa izan. Gerrak, tamalez, Aita Gabirel Jauregiren ekarpenak ere mugatu zituen eta aurreikusten zituen arren, ez zuen idatzi eskuliburu gehiago.
Norbanakoez gain, erakundeak ere baziren dibulgazioan eta honen baitan aipatzekoa da, besteak beste 1918. urtean eratu zen Eusko Ikaskuntzak egindako bidea. Euskal adituen ekarpenak kaleratzeko hitzaldiak eta kongresuak antolatu zituen eta euskaraz jarduteko intentzioa hainbatetan agertu bazuen ere, gaztelaniaz aritu zen gehien bat.
Gerraren ostean, dibulgazioaren etorriak geldiunea bizi izan zuten eta honen berpizkunde nagusia XX. mendeko 70eko hamarkadan izan zen. Hor sortu eta jaio ziren gaur egun euskarazko zientzia-dibulgazioan lanean diharduten hainbat erakunde eta elkarte: besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatea, Udako Euskal Unibertsitatea eta Elhuyar Fundazioa.
Oharrak
[1] Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egungo estatuen lehen artikuluak adierazten du sorrerako helburu nagusiari eusten diola egun elkarteak: “Zientziak, Arte Ederrak eta Letretarako Euskal Herriaren joera eta zaletasuna bultzatzea da, hots, ohiturak zuzendu eta fintzea, eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzea. Helburu horretara zuzenduko ditu Euskal Herriaren aurrerapen ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzen duten jarduera, azterketa edo ikerketa guztiak, eta herriaren hizkuntza, lege, ohitura eta usadioak, eta historia aztertzen jarraituko du.” http://www.bascongada.org/?cat=12&lang=eu
[2] Kepa Altonagak ematen dut honen berri 2011ko Ekaia aldizkariaren 24. alean. http://www.ehu.es/ojs/index.php/ekaia/article/view/6830/6252
[3] Fernando Plazaolak ematen du honen berri, 2005ean Ekaia aldizkariaren 19. zenbakian argitaratu zuen “Agustin Anabitarteren Einstein´en ustariak (1923) artikuluan. http://www.ehu.es/ojs/index.php/ekaia/article/download/2441/2029
[4] Artetxe Sanchez, Karmele (2013): Einstein Euzkadin. Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz. Donostia, Utriusque Vasconiae.