Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Klima-aldaketa
Alcaláko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak egindako azterlan batek erakutsi du klima-aldaketak zuhaitzen hazkundea sinkronizatzen duela, banakoen arteko diferentziak murriztuz. Zuhaitz tamaina homogeneoa duten basoak klima-aldaketarekiko zaurgarriagoak dira. Pago motzen basoek, aldiz, erresilientzia handiagoa erakusten dute, egitura anitza dutelako. Azterketak azpimarratu du basoen egitura-aniztasuna funtsezkoa dela karbono bahiketa eta bioaniztasuna indartzeko. Ikerketa Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratu dute. Ikerketaren nondik norakoak Zientzia Kaieran.
Medikuntza
Londresko King’s Collegen garatutako milioika nanoorratz dituen txaplatari esker, biopsia tradizionalen ordez, minbizia, alzheimerra eta bestelako gaitzak azkarrago, errazago eta seguruago diagnostikatu daitezke. Nanoorratzek ehuna kaltetu gabe ateratzen dituzte konposatuak, eta masa-espektrometria eta adimen artifizialaren bidez aztertzen dira. Gainera, metodoak gaixotasunen bilakaera monitorizatzeko aukera ematen du, adibidez, garuneko kirurgietan, diagnostiko azkarra ahalbidetuz. Oraingoz, saguetan eta giza zelulen kultiboetan probatu dute. Nature Nanotechnology aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Osasuna
Heste-mikrobiota funtsezkoa da osasunerako, eta haren oreka haustea —disbiosia— lotuta dago sindrome metabolikoarekin (obesitatea, diabetesa, dislipemiak…). Probiotikoek eta postbiotikoek mikrobiota orekatzen dute, heste-hesiaren funtzioa hobetzen dute eta hantura murrizten dute. Probiotikoek bakterio onuragarriak ematen dituzte, eta postbiotikoek, bakterio horien metabolito edo osagai inaktiboak. Biak baliagarriak dira sindrome metabolikoa prebenitu edo tratatzeko, nahiz eta gehiago ikertu behar diren ekintza-mekanismoak eta dosiak zehazteko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Zoologia
Ikerketa baten arabera, sarraskijale ornodunen % 36 arriskuan daude, batez ere kate trofikoaren gorengo mailakoak, hala nola punta zuriko marrazo ozeanikoa. Espezie hauek hildako animalien gorpuak kentzen dituzte, gaitzak prebenituz eta ekosistemei eutsiz, baina populazioen galera giza osasunerako arriskutsua izan daiteke. Aitzitik, karraskariak bezalako sarraskijale txikiak ugaritzen ari dira, eta ikertzaileek diote horiek gaitzak zabaltzeko arriskua handitu dezaketela. Horren aurrean, Osasun Bakarra estrategiaren balioa goraipatu dute. Xehetasunak Elhuyar aldizkaria.
Botanika
Nahiz eta lore zintzoek hazi gehiago ekoitzi, landare gezurtiek polinizatzaile gehiago erakartzen dituzte, eta haien genotipoa da populazioan nagusi New Phytologist aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu duen bezala. Horretarako Mexikoko T. velutina landarearen 1.098 lore eta 45 genotipo aztertu dira. Honek iradokitzen du zintzotasuna genetikoa eta heredagarria dela, baina gezurti izateak abantaila ebolutiboak izan ditzakeela energia aurrezteko edo polinizatzaile kopuru handia izatearen ondorioz. Horrela, landareen seinale gezurtiak ebolutiboan mantendu daitezke hainbat presio selektiboren eraginez. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Geologia
Blanca Martínez UPV/EHUko Geologian doktoreak Gasteizko Miguel de Unamuno Institutuko ikasleen “Zergatik dira naturan elementu batzuk beste batzuk baino ezohikoagoak?” galderari erantzuna ematen dio Zientzia Kaieran. Azaldu duenez, elementu kimikoen banaketa geologiaren bidez ulertzen da: eguzki-sistemaren sorreran, elementu arinak urrunago kokatu ziren eta astunak, Lurrean. Grabitateak dentsoenak nukleora eraman zituen, eta prozesu geologikoek elementuak birbanatu edo aldatu egiten dituzte. Lur arraroak ez dira hain urriak, baina zailak dira ustiatzeko, eta horregatik dira baliotsuak.
Biologia
Helen Battle Kanadako ikertzaile aitzindaria izan zen itsas biologiaren eta iktiologiaren alorrean. Itsas Biologiako doktoretza eskuratu zuen lehen emakume kanadarra izan zen eta arrainen enbriologiaren inguruan ikerketa garrantzitsuak egin zituen. Laborategiko teknikak itsas organismoen azterketan aplikatu zituen lehenetarikoa izan zen. Emakumeen zientzian parte hartzea sustatu zuen, eta hainbat sari eta aintzatespen jaso zituen. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Ingururmena
AEBko ikerketa baten arabera, plastikozko poltsei politika murriztaileak ezartzeak kostaldeko kutsadura % 25-47 gutxitzen du. Science aldizkarian argitaratutako azterketak 2007-2023 artean ezarritako 600 neurri baino gehiago eta milaka garbiketa datu bildu ditu. Estatu-mailako politikak udal-politikak baino eraginkorragoak direla ikusi dute, eta tasak debekuak baino hobeak izan daitezke. Hala ere, plastikoen kutsadura goraka doa oraindik, eta ikertzaileek ikuspegi zabalagoak eta koordinatuagoak hartzea mundu osoan eskatu dituzte 2025eko NBEren akordioaren harira. Ikerketaren nondik norakoak Elhuyar aldizkarian.
Izaskun Aseginolaza Euskal Herriko Unibertsitateko arkitekto eta ikertzaileak hirigintzak osasunean duen eragina aztertu du. Azaldu duen bezala, berdeguneek eta irisgarritasun oneko espazio publikoek osasuna hobetzen dute eta autoaren menpekotasunak kalte egiten dio ongizateari. Industria Iraultzatik aurrera sortutako hiri ereduek jende pilaketa, kutsadura eta sedentarismoa ekarri dituzte. Etorkizunerako, jarduera ekonomikoak eta etxebizitzak hurbildu behar direla dio, garraio publikoa eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko, eta landa-hiri arteko oreka bultzatu behar dela nabarmendu du. Itsaso Jauregi kazetariak egin dio elkarrizketa Berrian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.