Adinak ez ditu lagunak uxatzen, baina garunak bai

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ikerketa baten arabera, zahartzaroarekin batera izaten omen den gaitasun sozialen jaistea lotuta dago garuneko zenbait sareren arteko loturaren galerarekin.

150 lagun. Hori da, Robin Ian MacDonald Dunbar antropologoaren arabera, gure garunaren konfigurazioan oinarrituta, maila sozialean maneiatu ahal ditugun harremanen kopurua. Zientzialari honek garatutako garun sozialaren hipotesiak onarpen handia izan du gizarte zientzietan, eta harreman hori bai primate guztietan zein gizakietan ere ematen dela proposatzen du. Harago doa kontua: Dunbarren arabera, 150 lagun inguruz osatutako giza talde batean harreman sozialak mantentzeko, denboraren 42 % inguru harreman horiek lantzera bideratu beharra dago.

Jakina da zientziara jotzen dela sarritan gure jardun zein bekatutxoen justifikazioen bila, eta, oraingoan ere, horrela izan daiteke. Hala, bikotekideak galdetuz gero ea zergatik ematen duzun hainbeste denbora tabernan, erantzun, beldurrik gabe, errua Dunbarren zenbakiarena dela. Giza harremanez gain bikotekidea luzaro kontserbatu nahi izanez gero, ordea, hobe duzu bikotekidea ere tabernara gonbidatzea. Bakea bedi zeruan, bai eta lurrean ere.

gaitasun
1. irudia: zahartzaroan, garunean izaten diren aldaketek eragina izan dezakete gaitasun sozialen jaitsieran, ikertzaileen arabera. (Argazkia: Kush Dwivedi / Unsplash)

Txantxetarako ez ezik, Dunbarren hipotesia oraindik inspirazio iturria da ikertzaileentzat, eta hala izan da ere oraingoan. Izan ere, Dunbarrek planteatzen du neokortexean dauden neuronen kopuruak giza harremanak mantentzeko gaitasuna mugatzen duela. Hortaz, logikaren arabera, adinarekin garuna zaharkitzen den heinean, teorian horrek ere nolabaiteko eragina izan beharko luke harreman sozialetan.

Nanyangeko (Singapur) Unibertsitateko ikertzaileek hau horrela ote den argitu nahi izan dute. Plos ONE aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez, Erresonantzia magnetiko funtzionalaren (fMRI) bidez hartutako datuetan oinarritu dute ikerketa. 20 eta 77 urte arteko 196 laguni egindako erresonantzietan jasotako datuak alderatu dituzte soziabilitatea neurtzen duten galdetegietan jasotako emaitzekin.

Erresonantzia horiek hartu daitezke ataza bat egiten den bitartean, estimulu baten aurrean egonda ala atseden egoeran. Zientzialariek azken motakoak aukeratu dituzte. Horietan, azaleratu daitezke garuneko zenbait eremuren artean bat-batean sortzen diren loturak; behin horiek jasota, adinaren eta soziabilitatearen artean egon daitezkeen harremanak bilatu dituzte. Korrelazioaz harago joan dira, dena dela. Izan ere, egileek diote demostratu dutela garunean aldatzen den konektibitateak portaera sozialean eragiten duela.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, zahartzaroarekin batera, garunaren barruan izaten diren sareen arteko komunikazioa aldatuz doa, eta, dirudienez, horrek eragina izan dezake gaitasun sozialetan. Funtsean, harremanak mantentzeko gako diren garunaren eremuen arteko loturen jaitsierarekin lotu dute zahartzaroan gerta daitekeen soziabilitatearen galera.

gaitasun
2. irudia: garuneko sareen arteko harremanak aztertu dituzte. A ereduak adinarekin indartzen diren loturak adierazten ditu, eta B ereduak, berriz, ahultzen direnak. (Grafikoa: Dan et al., 2025, PLOS One, CC-BY 4.0.)

Bi motatako sare neuronal daudela ondorioztatu dute. Horietako bat, adinarekin indartu egiten da, baina sare hori ez dago soziabilitateari lotuta. Bigarrena justu kontrako norabidean doa: soziabilitateari lotuta dago, baina, oraingoan, adinarekin batera ahuldu egiten da.

Galdetegien bitartez ondorioztatu dute gero eta zaharrago izan, orduan eta soziabilitate gutxiago dutela ikerketan parte hartu duten lagunek. “Gure emaitzek iradokitzen dute zahartzaroak garunaren funtzioen arkitektura aldatzen dela, harreman sozialak sortu eta mantentzeko beharrezkoak diren gaitasunak gutxitzen dituelako”, adierazi dute. Gogora ekarri dute hainbat gaitasun kognitibo nahitaezkoak direla harreman sozialetarako, baina adinarekin gainbeheran sartzen dira. Horietako batzuk dira enpatia, besteen emozioak ulertzea edota emozioen gaineko kontrola.

Harreman honekin lotura gehien duten garunaren eremuak identifikatu dituzte: sistema linbikoa, intsula, zein arretaren eta kontrol kognitiboaren sareak –arreta bentraleko sarea eta sare somatomotor izenekoak, hain zuzen–. Emozioen kudeaketa, pertzepzio soziala eta introspekzioa arautzen dituzten sistemak dira hauek.

Egileak sinetsita daude garuneko sareak ahalik eta hoberen mantentzea garrantzitsua dela isolamendua eta herabetasun sozialaren kontra egiteko. Soziabilitate hutsaz harago doan kontua da, horren ondorioz depresioa, narriadura kognitiboa edota, are, hilgarritasuna handitu ditzakeelako harreman sozialetan atzera egiteak. Behin honen abiapuntuan dagoen oinarri neuronala aztertuta, zientzialariek uste dute agian behaketa prebentiboak egin ahalko direla sare hauen gainbehera adieraziko duten biomarkatzaileak aurkitu, eta, modu horretan diagnosiak egin eta esku hartze medikoak egin ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dan, Yuet Ruh; Siew, Savannah K. H; Yu, Junhong (2025). Intrinsic functional connectivity brain networks mediate effect of age on sociability. PLoS One. DOI: 10.1371/journal.pone.0324277


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.