Animaliek fotosintesia egiten dutela esateak harridura sortzen du, baina badira eguzki-argiaz baliatzen diren zizare txiki batzuk, Symsagittifera roscoffensis izenekoak. Haien sekretua ez dago pigmentuetan, baizik eta barnean hartzen dituzten alga fotosintetikoetan. Zelan izan daiteke hori? Non bizi dira? Nola antolatzen dira? Zergatik dira garrantzitsuak izaki hauek?
Ez da magia: fotosinbiosia da
Symsagittifera roscoffensis, edo Roscoff zizarea deritzonak, 1 – 4 milimetroko luzera duten eta Ipar Atlantikoko hondartzetan zehar bizi diren zizare nimiñoak dira.
Jaio orduko, Tetraselmis convolutae espeziekoak diren mikroalgen bila abiatzen dira; izan ere, biziraupenerako funtsezkoa zaie fotosinbiosi horren harremana. Itsasertzean bizi diren alga libre horiek irentsi, beren ehunetan integratu eta, 10-15 egunera, zizareak guztiz berdeak bilakatuko dira. Alga gabe geratzen direnak, aldiz, ez dira 20 egun baino gehiago biziko. Estimatu da zizare helduetan 40.000 alga inguru bizi direla.
Koralak dira fotosinbiosiaren adibide ezagunenak; kasu horretan, estua da animaliaren eta zooxantela algen arteko harremana. Elkarrekiko onuragarria den fotosintesian oinarritutako sinbiosia da fotosinbiosia. Horri esker, Roscoff zizareak ez du elikagai bila ibili behar. Algek fotosintesiaren bidez ekoitzitako mantenugaiak zizarearen elikagaia bihurtzen dira, eta algek zizaretik babesa eta karbono dioxidoa jasotzen dute. Zizarearen ahoa, hortaz, ez da elikatzeko erabiltzen, baizik eta sinbiosia hasteko: algak integratzeko tresna bilakatu da (1.irudia).

Zizareen gizartearen antolakuntza kolektiboa
Zizare hauek marearteko putzuen eremuan bizi dira. Gizakiok begi-bistaz banakoak ikusteko gai izan ez arren, milioika indibiduok osatutako kolonia berdeak ikusteko gai gara, hareari kolore berdea ematen baitiote (2.irudia).
Marearteko eremuan bizi izanda, portaera konplexuak garatu dituzte ingurune aldakor eta estresagarriei aurre egiteko. Argiaren, grabitatearen, uraren korronteen edo estimulu mekanikoen aurrean erreakzionatzen dute eta mugimendu kolektibo antolatuak sortzen dituzte.
Grabitatearen norabidean mugitzen dira (geotaxia). Kanpo-estimulu mekaniko baten ondoren (kolpe bat esaterako), zizareak azkar egiten du behera harea garauen artean ezkutatzera. Jaioberrietan, ez dute artean grabitatearekiko erreakziorik, ez baitute grabitatea sentitzeko funtsezkoa den egiturarik (estatozistoa). Estimulazio mekanikoaren eta bibrazioaren aurrean, helduek gorputza uzkurtzen dute, trinko eusteko. Portaera horrek garuna kenduta ere irauten du!
Uraren korronteen aurrean (rheotaxia), zizareek jarrera desberdinak hartzen dituzte korronteen indarraren arabera. Korrontea indartsua ez bada, haren norabidean mugitzen dira, baina korrontea indartzen den heinean, lurrean itsasten dira eta floc deritzen egituretan antolatzen dira. Floc-ak pilota itxurako egitura trinkoak dira, eta sortzen dira zizareak estimulua nabaritu eta 0,2 segundo baino gutxiagoan uzkurtu, kiribildu eta elkarri lotzen direnean. Oso arriskutsua dute banaka ibiltzea igerian, olatuek itsasora eraman baititzakete; floc-ean ordea, zizareek pisu handiagoa hartzen dute eta azkarrago eta seguruago hondoratzen dira. Floc-ean, bakarrik egonda baino % 50 azkarrago hondoratzen direla ikusi da, eta abantaila handia dute hori biziraupenerako. Ura baretu bezain laster, zizareak banatzen hasten dira.
Koloniak argiaren norabidean mugitzen dira mugimendu koordinatuetan (fototaxia positiboa). Ikusi da jaioberriak argi zurirantz mugitzen direla eta saihestu egiten dituztela, bizi osoan zehar, intentsitate oso altuko edo oso baxuko argiak; izan ere, argi-intentsitate oso altuetan eta oso baxuetan ez da fotosintesia gauzatzen. Floc-ak oso lagungarriak egiten zaizkie argi-intentsitate handiko aldietan, itzala sortzeko balio baitute.
Gainera, zizare talde bateko kideek erritmo zirkadiano zehatza badute (itsasaldiak bezalako zikloei lotua) eta beste talde batekoek ez, talde handieneko portaerak inposatzen dira guztiengan. Horrek adierazten du norbanakoen portaera alda daitekeela taldeko dinamikaren arabera.
Jokabide harrigarri horien oinarria zizareen antolakuntza kolektiboa da. Portaera horiek ez dira ausazkoak, baizik eta ingurune aldakorretan bizirik irauteko garatu dituzten estrategiak. Horrek adierazten du adimen kolektibo bat dagoela, non banako bakoitzak talde osoaren mesederako jokatzen duen.

Zergatik dira hain bereziak Roscoff zizareak?
Ikusi dugun moduan, Symsagittifera roscoffensis zizareak izaki harrigarriak dira eta hainbat arrazoirengatik garrantzitsuak. Lehenik eta behin, nabarmentzekoa da barnean duten alga berdearekin (Tetraselmis convolutae) duten harreman estua. Oso gutxitan ikusi da animaliaren elikagai guztia fotosinbiositik jasotzea; beraz, eredu bikaina da prozesu horren mekanismoak ulertzen laguntzeko.
Bestalde, esan bezala, zizare hauek gai dira mareartekoa den ingurune konplexu eta aldakor batean moldatzeko. Komunitatean bizi direnez eta taldean koordinatuta erreakzionatzen dutenez, eredu bikaina dira portaera kolektiboa ulertzeko ere. Gainera, haien bizimodu bereziari esker, erraz biltzen dira naturan eta aste edo hilabetez eduki daitezke laborategian, esperimentuetarako baldintza ezin hobeak eskainiz. Azkenik, Euskal Herriko hondartzetan maiz ikusten ditugun bizidunak dira, eta haiek ezagutzea urrats handia da ekosistema hobeto ulertzeko eta zaintzeko.
Beraz, S. roscoffensis ez da soilik izaki bitxia: sinbiosia, portaera soziala eta inguruneetarako egokitzapena aztertzeko eredu paregabea da, bizi garen krisi ekosozialarentzako gakoa.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Arboleda, Enrique; Hartenstein, Volker; Martinez, Pedro; Reichert, Heinrich; Sen, Sonia; Sprecher, Simon; Bailly, Xabier (2018). An Emerging System to Study Photosymbiosis, Brain Regeneration, Chronobiology, and Behavior: The Marine Acoel Symsagittifera roscoffensis. BioEssays, 40, 10. DOI: 10.1002/bies.201800107
- Bailly, Xabier; Laguerre, Laurent; Correc, Gaëlle; Dupont, Sam; Kurth, Thomas; Pfannkuchen, Anja; Entzeroth, Rolf; Probert, Ian; Vinogradov, Serge; Lechauve, Christophe; Garet-Delmas, Marie-José; Reichert, Heinrich; Hartenstein, Volker (2014). The chimerical and multifaceted marine acoel Symsagittifera roscoffensis: from photosymbiosis to brain regeneration. Front Microbiol, 5. DOI: 10.3389/fmicb.2014.00498
- Thomas, Nathan J.; Tang, Kam W.; Coates, Christopher J. (2024). In situ environmental conditions and molecular identification of the photosymbiotic marine worm Symsagittifera roscoffensis. Symbiosis 92, 137–148. DOI: 10.1007/s13199-023-00964-2
- Worley, Alan; Sendova-Franks, Ana B.; Franks, Nigel R. (2019). Social flocculation in plant–animal worms. R. Soc. Open Sci, 6181626. DOI: 10.1098/rsos.181626
Egileaz:
Olatz Ortega Vidales Plentziako Itsas Estazioa “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” proiektuko ikertzailea da.