Elena Vecino: «Glaukoman itsumena eragiten duen kausa deskubritu nahi nuke, hura eragotzi ahal izateko»

Ikertzen dut

Elena Vecino Cordero Biologia Molekular eta Histologian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, bai eta neuroftalmologiako munduko aditurik handienetako bat ere. Bere lanen artean nabarmentzekoak dira glaukomari, malkoari (gure osasunari buruzko informazio iturri gisa) eta erretinosi pigmentarioari buruzkoak. Horrez gain, Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eskultura modalitatean. Bere alderdi artistikoa zientzia dibulgazioaren alde erabili du nazioko zein nazioarteko museo eta kultura espazioetan eginiko erakusketen bidez.​ Ikerketan lortutako emaitzen ondorioz, sariak jaso ditu nazioarteko erakundeen eskutik. Besteak beste: Estatu Batuetako Glaukomaren Fundazioa (2004), Fundaluce (2004), Fundación ONCEren Nazioarteko Lehen Saria (2005) eta Alcon Fundazioaren Saria Glaukomaren Ikerketako Bikaintasunari (2015).

Elena Vecino
Irudia: Elena Vecino Cordero ikertzailea. (Argazkia: Elena Vecinok emana.)

Zein da zure ikerketa arloa?

Neuroftalmologia. Glaukoma eragiten duten kausak ikertzen ditut. Glaukoma gaixotasun neurodegeneratiboa da, bai eta munduan itsutasuna eragiten duen lehen kausa ere. Erretina neurobabesteko eta malkoan biomarkatzaileak identifikatzeko terapiak diseinatzen saiatzen gara, gaixotasun neurodegeneratiboak goiz diagnostikatu ahal izateko.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

1981ean biologiako karreran ikasketak hasi nituenetik, nerbio sistema eta, bereziki, ikusmen sistema interesatu zitzaizkidan. Lehenengo urteetan ikusmen sistemaren eta erretinaren funtzionamendua ikasi nituen sakonago, bereziki anatomia konparatuaren eta garapenekoaren ikuspegitik. Baina, duela 30 urte Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean sartzean, balantzak biomedikuntzaren eta oftalmologiaren arlorantz jo zuen, eta ikertalde bat osatu genuen (GOBE). Taldean oftalmologiako doktoregoko ikasleak sartzeak medikuntzara aplikatutako ikerketarantz motibatu nau.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Pertsona askok izan dute eragina nire ibilbide profesionalean; gauza asko ikasi ditut haiengandik, eta horrek ere markatu du nire ibilbidea. Karrera profesionala hasten ari nintzela, New York Medical Collegeko Sansar C. Sharma doktoreak bere laborategira gonbidatu ninduen, oraindik doktorego tesia amaitu gabe nengoenean. Harengandik ikasi nituen ikertzailea izateko oinarriak: sen kritikoa, proiektu bat eskatu eta ebaluatzeko modua, artikulu bat idazteko prozesua. Eta, egun, harremanetan jarraitzen dut berarekin. Erretiratuta dago jada, baina proiektuei buruz eztabaidatzen jarraitzen dugu. Zalantzarik gabe, maisu figura bat izan da.

Ikerketaren aplikazioaren alderdiari dagokionez, Pennsylvaniako Unibertsitateko Gustavo Aguirre doktoreak ikerketa preklinikoan parte hartzeko aukera eman zidan, eta, horri esker, ikusmen sisteman lehen terapia genikoa izan denaren lehen urratsak ikusi ahal izan nituen.
Parisko Hôpital Pitie-Salpêtrière ospitaleko ikertzaile Cuca Alvarado-Mallart doktorea izan zen nire lehen emakumezko ikertzaile erreferentea. Bere jakintzak eta profesionaltasunak, eskuzabaltasunak, umiltasunak eta adeitasunak pentsarazi zidaten egunen batean ezaugarri horiek guztiak eta Cucaren jarrera bilduko zituen ikertalde bat zuzendu nahi nuela. Ez dut sekula ahaztuko.

Horrez gain, Lundeko Unibertsitatean (Suedia) nire tesiko zuzendari izan zen Peter Ekström doktoreak ere eragina izan du nire lanean; zalantzarik gabe, nire laborategiko ordenak eta diziplinak suediar jatorria dute. Mundu osoko hamahiru laborategitan egin dut lan, eta horietako guztietako langileekin jarraitzen dut harremanetan eta lankidetzan. Egonaldi bakoitzean ikasi dut zerbait nire lankideengandik, eta horrek guztiak nire ibilbidea bideratu du pixkanaka. Egun, ikasten jarraitzen dut egin behar dudanari eta egin behar ez dudanari buruz.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Glaukoman itsumena eragiten duen kausa deskubritu nahi nuke, hura eragotzi ahal izateko. Eta jada glaukoma duten pertsonei begira, ikusmena berreskuratu ahal izateko terapia bat garatu nahi nuke.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Ikerketa txundigarria da, baina pasioa eta jakingura sentitzea ezinbestekoa da lan horretarako, oso gogorra baita. Hasteko, oso aldi gogorrak bizi behar dira egonkortasuna lortu eta zure esparruan ikerketa eta aintzatespen nitxo bat aurkitzeko. Eta, ondoren, bizitza osoa dedikatzen dugu finantzaketa aurkitzera. Ikerketaren emaitzei dagokienez, beti egongo dira frustrazio uneak, euforiaz eta zoriontasunaz ere lagunduta. Hau da, oso ziur egon behar da eta jakingura izan behar da ikerketako karrera batera arrakastaz dedikatzeko. Barru-barruan sentitu behar da; oso bokazionala da.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko martxoaren 1ean: Elena Vecino: «Me gustaría descubrir la razón que causa la ceguera en el glaucoma y poder impedirla».

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.