Zientzia auzitegietan (eta X): zientzia krimenen aurka

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2025. urtean zehar auzitegien arloan dagoen zientziari buruzko artikulu-sorta argitaratu dugu Zientzia Kaieran. Azken atal honetan aurrekoen berrikuspena egingo dugu eta punturik aipagarrienak azpimarratuko ditugu.

Urtarrilean hasitako artikulu-sorta honetan zientziak krimenaren eta gaizkileen aurka nola egiten duen azaldu dugu. Urte honetan zehar ikusi dugun bezala, estua da zientziaren eta auzitegien arteko lotura. Ikusi dugu, era berean, antzekoak direla metodo zientifikoa eta krimenen ebazpenerako metodoa. Hainbat kasu zehatz aztertu ditugu, batzuk aspaldikoak, eta beste batzuk duela gutxi ebatzi direnak. Artikuluetan zehar hainbat esparru desberdin izan ditugu aztergai: kimika, fisika, biologia, balistika, toxikologia… Historian zehar egin diren aurrerapausoak ere aztertu ditugu eta ikusi dugu nola joan diren erabiltzen analisi-metodo desberdinak krimenen ebazpenean. Lehen forentseek lehen sinetsiko ez zituzten teknikak ohikoak dira gaur egun, eta XIX. mendean aske geldituko ziren gaizkileak gaur egun berehala harrapatzen dira.

auzitegietan
Irudia: auzitegi-zientziak aukera ematen du zientziaren hainbat arlori buruz sakontzeko (Argazkia: cottonbro studio – domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com).

(I) Hastapenak izeneko atalean auzitegi-zientzien funtsaz aritu gara eta azaldu dugu nahiko berria dela delituak metodo zientifikoaren eta ebidentzien bidez ebaztearen ideia. Hori ez da beti horrela izan eta, esan bezala, hastapenetan intuizio hutsek, testigantza subjektiboek… osatzen zuten froga-multzorik handiena. Gaur egun badakigu krimenaren agertokiak informazio asko gordetzen duela, eta hori irakurtzen jakin behar dela. Horrexetarako behar dira auzitegi-zientziak. Ildo horretatik, (II) artsenikoa eta Marsh-en proba izenburudun atalean toxikologiaren hastapenetara joan gara, artsenikoa oinarri duten pozoiak aztertzeko. Giulia Tofana pozoitzailearen historia bitxia berrikusi dugu, eta hitz egin dugu 1832an James Marshek diseinatutako artsenikoa detektatzeko probaz. Aztertu dugu nola proba horri esker John Bodle errudun izan zela nola ebatzi zuten, eta azaldu dugu Marshen probari esker hasi zela amaitzen artseniko-pozoiketen inpunitatea.

Hurrengo atalean, (III) krimenaren agertokia izenekoan, definizioetara jo dugu. Krimenaren agertokia definitu dugu, krimena gertatu den leku fisikoa dela esanez: krimenaren lekuko isila. Krimen bat gertatzen denean poliziak ematen dituen lehen urratsak azaldu ditugu, eta forentseen lanik garrantzitsuenak zeintzuk diren azpimarratu dugu. Garrantzitsuena elementu guztiak bere horretan irauten dutela bermatzea da; izan ere, ebidentzia batzuk degradatu egin daitezke denbora pasa ahala.

Berriro ere toxikologiari heldu diogu (IV) pozoiak eta toxikologia atalean: pozoiek badute misterio puntua eta, ziurrenik, interes gehien pizten duen toxikologiaren atala da. Kasu honetan, ordea, ez dugu artsenikoaz bakarrik hitz egin eta modu orokorrean mintzatu gara pozoiez. Esan dugun bezala, pozoiak dira ezagutzen diren armarik zaharrenetakoak, eta toxikologoak aspalditik ahalegindu dira substantzia hilgarriak detektatzen eta antidotoak bilatzen. Hortik tiraka, Orfila jaunaren aipamena eginez amaitu dugu atala. Orfilari eta toxikologiari buruz asko izan dugu esateko, eta hariari tiraka jarraitu dugu (V) Orfila eta Lafarge kasua atalean. Charles Lafarge-ren hilketa entzutetsua kontatu dizuet, Orfilak aditu gisa epaiketan izan zuen parte-hartzea kontatu dizuet eta kasu hura nola ebatzi zen. Orfila toxikologiaren aitzindaritzat hartzen da eta bi lan garrantzitsu argitaratu zituen: 1813an Traité des Poisons ou Toxicologie Générale eta 1817an Eléments de Chimie Médicale, toxikologiaren oinarrizko bibliografia osatu zuten lanak. Orfilaren ekarpena ezinbestekoa izan zen Charles Lafargeren emaztea, Marie-Fortunée, errudun jotzeko.

(VI) aztarnak, ebidentziak eta frogak atalean definizioetara jo dugu berriro, eta hor auzitegi-zientzien eta justiziaren arteko desberdintasun batzuk aipatu ditugu. Ebidentzia guztiak ez dira froga, eta aztarna guztiak ez dira ebidentziak. Hauxe da gakoa: aztarna bat ebidentzia bihurtzen da objektiboa denean, krimenarekin estuki lotuta dagoenean edo, nolabait, hipotesiaren egiaztapena dakarrenean. Aldiz, epaileak ebidentzia ontzat ematen badu, froga izango da eta gaizkilea kondenatzeko edo errugabea absolbitzeko baliogarria izango da.

Azaldu dizuet zientzia ez dela hutsik gabekoa, eta (VII) zientziak huts egiten duenean izeneko atalean auzitegi-zientzien historian gertatutako zenbait akats kontatu dizkizuet. Kasu adierazgarrienetako bat 1991. urtean biziarteko kartzela-zigorrera kondenatutako Patricia Stallings-en kasua da. Kasuaren ebazpena (VIII): gaixotasuna edo pozoitzea? atalean kontatu dizuet, ebazpenean auzitegi-laborategiek egindako akatsetan azpimarra jarriz. Ez dugu ahaztu behar, zientziak berak bezala, auzitegi-zientziak ere akatsak egin ditzakeela. Tentuz ibili beharreko kontua, jokoan dagoena kontuan hartzen badugu.

Artikulu-sortaren amaierara hurbilduz, (IX) hatz-marken analisiaren hastapenak atalean ezinbestez aztertu behar den beste gai bat ekarri dut: hatz-marken analisiak auzitegi-zientzietan izan duen garrantzia. Hatz-markek argi uzten dute Locard-en printzipioa, alegia, ez dela posible gaizkileak ekintza kriminala egitea, are gutxiago ekintza kriminalak eskatzen duen indarkeriarekin, inongo arrastorik utzi gabe. Arrasto horiek askotarikoak izan daitezke: hatz-markak, DNA… agian gaur egun oraindik ezagutzen ez ditugunak ere.

Artikulu-sortari amaiera ematen diot irakurtzen ari zareten honekin, baina auzitegi-zientziei buruz oraindik asko dago esateko. Auzitegietako lanari buruz ikasitakoaz aparte, zientziari berari buruz ikasteko aukera ona ematen du auzitegi-zientziak; izan ere, krimenak beti sortzen du jakin-mina, misterioa eta abar. Horixe da zientziaren dibulgazioak behar duena: zientziari buruz irakurtzeko interesa piztea.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • AEBetako Justizia Departamentua (2000). Crime Scene Investigation: A guide for lae enforcement. U.S. Department of Justice, Office of Justice Programs.
  • Bertomeu Sánchez, José Ramón (2006). Sentido y sensibilidad: Mateu Orfila, el ensayo de Marsh y el caso Lafarge, Cuadernos de la Fundación Antonio Esteve, 6, 73-97.
  • Cornago Ramírez, Mª del Pilar (2023). Estudio forense de huellas dactilares. In Cornago Ramírez, Mª del Pilar; Esteban Santos, Soledad. Química Forense (230-263 or.). UNED
  • Esteban Santos, Soledad (2023). La Química en el contexto de la ciencia forense. In Cornago Ramírez, Mª del Pilar; Esteban Santos, Soledad. Química Forense (21-47 or.). UNED
  • McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.
  • Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.
  • Olson, A., Ramsay, C. (2025) Errors in toxicology testing and the need for full discovery. Forensic Science International: Synergy, 11, 100629. DOI: 10.1016/j.fsisyn.2025.100629
  • Serrula Rech, Fernando (koord) (2022). Investigación forense de la escena del crimen. Asociación Galega de Médicos Forenses.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.


Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:

  1. Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
  2. Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
  3. Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
  4. Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia
  5. Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua
  6. Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak
  7. Zientzia auzitegietan (VII): zientziak huts egiten duenean
  8. Zientzia auzitegietan (VIII): gaixotasuna edo pozoitzea?
  9. Zientzia auzitegietan (IX): hatz-marken analisiaren hastapenak
  10. Zientzia auzitegietan (eta X): zientzia krimenen aurka

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.