María José Buzón doktoreak Bartzelonako Valle de Hebrón Instituto de Investigación ikerketa institutuko Gaixotasun Infekziosoen Sailean ikertu eta lan egiten du. Prestakuntza zabala du birologian eta immunologian, bai eta interes handia ere ikerketa translazionalean. GIBa sendatzera bideratutako terapia berriak ikertzen ditu, enfasi berezia jarriz GIBaren zelula gordailu berriak karakterizatzean, bai odolean bai beste ehun batzuetan, eta immunitate sistema indartzeko estrategiak garatzean. Halaber, zenbait ikerketa bideratu ditu SARS-CoV-2a aztertzera. Eta sariak ere jaso ditu bere lanagatik; besteak beste, L’Oreal- UNESCOren For Women in Science programako ikerketa poltsen X. edizioko (Espainia) irabazleetako bat izan zen.

Zein da zure ikerketa arloa?
Immunobirologiaren esparruan lan egiten dut. Nire helburua da immunitate sistema indartzea, iraunkor bihurtu eta organismoaren barruan gordailuetan ezkutatzen diren zelula infektatuak suntsitu ahal izateko. Zehazki, GIBaren birusa eta Natural Killers izeneko zelula immuneek duten rola ikertzen dut.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Arlo txundigarria da. Immunitate sistemaren gaitasunak nola hobetu daitezkeen ikasten ari gara. Gainera, gure estrategietako asko beste gaixotasun batzuetan ere aplika litezke, hala nola minbizian; izan ere, tumore zelulek zelula infektatuen antzeko portaera dute hautemate immunologikoari dagokionez.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Ez dut erreferente bakar bat izan; nire erreferenteak inguruan dauzkadan emakume ikertzaileak izan dira, egunero inspiratzen bainaute beren lanaren bidez. Benetan miresten dut haietako askoren ikerlana, egiten duten lanari esker egiten baitu zientziak aurrera.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Gordailuak sortzen dituzten birusek infektatutako zelulak erabat desagerraraztea lortzeko terapia bat garatu nahi nuke. Zelula horiek dira GIBa eta antzeko infekzioak sendatzea lortzeko oztopo nagusia.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Oso lan estimulagarria da; egunero erronka berri bat duzu aurretik, bai eta laborategian ideia berritzaileak praktikan jartzeko aukera ere. Erresilientea eta ekina izaten erakusten dizu: esperimentu edo hipotesi guztiek ez dute funtzionatzen, eta porrotak ere bidearen parte dira. Baina deskubrimendu txikiek —batez ere “eureka une” handiek— une zailak konpentsatzen dituzte.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urriaren 11n: María José Buzón: «Estudio el virus del VIH y el papel de las células inmunes conocidas como ‘Natural Killers’».
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.