Biola Javierre: «Oinarrizko ikerketa da lehenengo pausoa tratamendu eta ikuspegi terapeutiko berriak garatzeko»
Biola Javierre biologoa da, bai eta leuzemiaren arloko ikertzaile nabarmena ere. Doktoregoa Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eskuratu zuen, eta doktorego ondoko aldi bat egin zuen Cambridgeko Unibertsitateari lotutako zentro batean. Garatu duen teknikari esker, zelula mota bakoitzean gene bakoitzaren jarduera kontrolatzen duten genomaren sekuentzia erregulatzaileak identifikatu daitezke.
Leuzemiari aurre egiteko ikertalde baten buru da Josep Carreras Ikerketa Institutuan. Han egin du espezialitatea leuzemia linfoblastiko akutuan, eta bere ikerketetako batzuek prozesu zelularretako kromatinaren interakzioak aztertzea dute helburu, bai eta zelula ama hematopoietikoak eta odolak sortzen dituen bereizi gabeko beste batzuk detektatzea ere, leuzemia akutu gehienetan agertzen baitira.
Beste aitorpen batzuen artean, hauek jaso ditu: L’Oréal-Unesco For Women in Science Research 2018 saria eta International Rising Talents 2019 L’Oréal-UNESCO.

Zein da zure ikerketa arloa?
Biomedikuntza.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Beti ulertu nahi izan dut gauzen zergatia. Bereziki, txundigarria iruditzen zait ulertzea nola sor ditzakeen espermatozoide batek ernaldutako obulu batek gure organismoa osatzen duten zelula mota guztiak, eta prozesu hori nola alda daitekeen eta gaixotasun genetiko konplexuak eragin, hala nola autoimmunitatea eta minbizia.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Bai, asko. Horien artean, Carlos López-Otín. Gainera, nire sorterrikoa da, Sabiñánigokoa.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Nahasmendu genomikoek (mutazioak, adibidez) eta mikroingurune zelularrek fenotipo zelularrean, eta, azken batean, organismo osoan duten inpaktua doitasunez aurreikusi dezaketen ereduak. Horrek eragin handia izango luke odoleko minbizian, leuzemiak eta linfomak barne, eta horretan zentratzen gara laborategian. Oinarrizko ikerketa da lehenengo pausoa tratamendu eta ikuspegi terapeutiko berriak garatzeko.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Gozatu ibilbideaz, bere gauza on eta txarrekin. Eta izan kontziente zortea duzula zure pasioa eta lana bat baldin badatoz.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 217an: “Biola Javierre: «La investigación básica es el primer paso para el desarrollo de nuevos tratamientos y enfoques terapéuticos»“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.