Biriketako tumoreek nola ahultzen duten immunitatea burmuinaren bidez

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2 min

Biriketako tumoreek nola ahultzen duten immunitatea burmuinaren bidez

Jakina da tumoreek haien ingurua manipulatzeko gaitasuna dutela, eta hainbat aldiz deskribatu da sistema immunitario apaltzeko duten gaitasuna ere. Baina, oraingo honetan, harago joan dira Estatu Batuetako hainbat ikerketa-erakunderen artean egindako aurkikuntza batean. Sistema immunearen apaltzea bide luze eta konplexuago batetik ikusi dute, burmuinera helarazitako mezuen bidez.

Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen zen egun berean, Haohan K. Wei-k eta kolaboratzaileek artikulu interesgarri bat (Tumour-brain crosstalk restrains cancer immunity via a sensory-sympathetic axis) argitaratu zuten Nature aldizkarian. Tumoreek aurrera egiteko gainditu behar duten oztopo garrantzitsuenetariko bat da sistema immuneari iskin egitea eta berau indargabetzea. Hainbat estrategia deskribatu dira, hala nola check-point deritzon molekulen bidezko T linfozitoen inhibizioa, edo antigenoak ezkutatzeko gaitasuna. Estrategia horiek guztiak mekanismo lokalak direla esan genezake; hau da, tumoreak bere inguru hurbilean eragiten du, edo molekula batzuk bidaliz, edo inguruan dauden sistema immunitarioko zelulengandik ezkutatuz. Oraingoan, aurkikuntza harago joan da, eta mekanismo konplexuago bat deskribatu da biriketako minbizian, saguetan egin den esperimentu baten bidez.

Biriketako
Irudia: biriketako tumoreek nola modula dezaketen haien aurkako erantzun immunitarioa burmuinaren bidez. (Iturria: Wei, Haohan K.; et al (2026)).

Nerbio bagoa burmuinaren eta barne-organo askoren arteko komunikaziorako autobide nagusia da. Bere adarkadurak hainbat organotara heltzen dira, eta zuntz gehientsuenak aferenteak dira; hau da, organoetan atzematen duten informazioa burmuinera helarazten dute. Horrela, nerbio bagoaren bidez burmuinak jakin dezake hesteak beteta dauden edo gibelean hanturarik gertatzen den.

Adarkadura horietako bat biriketara heltzen da, eta, hain zuzen ere, hor deskribatu da tumorearen eta nerbio-sistemaren arteko lehen interakzioa. Tumore-zelulek nerbio bagoko biriketako adarkaduran dauden neurona sentsorial jakin batzuk kitzikatzean, neurona horiek mezu jakin bat bidaltzen dute burmuinera. Mezu hori burmuinean prozesatzen da, eta bueltako kitzikapen bat sortzen da nerbio-sistema sinpatikoaren bidez. Nerbio-sistema sinpatikoa gorputzaren alarma-seinalea da. Arriskua edo estresa dagoenean aktibatzen da, edo burmuinak azkar erreakzionatu behar duela uste duenean. Ekintza-seinale hori tumorearen ingurura heltzen da, eta bertan noradrenalina jariatzen da. Noradrenalina hormona eta neurotransmisore izaera duen bitartekari kimiko bat da, eta, kasu honetan, biriketako makrofago albeolarretan eragiten du. Makrofago horien fenotipoa aldatu egiten da; alegia, immunoerrepresore bihurtzen dira T linfozitoen jarduna blokeatuz eta tumoreen hazkuntza ahalbidetuz.

Nerbio bagoak burmuineko hainbat gunetan eragiten du, hala nola enbor entzefalikoan, talamoan edo amigdalan. Eremu horiek giltzarriak dira emozioen kudeaketan; ondorioz, biziki garrantzitsua da aurkikuntza hau, deskribatu den mekanismoaz harago, minbiziaren eta emozioen arteko lotura ikertzeko aukera berri bat zabaltzen duelako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wei, Haohan K.; Yu, Chuyue D.; Hu, Bo; Zeng, Xing; Ichise, Hiroshi; Li, Liang; Wang, Yu; Wang, Ruiqi L.; Germain, Ronald N.; Chang, Rui B.; Jin, Chengheng (2026). Tumour-brain crosstalk restrains cancer immunity via a sensory-sympathetic axis. Nature, 650, 1007-1016. DOI: 10.1038/s41586-025-10028-8


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.