Txikiena izateak dakartzan lan astunak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Tamainak badu garrantzia


Odol beroko animaliarik txikiena Kuban bizi da, eta ez da satitsu etruskoa: erle-kolibria da. Mellisuga helenae du zientzia-izena eta “pájaro mosca” edo “zunzuncito” esaten diote gaztelaniaz. Haren masa 2 g baino pixka bat gutxiagokoa da eta bizi den habiako diametroak 3 cm baino ez ditu. Erle-kolibria hegaztirik txikiena da, baina gainerako kolibri guztiak ere (Trochiidae familiako espezieak) oso txikiak dira. Hegalen mugimendua hain da azkarra, hegaztiak baino intsektu hegalariak dirudite. Hegoak segundoko 12-90 bider astintzen dituzte eta orduko 50 km-ko lastertasuna lor dezakete. Gainera, atzeraka ere mugi daitezke, beste hegaztiek egin ezin dezaketena.

erle-kolibria
Irudia: Erle-kolibria hegaztirik txikiena da. 1844. urtean aurkitu zuen Cristobal Gundlach naturalista eta zientzialari alemanak.

Hain txikiak izanik eta hain mugimendu bizkorrak eginik, homeotermoen artean altuena dugu kolibrien metabolismoa, eta litekeena da animalia guztien arteko altuena edo altuenetakoa izatea[1] haien metabolismo-tasa. Oxigeno-behar oso handiak ditu, bai eta bihotz-taupadaren maiztasuna ere. Minutuko 1.260 taupada da neurtu den bihotz-maiztasunik bizkorrena. Jakina, hain metabolismo-tasa altua elikatu ahal izateko, oso handia da kolibrien energia-beharra ere. Hori dela eta, asko jan behar dute; haien tamaina kontuan harturik, ez dago kolibriek baino gehiago jaten duen animaliarik.

Hain da handia kolibrien metabolismoaren energia-eskaria ezen, gauean, hegan egiterik eta jaterik ez dutenean, beheratu egiten baitituzte giltzurrunaren lana, bihotz-taupadaren maiztasuna[2] eta gorputz-tenperatura, metabolismo-tasa modu esanguratsuan motelduz. Ez dezagun ahaztu hain txikiak izanik oso altua dela haien atseden-metabolismoa ere[3], eta horregatik lozorro-egoerara jotzen dute gauean, zenbait ugaztunek egiten duten moduan. Hori bai, ugaztun horiek urte-sasoi oso baterako jotzen dute lozorrora, baina kolibriek gauerako bakarrik.

Nektarra da kolibrien janari nagusia, baina ez bakarra. Intsektu zenbait jaten dituzte noizean behin, proteina- eta gatz-beharrak asetzeko. Nektarra gluzido-iturri da, baina zenbait loretako nektarraren azukre-kontzentrazioa oso baxua da. Hori horrela, nektar bolumen handiak hartu behar dituzte eta, gainera, maiz hartu behar. Erle-kolibriek, esaterako, 1.500 lore bisitatzen dituzte egun bakar batean, eta kontuan hartu behar da eguneko denboraren % 20 baino gehiago ez dutela ematen nektarra zurrupatzen. Jarduera bizi baina denboran mugatu horren ondorioz, beren masaren adina janari-kantitate lortzen dute, baina nektarra azukreen ur-disoluzio bat denez, beren masaren halako 5-15 bider zurrupatu behar dute egunero, dituzten energia-beharrizan handiak asetzeko.

Lan astunak, bai, kolibrienak, hain txikiak izateagatik!

Jarraian duzuen bideoan ageri da haien eguneroko zeregin nekeza.

Oharrak

[1] Zenbait intsektu hegalariren metabolismo-tasa kolibriena baino altuagoa izan daiteke.
[2] Segundoko 1-3 taupadatara beheratzen dute bihotz-taupadaren maiztasuna.
[3] Ikus “Satitsu etruskoaren bihotz aparta


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.