Satitsu etruskoaren bihotz aparta

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Tamainak badu garrantzia

———————————————————————————————————–

Inoiz txori bat esku artean hartu baduzu, irakurle, konturatuko zinen txoriaren bihotz-taupada oso azkarra dela, maiztasun handiz uzkurtzen baita txori baten bihotza. Esku artean egonik, txoria ez dago egon litekeen egoerarik lasaigarrienean, eta beraz, ulergarria da ohi baino arinago uzkurtzea haren bihotza. Hala ere, txoriaren beldurra edo urduritasuna kontuan hartuta ere, oso azkarra da haren bihotzaren taupada, azkarregia guretzat.

Aldiz, elefante bat auskultatuko bagenu, bihotza oso astiro doala sumatuko genuke. Alde handia dago bi taupadek duten maiztasunen artean, hori animaliaren tamainaren arabera aldatzen baita. Animalia txikien bihotz-taupadak oso bizkorrak dira, maiztasun handiz uzkurtzen dira haien bihotzak, eta kontrakoa gertatzen zaie animalia handiei. Hortaz, metabolismoa ez da tamainarekin aldatzen den funtzio bakarra. Izan ere, metabolismo-tasa eta bihotz-taupada modu berean aldatzen dira tamainarekiko. Ugaztunen bihotz-taupada (fh: min-1) eta tamainaren (W: kg) arteko erlazioa honakoa da: fh = 241 x W-0’25.

Satitsu etruskoa Suncus_etruscus_crop

Irudia: Animalia txikien bihotz-taupadak oso bizkorrak dira eta satitsu etruskoarenak horren adibide dira. 2 g-ko pisua du eta batez beste segundoko 10-20 taupada ditu.

Ezagutzen den ugaztunik txikiena satitsu etruskoa da. 2 g-ko masa du eta haren metabolismo-tasari buruzko ideia bat egiteko adierazgarri samarra da datu hau: 2’6 g janari behar du eguneko. Hau da, bere masaren % 130 jaten du eguneko, eta kontuan hartu behar da animalia honen jakia intsektu eta zizare txikiek osatzen dutela1. Bada, satitsu etruskoaren bihotz-taupada oso bizkorra da, ia sinesgaitza, izan ere: 600-1.200 min-1! Eta eskerrak animalia horren bihotza nahikoa handia den. Ugaztun gehienon bihotzaren masa gorputzaren masaren % 0’6 da; satitsuaren bihotza proportzio horren araberakoa izango balitz, 0’012 g-koa izango litzateke eta bihotz-taupada 3.500 min-1-koa, baina bihotz-muskulua ezingo litzateke hain arin uzkurtu. Satitsuaren bihotzak 0’035 g-ko masa du; hau da, tamainaren arabera legokiokeena baino hiru bider handiagoa. Beraz, hiru bider handiagoa izateagatik uzkur daiteke bihotza fisikoki posiblea den maiztasun batez, nahiz guri gezurra iruditu. Ondo leitu duzu, irakurle: 600-1.200 taupada minutuko edo, nahiago baduzu, 10-20 taupada segundoko!

Oharra:

[1] Erkaketarako egokia den beste datu bat: elefanteek beren masaren %4 jaten dute eguneko, baina hauen kasuan landareak dira jakiaren osagaiak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>