Tximu mozkorraren hipotesia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Tximu mozkorraren hipotesia

Azken hilabete hauetan irakurri dugu txinpantzeek alkohola atsegin dutela, eta tximuak mozkorrak direla ere bai. Hainbat urtez tximuek alkohola kontsumitzen ote duten ikertu den arren, Science Advances aldizkarian argitaratu berri den lan batean berretsi egin da tximu mozkorraren hipotesia. Egin dezagun argi pixka bat gai honetan, eta azter dezagun zer dioen aipatutako ikerketa-lanaren letra txikiak.

Berkeley-ko Kaliforniako Unibertsitateko Robert Dudley biologoak duela 25 urte baino lehenago izan du interesa gizakiok alkoholarekiko dugun erakarpenean. Horren adibide ona da 2014. urtean idatzi zuen liburua, hain zuzen ere: The Drunken Monkey: Why We Drink and Abuse Alcohol ─alegia, «tximu mozkorra: zergatik edaten dugu alkohola eta zergatik abusatzen dugu alkoholaz?»─. Liburu horretan, Dudleyk alkoholismoa du hizpide, neurrizko alkohol-kontsumoari kontrajarritako ideia gisa. Dudleyren arabera, tximuen fruta-kontsumoak lotura ebolutiboa du hartzidura jasan duten frutak identifikatzeko gaitasunarekin. Hain zuzen ere, ondutako frutek azukre gehiago dute ondu gabekoek baino, eta elikagai eraginkorragoak dira, nahiz eta etanol kantitate txikiak izan. Gizakion eta alkoholaren arteko harremanak jatorri hori izan dezakeela aipatu zuen Dudleyk, «tximu mozkorraren hipotesia» deritzona deskribatuz. Testu honen ohar modura, aipatu nahi dut alkoholaz ari naizenean etanolaz ere ari naizela, zeina edari alkoholdunek duten alkohol motarik ugariena baita ─nahiz eta ikuspuntu kimikotik alkohola eta etanola ez diren sinonimoak─.

txinpantzeek
Irudia: txinpantzeen dietan garrantzitsua da fruta; egunean 4,5 kg inguru jaten dituzte. (Argazkia: tsauquet – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

2025eko irailean, Aleksey Maro-k eta haren lankideek ─tartean Robert Dudley bera─, Ethanol ingestion via frugivory in wild chimpanzees izeneko artikulua argitaratu zuten Science Advances aldizkarian, haien ikerketa-lanen emaitzen berri emanez. Lan horretan aipatzen dena bikain azaldu zuen hedabide horretan bertan Juanma Gallegok, Txinpantzeetara jo dute alkoholarekiko zaletasuna ulertzeko izenburupean. Hortaz, ez naiz sartuko berriro ere ondorioak errepikatzera; baina azpimarratu nahiko nituzke Juanmak aipatutako puntu pare bat. Alde batetik, ikertzaileek aztertu zuten txinpantzeek eskura dituzten frutetan dagoen etanol kantitatea, eta ikusi zuten, horri esker, etanola txinpantzeen ohiko dietaren parte dela. Egindako kalkuluen arabera, egunean 14 gramo etanol kontsumitzen dituzte aztertutako txinpantzeek, eta, ikertzaileen arabera, hori gizaki batek bi edari alkoholdun hartzearen parekoa litzateke.

Ikerketa hori argitaratu orduko, hainbat hedabidetan titulu sentsazionalista potoloak irakurri genituen, eta horri buruz hitz egin nahi dizuet Juanma Gallegok argitaratutako testua osatze aldera. Hedabideetan irakurritako lerroburuen adibidea izan daiteke hau, hau, hau edo beste hau. Beste hainbat adibide ere jar litezke. Irakurleak horrelako albisteak irakurtzen dituenean, susmoa dut ideia hauek etor dakizkiokeela burura: alkohol-kontsumoaren normalizazioa, are gehiago, alkohol-kontsumoaren justifikazio ebolutiboa, edota tximuek mozkortzeko aukeratzen dutela fruta horiek jatea ─hortaz, zergatik ez dugu guk egingo?─. Bada, has gaitezen hasieratik.

Lehenik eta behin, hedabide honetan aurretik esan dugun moduan, ez dago osasunarentzat onuragarria edo gomendagarria den etanol-kontsumorik. Askotan, interes ekonomikoek edo bestelakoek eraginda argitaratzen dira ardoaren edo garagardoaren onurak azpimarratzen dituzten ikerketak. Ikerketa horiek, sarritan, edari alkoholdunak duen konposatu zehatz baten onura plazaratzen dute, baina ez dugu ahaztu behar garagardo bat edatean ez dela konposatu hori bakarrik hartzen; beraz, edariak osasunean duen onura edo kaltea adierazteko, edaria bere osotasunean aztertu beharko litzateke. Orain arte dakigunaren arabera, etanolaren kalteak hain dira handiak, ezen beste konposatuen onurak gainditzen baititu.

Horrez gain, ikerketa-lanean eta argitaratutako hainbat albistetan, gizakion alkohol-kontsumoarekin alderatzen da txinpantzeentzat kalkulatutako dosia. Dena den, elefanteak ondo ikasi zuen gisan, drogek eragiten dituzten ondorioak ezin dira espezie batetik bestera proportzionaltasun sinple baten bidez azaldu. Era berean, hedabideetan Maroren eta haren lankideen lanak «tximu mozkorraren hipotesia» berresten duela aipatu den arren, lanaren letra txikia irakurtzen badugu, konturatuko gara ikerketa-lanaren muina fruten etanol-kontzentrazioa neurtzea dela, eta, besterik gabe, ikertzaileek diote frutek etanola dutenez, txinpantzeek etanola kontsumitzen dutela. Hortik abiatuta, ikertzaileek proposatzen dute litekeena dela gizakiok dugun alkohol-kontsumorako joera primate fruitujaleetatik etortzea. Hori, agian, askotxo esatea da egindako ikerketaren emaitzak kontuan hartuta.

Amaitzeko, garrantzitsua da azpimarratzea ikerketak ez duela aztertu txinpantzeek etanola nahita kontsumitzen ote duten; alegia, ez da frogatu txinpantzeek fruta hartzituak jateko joera handiagoa dutenik. Beste zenbait lanek diote primate batzuek etanol-kontzentrazio handiagoarekiko zaletasuna dutela, baina Maroren eta haren lankideen lanean ez da hori aztertu. Hortaz, baliteke, besterik gabe, txinpantzeek etanola kontsumitzea inguruan duten frutak etanola duelako, baina ez izatea aukeratutako jokaera bat. Edo agian bai, baina momentuz dakigunaren arabera, ezin dugu baieztatu ez bata eta ez bestea. Aipatzekoa da, bestalde, gure arbasoek frutan oinarritutako dietari jarraitzeagatik kontsumitzen zituztela etanol kantitate txikiak; baina guk, gaur egun, alkohol-kontzentrazio altuko edarietara neurririk gabe jotzeko arriskua dugu, eta horrek ezer gutxi du biziraupenerako onuragarria den jokabide ebolutibotik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Maro, Aleksey; Sandel, Aaron A.; Blaiore, Bi Z. A.; Wittig, Roman M.; Mitani, John C.; Dudley, Robert (2025) Ethanol ingestion via frugivory in wild chimpanzees. Science Advances, 11(38). DOI: 10.1126/sciadv.adw1665


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.