Hona hemen asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Biologia
Kuban bizi den animaliarik txikienari erreparatu diote Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak; erle-kolibriari, hain zuzen ere. Oso txikiak dira hegazti hauek eta mugimendu bizkorrak egiten dituzte. Horretxegatik, homeotermoen artean altuena da kolibrien metabolismoa. Oxigeno-behar oso handiak ditu, bai eta bihotz-taupadaren maiztasuna ere. Minutuko 1.260 taupada izan da neurtu den bizkorrena! Jakina, metabolismo-tasa altu hori elikatu beharra dago. Beraz, kolibrien energia-beharra handia da. Asko jan behar dute; haien tamaina kontuan harturik, ez dago kolibriek baino gehiago jaten duen animaliarik. Gauean, ez dutenez hegan egiten ezta jaten ere, beheratu egiten dira bihotz-taupaden maiztasuna, gorputz-tenperatura eta metabolismo tasa. Hori guztia errekuperatzeko, hainbat ugaztunek egiten duten moduan, erle-kolibriak lozorro-egoerara jotzen dute. Oso interesgarria erle-kolibriari buruzko informazioa! Ez galdu irakurtzeko aukera!
Biokimika
Telomeroen (kromosomen muturrak) inguruan mintzo da Ramón San Juan, biokimikaria eta batxilergoko irakaslea haren blogean. Hain zuzen ere, telomerasa entzimaren eginkizuna azaltzen du. Entzima hau kromosomen mutur horiek, telomeroak, “fotokopiatzeaz” arduratzen da. Hau da, sekuentzia errepikakorrekin betetzen du. Eta hori datu garrantzitsua da. Izan ere, eginkizun hori beteko ez balu, zikloz-ziklo kromosomen muturrak gero eta laburragoak izango lirateke. Biokimikariak dioenez, laburdura horiek puntu kritiko batera iristean, zelularen ziklo posibleak bukatuko lirateke: “Horri zahartzea deritzogu”. Ildo beretik, galdera bat planteatzen du: “Izaki bizidunak zahartzen gara, beraz, telomerasak ez du haren lana egiten? Erantzuna artikuluan topatuko duzue!
Elikadura eta osasuna
Aste honetako albiste nagusia izan da: OMEk minbizia eragiten duten gaien artean sartu ditu haragi prozesatuak. Modu berean, “haragi gorria” ere azpimarratu du, honetan ebidentzia ahulagoa den arren. IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak hamar herrialdetako 22 aditu bildu zituen auzia aztertzeko eta ikerketak egin ondoren, minbizia eragin dezaketen 1 Taldean kokatu ditu haragi prozesatuak. Horretaz gain, haragi gorrien kontsumoaren eta kolon eta ondesteko minbiziaren artean harremana dagoela uste dute. Ildo beretik, esan dute pankrea eta prostata minbiziak ere eragin ditzaketela. Halaber, emaitzetan ondorioztatu dute haragi prozesatu gehiago jan, orduan eta arrisku handiagoa dagoela minbizia pairatzeko. Tabakoaren, amiantoaren eta plutonioaren talde berean dago orain haragi prozesatua.
Aipatzekoak dira ere afera honen inguruan zenbait adituk eman dituzten iritziak. Maddi Ane Txoperena kazetariak bildu ditu “Osasungarri edo gaitz iturri” artikuluan. Esaterako, Arantza Etxeberria onkologoaren hitzak ekarri ditu testura. Etxeberriak dio gauza jakinak zirela; txostenak egin duen gauza bakarra hori aztertzea eta ebidentzia zientifikoak bilatzea izan dela. Dena dela, gehitzen du: “Ez dut uste orain haragia jateari utzi behar zaionik, ez behintzat neurrian janez gero”. OMEk txostena plazaratu eta gero, Cristina Perez nutrizionistak ere agertu du bere ustea: “Badakigu ez dela egunero haragia jan behar, are gutxiago prozesatua bada. Azken batean, haragia astean hiru egunetan hartzea gomendatzen da, oro har, gorria barne”.
Zoologia
EHUko ikertzaile talde batek saguzar hatz-luzea izan du ikergai. Animalia honek intsektuak eta arrainak desberdin arrantzatzen dituela ondorioztatu dute. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen digu ur-azaleko intsektuak oinekin edo oinen arteko mintzarekin (uropatagioarekin) arraste labur bat eginez lortzen dutela. Bada, arrainen kasuan, hankak askoz ere gehiago sartzen ditu eta arrastea ere luzeagoa da. Hala, bi teknika desberdin erabiltzen ditu saguzar hatz-luzeak eta hori bi ehizakiak bereizteko gai direla adierazten du. Ikerketa honen xedea hori zehaztea izan zen, hain zuzen.
Geofisika eta sismologia
1936an Inge Lehmann sismologoa konturatu zen bi atalez osatuta zegoela Lurraren nukleoa. Ebidentzia honetara iritsi aurretik, zientzialariek uste zuten Lurraren nukleoa erabat likidoa zela. Nola konturatu zen, bada? Zeelanda Berrian jazotako lurrikara izan zen gakoa. Bi geruza horien arteko desberdintasuna mugimendu sismikoen bidez ikusi zuen. P uhinek zati solido hori zeharkatzen zuten bakoitzean, horien abiadura igotzen zela ohartu zen. Gauzak horrela, Lehmannek aldarrikatu zuen nukleoa bi zatitan banatuta zegoela. Horretaz gain, nukleoan tenperatura oso altua zela zehaztu zuen (2.727tik 4.727 gradura bitartean). Horrekin guztiarekin, Julio Vernek idatzitako Lurraren bihotzerainoko bidaia zapuztu zuen erabat zientzialari daniarrak.
Fisika
Milimetro bat baino txikiagoak diren objektuak lebitatzeko teknologia garatu dute. Asier Marzo Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktore-tesia egiten ari da eta lan horren ikertzaile nagusia da. Objektu horiek lebitatzeko hainbat bozgorailuren bitartez sinkronizatutako soinu-uhinak igortzen dituen gailua sortu dute. Aitziber Ruiz de Arkaute kazetariak azaltzen digu orain arte, objektuak alde guztietatik inguratzen dituzten bozgorailuen bidez bakarrik lortu izan dela lebitazioa. Oraingoan, berriz, ultrasoinuak alde bakarretik igortzen dira eta hori izan da berrikuntzarik nagusiena. Etorkizunean aplikazio teknologiko eta medikoak ikusten dizkiote ikertzaileek. Adibidez, objektu delikatuak garraiatzeko eta muntatzeko produkzio-kate industrialak sortzea.
Ingeniaritza eta teknologia
Big datari esker, Pisako Unibertsitateak gizarteak mugikortasunaren alorrean dituen ohiturak aztertu dituzte ikerketa batean. Bertan, ondorio bat atera dute: badaude etengabe joan-etorri berberak egiten dituzten pertsonak eta esploratzaileak. Amaia Portugal kazetariak azaltzen du emaitza horietara iristeko, GPS bidezko ibilbideekin eta sakelako bitartez egindako deien erregistroekin abiatu dutela ikerketa. Ildo horri jarraiki, zehaztu dute joan-etorri berdinak egiten dituzten pertsonen kasuan, ez dutela unean uneko hautua egiten, izaera kontua dela baizik. Ikertzaile talde horrek garatu duen eredua oso berritzailea da, orain arte ez baitzen formulaziorik egin gizartea bi talde zehatz hauetan banatzeko. Lan honek urratsak eman ditu giza mugikortasunari buruzko eredu egokiak lortze aldera, eta iragarpen zehatzak eta fidagarriak eraikitzeko bidea ere urratu dute. Artikulu osoa, Zientzia Kaieran topatuko duzue.
Aipatzekoa da ere Rosetta zundak oxigeno kantitate handiak atzeman dituela 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan. Kathrin Altwegg Bernako Unibertsitateko ikertzaileak esan du: “Ez da soilik oxigenoa topatu dugula, oxigeno asko dago. Ur-lurruna, karbono monoxidoa eta karbono dioxidoaren atzetik laugarren gasa da”. 2014. urtean ohartu ziren aurkikuntza honetaz baina orain arte ez dute honen berri eman zientzialariek ziur egon nahi zutelako. 67P Kometan egin den aurkikuntzarik harrigarriena izan da.
Aitor Arrieta ikertzaileari egin dio elkarrizketa Unibertsitatea.net-ek. Mondragon Unibertsitatean dabil doktorego-tesia egiten eta horri buruz mintzatu da gaztea bertan. Sistema ziber-fisiko aldakorren simulazio bidez balioztatzeko metodologia berri bat proposatzen ari dira. Zer da, bada, sistema hori? Arrietak azaltzen duenez, sistema digitalak (hau da, ordenagailuak, softwarea, eta abar), sistema fisikoekin uztartzen dituzten sistemak dira. Definizioa emateaz gain, sistema horien aldakortasunaz hitz egiten du ere. Bertatik ateratako emaitzak “itxaropentsuak” direla dio baina gehitzen du: “Lanean jarraitzea beharrezkoa da, denbora murrizketa ez delako nahikoa”. Lanaz gain, ikertzaileen egoeraz hausnartu du: “Gure herrialdean ikertzaileek ez dauzkate baliabide egokienak. Finantziazio publikoa lortzea geroz eta zailagoa da, eta ondorioz, finantziazio pribatua bilatu beharra dago inguruko enpresekin”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.