Koloreek zergatik sortzen dituzte sentimendu desberdinak pertsonetan?

Gazte-galderak

5 min

Koloreek zergatik sortzen dituzte sentimendu desberdinak pertsonetan?

“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.

Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Koloreek zergatik sortzen dituzte sentimendu desberdinak pertsonetan?

Kolore batzuk gurekin daude bizitzan zehar. Jadanik existitzen ez den lorategi baten berdea, superheroi haren jantziaren gorria, edo ahaztu nahiko genukeen zerbaiten urdin iluna. Lotura horiek ikastea ez zen aukera izan: besterik gabe, gure bizitzan zehar gertatu ziren. Eta kolore horiekin berriz topo egiten dugunean –horma batean, kamiseta batean, iluntze batean–, barruan zerbait mugitzen zaigu, pentsatzeko astia izan baino lehen.

Koloreek
1. irudia: nola sortzen dituzte emozioak koloreek, eta zergatik dira emozio horiek hain desberdinak pertsona batengan edo beste batengan? (Argazkia: Katie Rainbow – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Lotura horietako batzuk ez dira gureak bakarrik. Antzeko egoerak bizi izan zituztenek joera dute kolore berberen aurrean antzeko zerbait sentitzeko. Baina lorategi horretan inoiz egon ez zirenek edo film hori ikusi ez zutenek, ziurrenik, bestelako zerbait sentituko dute.

Nola sortzen dituzte emozioak koloreek, eta zergatik dira emozio horiek hain desberdinak pertsona batengan edo beste batengan? Galdera horiei erantzuteko, lehenik eta behin, ondo ulertu behar dugu zehazki zer den kolore bat.

Gauza bat da mundua, eta beste bat bertan dugun esperientzia

Aintzat hartu behar dugun lehenengo ideia intuizioaren kontrakoa da: koloreak ez daude kanpoan. Munduan ez dago sagar “gorririk”. Gure burmuinak sortu du kolore gorria. Isaac Newtonek hori ulertzen lagundu zigun, bere esperimentu ospetsuenetako baten bidez. Izpi bat iraganarazi zuen prisma batetik, eta gauza miragarria aurkitu zuen: argia tonu desberdinetan bereizten zen.

Hala hasi ginen hainbat gauza deskubritzen. Lehenik eta behin, argia luzera ezberdinetako uhinek osatzen dute. Eta, gainera, sagarra ia uhin luzera guztiak xurgatzen dituen materia zatia da, baina 700 nanometro ingurukoak islatzen ditu. Sagarra ez da gorria. Gorria gure burmuinak fabrikatzen du, gure erretinetako fotorrezeptoreek erreakzionatu egiten dutenean luzera horien aurrean.

Gaur nahiko ondo ezagutzen ditugu aldagai fisiko horiek neuronen seinale bihurtzen dituzten prozesu fisikoak. Baina hori ez da nahikoa ulertzeko zer den kolorea. Harago joateko, Frank Jackson filosofoak 80ko hamarkadan proposatutako esperimentu mental batera joko dugu.

Maryri inork azaldu ezin dion gorria

Demagun Mary, fisikari eta kolorearen neurozientziari buruz guzti-guztia dakien zientzialaria, baina bere bizitza osoa mundu zuri eta beltz batean eman duena. Zer gertatuko litzateke egun batean grisen mundu hori utzi eta lehenengo aldiz sagar gorri bat ikusiko balu?

Nahiz eta ezagutzen dituen teoria guztia eta koloreak hautematen dituzten garuneko gune guztiak, lehenengo aldiz liburu batek ere azaldu ez dion esperientzia guztiz berria izango du: nola sentitzen den kolore gorria. Esperientzia subjektibo eta besterenezin horixe da, hain zuzen, filosofoek qualia deritzotena: barrutik zerbait “nola sentitzen den”.

Zientziak oraindik ez du ondo ulertzen gure garunak nola sortzen dituen esperientzia hain bizi eta subjektiboak neuronen deskarga hutsetatik abiatuta. Jakin badakigu, berriz, qualia deritzogun bizipen horiek ez daudela soilik informazio sentsorialez osatuak. Askoz osagai gehiago dituzte.

Zerez eginda daude qualiak?

Ulertzeko, irudikatu behar dugu zer gertatzen den sagar gorri horrekin interakzioa dudanean. Nire garunak ez ditu soilik azalean islatzen diren uhin luzerak erregistratzen: aldi berean, sagarraren testura, usaina, hagin egitean duen zaporea, inguruneko tenperatura eta gurekin nor dagoen prozesatzen ditu. Eta, hori guztia prozesatzearekin batera, erreakzio emozionala sortzen du: bizitzen ari naizen hori atsegina, mehatxua edo neutroa den aztertzen duen ebaluazio automatikoa, ia berehala gertatzen dena.

Gainera, nire garunak badu beste gaitasun miragarri bat: erregistratzen duen guztia lotzea. Hala, sagarra begiratzen dudanean, haginka egin eta konturatzen naizenean nire alabekin nagoela, hori guztia –kolorea, zaporea, momentuaren poza– elkarri lotuta geratzen da esperientzia bakar batean, eta garunak bildu egiten du; hala, elementu horietako bat berriz agertzen denean, gainerakoak horrekin batera aktibatzen dira.

Hori dela eta, uhin luzera horiek beraiek nire fotoerrezeptoreak aktibatzen dituzten hurrengo aldian –nahiz eta sagarrik ez egon, nahiz eta nire alabak ez egon–, multzo oso horretako zerbait itzuliko da. Eta, bizitzan zehar zenbat eta esperientzia gehiago pilatu kolore horrekin, orduan eta aberats, konplexu eta bereziagoa izango da horri buruz dudan esperientzia.

Hortaz, gorriaren qualia ez da bakarrik argi maiztasun baten prozesamendu hutsa. Une batean zentzumenen berehalako informazioa, biltegiratutako oroipenak eta pilatutako afektuak bateratzearen emaitza da. Garunak hain ondo eta azkar muntatzen dituen hiru eduki mota, zeinak gauza banaezin bakar moduan bizi izaten baititugu. Horri deitzen diogu kolorea.

Koloreak eta sentipenak, ikerketa mende bat

Koloreek
2. irudia: koloreek erantzun emozional sistematikoak sortzen dituzte berezko ahalmenak edo nonahiko ikaspen batzuk daudelako. (Argazkia: Federico Fischietti – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Koloreek erantzun emozional sistematikoak sortzen dituzte. 128 urtez, 64 herrialdetan, egin zituzten 132 ikerketa (guztira 42.000 partaide baino gehiago) aztertu zituen ikerketa baten emaitzek eredu sendoak adierazten dituzte: gorria aktibazio handiko sentipenekin lotzen da –maitasuna, haserrea, arriskua, pasioa–; urdina, lasaitasun eta konfiantzarekin; horia alaitasunarekin; eta beltza, tristura edo boterearekin.

Eredu horiek kultura oso desberdinetan agertzen dira, eta horrek adierazten du berezko ahalmenak edo nonahiko ikaspen batzuk daudela: zeru garbiaren urdina, odolaren gorria, edo eguzkiaren horia espezie gisa partekatzen ditugun zantzu ekologikoak dira.

Beste aurkikuntza argigarri bat da kolore bakoitzak sentipen oso desberdinak ekar ditzakeela gogora, eta kolore oso desberdinek sentipen bera eragin dezakete. Hori ez da zoriaren isla: beste irakaspen askoren baldintza berezien aztarna da.

Stephen Palmer eta Karen Schloss psikologoek mekanismo hori zehaztu zuten beren Balentzia Ekologikoaren Teoria artikuluan: gustuko ditugu esperientzia positiboei lotutako koloreak, eta baztertu egiten ditugu negatiboei lotutakoak. Norbaiten haurtzaroko horia bere amonaren sukaldekoa bada, kolore hori lasaigarria izango da. Beste norbaitentzat gorroto zuen eskolako uniformearena bada, guztiz aurkakoa ekarriko dio gogora.

Uhin luzera bera, sentipen desberdinak

Laburbilduz, zuk ikusten duzun gorria nik ikusten dudanaren antzekoa da, baina ez da berdin-berdina. Antzekoa da, fisika, biologia eta esperientzia batzuk partekatzen ditugulako. Baina ez da berdin-berdina, gure bizitzan aurrera egin ahala, esperientzia guztiz pertsonala eta errepikaezina eraikitzen dugulako. Historia bakoitzak modu desberdinean tindatzen du kolorea. Hori dela eta, koloreek mundua deskribatzen laguntzeaz gain, gogorarazten digute zer esan nahi duen bizitza bat eta ez beste bat izateak.


Egileaz:

Gabriel Rodríguez San Juan EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea eta Oinarrizko Psikologi Prozesuak Eta Garapena Saileko ikertzailea da.


Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Por qué los colores producen diferentes sentimientos en las personas? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: kzk.komunikazioa@ehu.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.