Karla Ximena Vargas Berrones: «Nire ikerketek ibai eta itsasoak onbideratzen laguntzea nahiko nuke»

Ikertzen dut

4 min

Karla Ximena Vargas Berrones: «Nire ikerketek ibai eta itsasoak onbideratzen laguntzea nahiko nuke»

Karla Ximena Vargas Berrones Kimikan lizentziatua da, Plangintza Estrategikoan eta Berrikuntzan magisterra eta Ingurumen Zientzietan doktorea. Zientzia Kimikoen Fakultateko irakasle-ikertzailea da San Luis Potosí Unibertsitate Autonomoan.

Konposatu kimiko jasangarrien eta bioinputen garapen teknologikoa da bere ikerketen ildoa, helburu nagusitzat duelarik kutsatzaile emergenteekiko esposizioa murriztea eta horrek giza osasunean nahiz ekologian izan ditzakeen eragin eta kalteak gutxitzea, baita etxe zein industrietan erabiltzen diren produktu kimikoen alternatiba jasangarri eta seguruak eskaintzea ere.

Hainbat sari jaso ditu egindako lanengatik; azkena 2024. urtean, L’Oréal-UNESCOren Emakumeak Zientzian beka jaso du Mexikoko Zientzien Elkartearekin lankidetzan. Aitortza horrek agerian uzten du Karla Ximenak ikerketa zientifikoarekiko duen konpromisoa, eta azpimarratu egiten du kimikaren nahiz ingurumen zientzien arloan egiten duen ekarpenaren garrantzia.

Karla Ximena
Irudia: Karla Ximena Vargas Berrones ikertzailea. (Argazkia: Karla Ximena Vargas Berronesek emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Zientziaren eta teknologiaren bitartez ingurumena babestea da nire lanaren xedea. Dagoeneko kaltetuta dauden ekosistemak nola lehengoratu ikertzen dihardut, eta kutsadura gertatu baino lehen nola saihestu aztertzen saiatzen naiz. Gaur egun, hiru arlotan banatzen da nire egitekoa: lehendabizi, kutsatzaile arriskutsuak identifikatzen ditut, gure osasunari eragin diezaioten saihesteko; bigarrenez, nire laborategian garbitzaile organikoak sortzen ditut eta, horiek erabiliz, ibaiak, mangladiak eta itsasoak garbitzeko metodoak garatzen ditut –bereziki petrolio isuriak gertatzen direnerako–; eta azkenik, ekonomia garbi eta zirkularragoa bultzatzen duten produktu industrial seguruak diseinatzen ditut (detergente jasangarriak, esaterako).

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Berrikuntzaren zale amorratua naiz eta maite dut gure planeta zaintzeko benetako soluzioak sortzea. Niretzat berrikuntza ez da soilik robotak eraikitzea edo espaziora bidaiatzea. Sinetsita nago berrikuntzak planeta salba dezakeela, eguneroko gauzetatik hasita, eta ez soilik makina handien bitartez. Motibatu egiten nau asmakariak laborategitik atera eta industriara eramateak, arlo horretan baitira erabilgarrien mundua eraldatzeko. Laborategiaren eta industriaren artean zubi bat eraikitzeaz arduratzen naiz ni, aldaketak guztiengana hel daitezen lortzeko. Horren adibide garbia dira garatzen ditudan detergenteak; haien bidez, erantzun zuzena ematen zaie hainbat arazo globali, hala nola uraren kutsadurari, eta nabarmen laguntzen da pertsonen osasuna eta natura bera babesten.

Azken batean, gure ekosistemak sendatuko dituzten eta horietan bizi garenon ongizatea bermatuko duten soluzioak sortzea da nire helburu nagusia.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Nire familia da nire ibilbidearen zutabe nagusia. Gurasoengandik ikasi nuen familia bat eraikitzea dela bizitzako talde lanik handiena; aldamenekoaren sostengu izatean datza, hark ezin duenean. Ezinbestekoa da ulertzea, batzuetan, % 100 lortzeko, batek % 90 jartzen duela eta besteak % 10, ordainetan ezer eskatu barik.

Haiek irakatsi zidaten etxekoekin igarotzeko dugun denborak ez duela atzera bueltarik, hau da, denborak ez duela bigarren aukerarik ematen, zientziak eta esperimentuek bezala. Seme-alabak behin baino ez dira hasiko. Hala, egiaztatu ahal izan dut, bizitza pertsonalak orekari eusten dionean, arlo profesionala berez garatzen dela; babes sare sendo bat edukita errazagoa da edozein erronka gainditzea.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Benetan sinisten dut uraren kutsadura dela gure garaiko erronkarik kritikoenetako bat. Erabat konpontzea konplexua den arren, arazoari era integralean aurre egiteak aldaketa handiak eragin ditzake. Nire ikerketek ibai eta itsasoak onbideratzen laguntzea nahiko nuke, bi bidetatik: lehenik, arazoaren erroa saihestuz, hondakin toxikorik sortzen ez duten detergente jasangarrien bitartez; eta bigarrenik, dagoeneko kaltetuta dagoen ura garbitzeko teknika naturalak garatuz (bioerremediazioa).

Baina zientzia, berez, ez da nahikoa; pertsonen kontzientzian ere eragin nahi dut. Gaur egun, askok dakigu eguneroko produktuek (detergenteek kasu) eragin larria izan dezaketela gure osasunean eta ingurumenean. Ezagutza hau partekatu ahal izateak erabat betetzen nau; izan ere, sinetsita nago, nork bere harri koskorra jarriz gero, oso posible dela gure planetaren osasunean egiazko inpaktu positiboa lortzea.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Korrikalari naizen aldetik, maratoia da, niretzat, zientziaren analogiarik onena. Maratoi bat egiteak eta zientzian jarduteak badute zerbait komunean; 30. kilometroak suposatzen duen langa. Une horretan desagertzen dira hasierako ilusioa eta grina; helmuga urrun dagoela sentitzen da eta amore emateko gogoa pizten. Baina pistan, laborategian bezalaxe, helmuga ez da mugitzen; hortxe dago, zure zain. Aurrera egiten jarraitzen baduzu –urratsez urrats bada ere–, iritsi egingo zara noizbait. Askoren ustez, arrakasta segida bat da zientzia; baina, benetan, gainditutako hutsegite askoren multzoa da, izan ere. Azkenean, mundua aldarazten duen zientzialari bat ez da nabarmentzen aparteko distira duelako, baizik eta mugitzen jarraitzeko gai izan delako besteek gelditzea erabaki dutenean.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko uztailaren 18an: Karla Ximena Vargas Berrones: «Mi meta es que mis investigaciones ayuden a sanar nuestros ríos y mares».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.