Jarduera fisikoa gainbeheran dago mundu osoan
Kirolaren bueltan egin diren azken ikerketek diote gorputzarentzat ez ezik, planetarentzat ere osasungarria dela jarduera fisikoa egitea, baina gaiari buruzko adierazleek ez dute gora egin azken bi hamarkadetan.
Elikaduraren eta planetaren osasunaren arteko lotura nabarmendu izan da orain arte, baina, orain, beste faktore bat eztabaida publikora atera nahi izan dute. Hala, nazioarteko zientzialari talde batek jarduera fisikoaren ikuspegia erabat aldatzea proposatu du. Argudiatu dutenez, kirola ez da soilik obesitateari aurre egiteko edota osasun ona mantentzeko modu bat. Horrez gain, planeta hobetzeko ere estrategia ona izan daiteke jarduera fisikoaren aldeko politika publikoak bultzatzea.

Nature Health eta Nature Medicine aldizkarietan argitaratu dituzten hiru zientzia artikulutan gaiaren bueltan datu azterketa zabala egin dute, horietako bakoitzak ikuspegi zehatz bat jorratu duelarik.
Andrea Ramirez Varelak gidatutako ikerketa batek ohartarazi du zenbaki handiei erreparatuz bederen kirol jardueran ez dela aurrerapausorik izan. Orotara, ikerketak 200 herrialde inguru aintzat hartu ditu, eta, horien plan nazionalak aztertuta, jabetu dira askok ez daukatela aurrekontu espezifikorik, ezta helburu argirik ere. Herrialde horietan 2004 eta 2025 artean landutako politika nazionalen inguruko 661 dokumentu aztertu dituzte, eta 46 eragilerekin elkarrizketak egin dituzte. Besteak beste, ikusi dute politika horien % 26k ez dutela zehaztu helburu neurgarririk. Ikusi dute ere % 38k soilik gaiari buruzko ardurak hiru gobernu saili edo gehiagori ematen dizkiela, baina sailen arteko lan hau funtsezkoa da garraioa, hezkuntza edo hirigintza bezalako arloetan aurrera egiteko, argudiatu dutenez.
Ikertzaileek ondorioztatu dute herrialde gehienek jarduera fisikoa indartzeko politikak martxan jarri dituztela, baina ikusi dute ere ez dagoela ebidentzia nahikorik politika horiek benetan eraginkorrak izan ote diren ziurtatzeko.
Arlo kualitatiboari dagokionez, bederen, itxaropenerako tarte txiki bat dago, elkarrizketetan ondorioztatu dutelako jarduera fisikoak gero eta pisu handiagoa hartu duela politika publikoetan, osasun publikoaren beste alorrekin alderatuz oraindik hainbesteko garrantzia hartu ez duen arren.
Horren bueltan kontzientziazio kanpainak eta politika publiko aktiboak bultzatu diren arren, jarduera fisikoaren maila globalak ez dira hobetu azken bi hamarkadetan. Ikertzaileen esanetan, herrialde gehienek norbanakoei zuzendutako kanpainak egiten dituzte, baina ez dute behar bezala aintzat hartzen ingurumena edo bestelako “faktore sistemikoak”.
Erica Hincksonek zuzendutako beste azterketa batek PACC Jarduera Fisikoa eta Klima-Aldaketa eredua proposatu du gaiari heltzeko, eta aski ezagunak diren adibideetara jo du. Kasurako, garraio aktiboa —oinez edo bizikletaz mugitzea, hain zuzen— zein hirigintza jasangarria sustatzeak berotegi efektuko gasen isuriak murriztu eta airearen kalitatea hobetzen duela gogora ekarri dute. Modu berean, klima-aldaketak kirolari oztopoak jartzen dizkiola azpimarratu dute. Muturreko bero boladek edota ekaitzek aire zabaleko ekintzak oztopatzen dituzte, jarduera fisikoa egitea zailduz, bereziki zaurgarritasun maila handiagoak dituzten komunitateetan. Hori dela eta, parkeak eta ur guneak hirietan bultzatzeko beharra ere azpimarratu dute, hirietako mikroklimak erregulatu aldera.

Horregatik guztiagatik, dei egin diete gobernuei txertatu dezaten jarduera fisikoa beren politiken erdigunean, batez ere garraioaren, ingurumenaren eta hirigintzaren alorretan. Modu berean, eskatu dute “ekimen koordinatuak” handitzeko, jarduera fisikoa osasun publikoaren mesedean egon dadin, baina baita erresilientzia klimatikoa handitzeko baliagarria izan dadin ere.
Deborah Salvo ikertzaileak gidatutako azterketak geografia eta generoa aintzat hartzen dituen analisian jarri du arreta. Atera duten ondorioetako bat da alde nabarmena dagoela bi muturren artean aisialdiko jarduera fisikoari dagokionez. Hala, egin duten sailkapenean, 40 puntuko aldea aurkitu dute herrialde aberatsetako gizon aberatsen eta garapen bidean dauden herrialdeetako emakume txiroen artean.
Aisialdiko jarduera kontzeptua garrantzitsua da hemen, leku askotan jarduera fisikoa beharren araberakoa izaten baita —lan eskerga eginez, edota oinez seguruak ez diren inguruetan desplazamendu luzeak eginez—, eta, hau, noski, ez da halabeharrez ongizatearen onerako. Mugimendua eskubide bat izan behar dela diote, eta ez “behar ekonomiko koertzitibo bat”.
Jarduera fisikoaren abantailak gogora ekarri dituzte. Bihotz osasunetik harago, ariketa fisikoak sistema immunitarioa indartzen du —kasurako, Covid-19aren garaian ikusi zen pertsona aktiboagoek ospitaleratzeko arrisku gutxiago izan zituztela—. Osasun mentalari dagokionez, depresioari aurre egin eta hura prebenitzeko erabili daitekeela diote. Onurak bereziki nabarmenak dira minbizia bezalako gaitz latz baten aurrean, gaiaren bueltan egin diren zenbait ikerketaren arabera hainbat minbizi motaren arriskua % 10-20 artean murrizten baitu.
Harago joan eta zenbait herri indigenaren “jakituria” berreskuratzea proposatu dute, herri horiek naturarekin duten loturak “erresilientzia eta osasuna sustatzen” duelakoan. Maori, Aotearoa edo Turkana herriak aipatu dituzte, eredu gisa. Gainera, argudiatu dute kirola eta iraunkortasuna batera lantzea banaka lantzea baino indartsuagoa dela, bai populazioaren zein planetaren osasunerako onura konbinatuak eskaintzen dituelako.
Askotan ahazten bazaigu ere, gogoratu beharra dago munduan urte bakoitzean bost milioi heriotza inguru leporatzen zaizkiela jarduera fisikoaren faltari. OME Osasunaren Mundu Erakundeak astean jarduera fisiko moderatuko 150 minutu inguru gomendatzen ditu helduentzat, eta 60 haurrentzat. Gauzak hala izanik ere, hamar heldutatik hiruk eta hamar haurretatik zortzik baino ez dute betetzen gutxieneko jarduera hori.
Erreferentzia bibliografikoak:
Salvo, Deborah; Crochemore-Silva, Inacio; Wendt, Andrea; Tarp, Jakob; Shiroma, Eric J.; Simpson, Richard J.; Lee, I-Min; Ekelund, Ulf; Cerin, Ester; Keita, Youssouf; Bauman, Adrian; Hallal, Pedro C.; Ramirez Varela, Andrea; Pratt, Michael; Reis, Rodrigo; Hinckson, Erica; Ding, Ding; Kohl III, Harold W.; Sallis, James (2026). Physical activity for public health in the 21st century. Nat Med, 32, 1479–1489. DOI: 10.1038/s41591-026-04237-5
Hinckson, Erica; Reis, Rodrigo; Romanello, Marina; Ding, Ding; Adelekan, Ibidun; Favarão Leão, Ana Luiza; Ballard, Ellis; Benmarhnia, Tarik; Hogg, Robert; Sallis, James F.; Bauman, Adrian; Ramirez Varela, Andrea; Salvo, Deborah; Ekelund, Ulf; Pratt, Michael; Lee, I-Min; Kohl III, Harold W.; Hallal, Pedro C. (2026). Benefit of physical activity initiatives for climate change mitigation and adaptation. Nature Health, 1, 300–315. DOI: 10.1038/s44360-026-00057-6
Ramírez Varela, Andrea; Bauman, Adrian; Woods, Catherine B.; Shawar, Yusra Ribhi; Hallal, Pedro C.; Salvo, Deborah; Siefken, Katja; Wendel-Vos, Wanda; Miranda, J. Jaime; Mejía-Grueso, Juliana; Sallis, James F.; Hinckson, Erica; Lee, I-Min; Siqueira Reis, Rodrigo; Ding, Ding; Ekelund, Ulf; Kohl III, Harold W.; Shiffman; Jeremy; Pratt, Michael (2026). Low global physical activity despite two decades of policy progress. Nature Health, 1, 338–354. DOI: 10.1038/s44360-025-00044-3
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.