2026ko eguzki-eklipse osoa Euskal Herrian
Iberiar penintsulatik ikusiko den eguzki-eklipse osoa dugu uda honetako protagonista. Artikulu honetan, eklipseari buruzko galderarik ohikoenak erantzun eta kuriositate batzuk aztertuko ditugu.
Zer da eguzki-eklipse oso bat?
Noizean behin, Lurreko eskualde batzuetatik eguzki-eklipse oso bat ikus daiteke. Hau da, Ilargiak guztiz estaltzen du Eguzkia eguneko orduetan. Momentu horretan eta eskualde horietan, iluntasuna hedatzen da (1. irudia).

Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren arteko lerrokatze mota hau, satelitea izarraren eta planetaren artean tartekatzen denekoa, urtean bitan gertatu ohi da (173 egunean behin). Izan ere, Ilargiaren orbita 5 gradutan inklinatuta dago Lurrak Eguzkiaren inguruan osatzen duen orbitarekiko, eta horregatik ez dago eklipse oso bat ilberri bakoitzean.
Kasualitate geometriko bat dela eta, Ilargiak eta Eguzkiak itxurazko tamaina bera dute Lurreko zeruan. Eguzkia Ilargia baino 400 aldiz handiagoa da, gutxi gorabehera, baina Ilargia 400 aldiz hurbilago dago Lurretik. Hori dela eta, argi-fenomeno ugari ikus daitezke gure planetatik eguzki-eklipse osoa dagoenean (2. irudia). Lehenik eta behin, diamante-eraztun efektua bitan ikus daiteke, osotasunaren hasieraren eta amaieraren berri ematen duena. Osotasunetik gertuago, eguzki-argia Ilargiaren mendikateetatik pasatu eta «Baileyren perlak» ikusiko dira. Azkenik, osotasunean eguzki-koroa eta kromosfera (gorrixka) ikusteko aukera paregabea izango dugu.
Fenomeno horiek ez dira ikusten eklipse partzial batean, eta, beraz, merezi du eklipsea osotasunean ikustea.

Non gogoa, han zangoa
Noiz eta non ikus daiteke eklipsea? Euskal Herria eklipsearen lekuko izango dugu 2026ko abuztuaren 12an. Hodeirik ez badago, eklipse osoa ikusiko da Araban eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hegoaldean. Ilargia Eguzkia estaltzen hasiko da 19:30ak inguruan, eta 21:20an aldenduko dira bi astroak. Osotasuna arratsaldeko 20:27:32an gertatuko da eta minutu bat iraungo du, gutxi gorabehera, tokiaren arabera (3. irudia). Zenbat eta hegoalderago joan, orduan eta iraupen handiagoa izango du eklipse osoak. Eklipse osoaren efemerideak kontsultatzeko, hala nola eguzkiaren posizioa (azimuta eta altuera), badira online-errekurtsoak. Osotasuna iluntzean izango denez, mendebalderantz begiratu beharko dugu. Gainera, Eguzkia zerumugatik nahiko gertu egongo da, 8°ko altueran, eta, beraz, mendebaldean oztoporik ez den toki batera joan behar gara. Aukeratutako lekuan, mendebalderantz begiratu eta ikusmen-lerroan mendirik, eraikinik edo zuhaitzik ez dagoela ziurtatu behar dugu. Honako web-orri honetan kontsulta daiteke orografia.

Hurrengo bi urteetan ere, beste eklipse oso bat (5 minutu ingurukoa) eta eraztun-eklipse bat ikusteko aukera egongo da Iberiar penintsularen hegoaldean. Euskal Herritik ikusita, Ilargiak Eguzkiaren % 75a estaliko du, gutxi gorabehera, bi kasuetan.
Segurtasuna eta osasuna lehenengo
Eklipseaz segurtasunez gozatzeko, behar da aurretiko antolaketa pixka bat. Adibidez, azken minutuko trafikoa eta presak saihesteko, komeni da eklipsea nondik ikusiko den jakitea. Bestalde, eklipsea ikusteko betaurreko aproposak erabili behar dira, astronomia-denda espezializatu batean eros daitezkeenak euro batzuen truke (adibidez, Nafarroako honako denda honetan: www.observarelcielo.com). Gogoratu betaurrekoak ezin direla kendu eguzkiaren argi izpiak guztiz estalita egon arte; hau da, 3. irudiaren erdian dagoen egoera ikusteko, asko jota. Eta berehala jarri behar dira osotasuna amaitzen denean, lehenengo eguzki izpia azaltzearekin batera.
Ikerketa zientifikoak eklipseei esker
Historian zehar, ikerketa zientifiko ugari bultzatzeko tresna baliagarria izan dira eklipseak. 1868an, Pierre Janssen-ek, eguzki-argia aztertuta, konposatu berri bat aurkitu zuen: geroago Helio izena emango zitzaiona. Eddington-en esperimentuak, 1919. urteko eklipsean, grabitazio-lente efektua baieztatu zuen; hori izan zen Einsteinen erlatibitate orokorraren aldeko lehenengo behaketa. Gaur egun, hainbat zientzia-arlotako galderak erantzuteko erabil ditzakegu eklipseak, bereziki Eguzki Fisikan, Zientzia Planetarioetan eta Meteorologian.
Adibidez, eguzki-eklipse osoek Eguzkiaren koroa aztertzea ahalbidetzen dute, hau da, normalean behatu ezin den Eguzkiaren atmosferaren kanpoko geruza. Modu horretan azter daiteke nola garraiatzen den Eguzkian energia barnealdetik kanpoaldera, eta baita gero nola igortzen den ere. Gainera, eguzki-haizea (Eguzkitik isurtzen den plasma-korrontea) koroan sortzen denez, eklipseek haize horren jatorria ikertzea ere ahalbidetzen dute. Horrek guztiak garrantzi handia dauka Space Weather-a aztertzeko, hau da, Eguzkiaren aktibitateak zein eragin duen haren inguruan, batez ere Lurraren atmosferako goiko geruzetan.
Eklipseak irauten duen bitartean, meteorologia-aldaketa batzuk ere nabaritu ohi dira Lurretik hurbileko atmosferan; esaterako, tenperatura-murrizketa eta haize pixka bat. Eguzki-erradiazioak Lurraren atmosferarekin duen elkarrekintza azkarra aztertzeko probestu daiteke hori, beraz.
Zientziarako erabilgarriak izateaz gain, eguzki-eklipse oso bat ikusi duten horiek bizipen ahaztezina dela diote, eta, gainera, era batean, antzinako gizakiekin konektatzen gaituen fenomenoa da. Hortaz, ez galdu aukera!
Iturriak:
- Aranzadi Zientzia Elkartea: Eklipseak.
- Elhuyar Zientzia: Eklipsea.
- Instituto Geográfico Nacional: Eclipses visibles en España.
- Global Astronomía (2026). Tres años, tres eclipses. Astronomía, 319.
Egileez:
Asier Munguira, Itziar Garate-Lopez, Peio Iñurrigarro eta Naiara Barrado-Izagirre EHUko Fisika Aplikatua Saileko irakasleak dira eta Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileak.
Asier Munguira ikertzaileak Eusko Jaurlaritzaren Doktoretza-ondoko Programaren laguntza du.