Cintia Folgueira Cobos: «Lagundu nahi nuke hobeto ulertzen nola erregulatzen den metabolismo energetikoa maila zelularrean eta nola aldatzen den obesitatean»
Cintia Folgueira Cobos Endokrinologian doktorea (Santiago de Compostelako Unibertsitatea) eta Miguel Servet ikertzailea (Santiago de Compostelako Osasun arloko Ikerketa Institutuan) da. Bere lanaren xedea da ulertzea nola erregulatzen den metabolismo energetikoa eta nola aldatzen den obesitatea bezalako gaixotasunetan, estrategia terapeutiko berriak identifikatu ahal izateko. Ikerketa Kardiobaskularren Zentro Nazionalean (CNIC) doktorego ondokoa egin eta gero, egun ikerketa ildo bat zuzentzen du.
45 argitalpen zientifiko baino gehiago egin ditu nazioarteko aldizkarietan, eta aintzatespen ugari jaso ditu, hala nola L’Oréal-UNESCO For Women in Science saria. Academia Joven de España erakundeko kidea da, eta aktiboki parte hartzen du dibulgazio zientifikoko jardueretan, ikerketa gizarteari ezagutarazteko eta bokazio zientifikoak sustatzeko helburuarekin.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire ikerketa metabolismo energetikoa bera eta obesitatea bezalako gaixotasunetan nola aldatzen den aztertzean zentratzen da. Zehazki, aztertu egiten dut nola zenbait organo eta zelula mota elkarren artean komunikatzen diren erregulatzeko organismoak energia sortu eta erabiltzeko duen modua.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Txikitatik ulertu nahi izan dut nola funtzionatzen zuen giza gorputzak eta zer gertatzen den oreka hori apurtu eta gaixotasunak agertzen direnean. Obesitatea gaixotasun oso konplexua da eta eragin handia du osasunean. Lagundu nahi dut haren mekanismoak hobeto ulertzen, etorkizunean tratamendu hobeak garatzen lagundu ahal izateko.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Zorionez, zenbait erreferente izan ditut nire karreran, bereziki nire tesi zuzendariak eta doktorego ondoko ikuskatzailea. Haiengandik ikasi ditut zientzia egiteko beharrezkoak diren zorroztasuna eta jakin-mina. Eta beren taldeak zuzentzen dituzten beste emakumezko zientzialari askok ere inspiratu naute. Izan ere, agerian jartzen dute posible dela bikaintasunezko ikerketa karrera bat egitea.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Lagundu nahi nuke hobeto ulertzen nola erregulatzen den metabolismo energetikoa maila zelularrean eta nola aldatzen den obesitatean. Zehazki, jomuga terapeutiko bihur daitezkeen mekanismo berriak identifikatu nahi nituzke, ez soilik obesitatea tratatzeko, baizik eta antzeko gaixotasunak tratatzeko ere bai, hala nola diabetesa edo arazo kardiobaskularrak.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Jakin-mina izan dezala eta irmoa izan dadila. Ikerketa bide zoragarria da, baina baita exijentea ere, eta emaitzak ez dira beti azkar jasotzen. Garrantzitsua da pazientzia izatea, prozesuaz gozatzea eta inspiratu eta babesten zaituzten pertsonak gertu izatea. Baina, batez ere, ez da beldurrik izan behar galderak egiteko.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko ekainaren 27an: María Carolina Sánchez Téllez: Cintia Folgueira Cobos: «Me gustaría contribuir a entender mejor cómo se regula el metabolismo energético a nivel celular y cómo se altera en la obesidad».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.