Nola kalkulatu dezakegu argiaren abiadura etxean?
Posible al da etxean argiaren abiadura kalkulatzea? Harrigarria badirudi ere, bai. Mikrouhin-labe bat, erraz urtzen den elikagai bat, erregela bat eta kalkulagailu bat baino ez dituzu behar fisikaren konstante ospetsuenetako batera hurbiltzeko. Ez da laborategi profesionalik behar: esperimentu sinple eta dibertigarri batekin, emaitza benetako baliotik oso gertu lor daiteke.
Esperimentu honetan mikrouhinen propietateak erabiliko ditugu argiaren abiadura kalkulatzeko. Horretarako, urtutako puntuen arteko distantzia neurtu, mikrouhin-labearen maiztasuna kontuan hartu eta bi datu horiek uztartzea besterik ez da egin behar. Emaitzak harritu egingo zaitu: etxeko baliabideekin ia 300 milioi metro segundoko abiadura kalkulatzeko gai izango zara.
Zergatik gertatzen dira gauzak Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza izan du.