Ozeanoko errege ziren olagarroak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Ozeanoko errege ziren olagarroak

Olagarroak betidanik izan dira ezagunak animalia adimentsuenetarikoak izateagatik; ez, ordea, harrapakari trebeenak eta bortitzenak izateagatik. Orain, Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek agerian utzi du duela 100 milioi urte ozeanoetan bizi ziren olagarro erraldoiak elikadura-katearen goialdean zeuden superharrapariak zirela. Iraganeko animalien baraila fosilizatuak erabiliz, ikertzaileek olagarroen jokabide desberdinak argitu dituzte.

Harrapari handiek funtsezko eginkizuna dute Lurreko ekosistemetan, beste espezie batzuen populazioak erregulatzen baitituzte eta biodibertsitatearen egitura moldatzen baitute. Elikadura-katearen gailurrean dauden animaliei apex harrapariak edo superharrapariak deitzen zaie; gaur egun, ozeanoetan tiburoia eta orka dira animalia horiek. Izan ere, itsasoan rol hori ornodunek bete dute ehunka milioi urtez, geroz eta gorputz-tamaina handiagoak eta ehiza-trebetasun sofistikatuagoak garatuz.

Testuinguru horretan, olagarroek oso bestelako eboluzio-ibilbidea jarraitu zuten. Animalia ornogabe askok harrapariengandik babesteko maskor gogorrak garatu zituzten; aldiz, olagarroek maskor babesleak galdu zituzten, eta gorputz bigunak garatu zituzten eboluzioz. Horri esker, arintasuna irabazi, ikusmena hobetu eta adimena garatu zuten. Eta ez hori bakarrik; iraganeko ozeanoetan bizi izan ziren forma erraldoiak ere agertzen dira beren historia ebolutiboan, horietako batzuk bi metro baino luzeagoak eta krakens izena eman zaienak.

olagarro
Irudia: duela 100 milioi urte ozeanoko errege izan ziren olagarro erraldoien irudikapena. (Argazkia: Yohei Utsuki, Department of Earth and Planetary Sciences, Hokkaido University)

Gaur arte, animalia erraldoi horien dietari buruzko ebidentzia zuzenik ez zegoenez, zaila izan da elikadura-katean haiek izan zuten lekua ulertzea. Orain, ikerketa berriak antzinako harrapakari horiek iraganeko itsas ekosistemen dinamikan betetzen zuten papera ulertzeko metodo berritzaileetara jotzen ari dira, hala nola masailezur fosilizatuetako higaduraren analisia edo adimen artifizialaren erabilera. Aurrerapen horiei esker, Science aldizkarian argitaratutako artikulu berriak argitzen du garai batean olagarro erraldoiak ozeanoetako elikadura-katearen gailurrean izan zirela.

Fosilak erabiltzen, historia ezkutua argitzeko

Olagarroak gorputz biguneko animaliak direnez, ez da ohikoa animalia horien fosilak aurkitzea. Horrek bereziki zailtzen du haien historia ebolutiboa ikertzea, hezurrak edo maskorrak uzten dituzten animaliekin alderatuta. Horregatik, argitaratutako artikuluan, Japoniako ikertzaileek olagarro primitiboen baraila-fosilak erabili zituzten, fosilizazio potentzial handia duen elikatze-organoa, haien historia ezkutua berreraikitzeko.

Bereizmen handiko tomografiaren eta adimen artifizialeko eredu bat erabiliz, ikertzaileek baraila-fosilak aurkitu zituzten ezkutatuta Goi Kretazeoko arroka-laginetan. Japonian eta Vancouver uhartean aurkitutako fosil horiek duela 100 milioi urte sortu ziren, eta egoera onean kontserbatu dira itsas sedimentu lasaietan. Horri esker, ikertzaileek iraganeko animalia erraldoiak nola elikatzen ziren erakusten duten higadura-marka finak aurkitu zituzten fosiletan.

Fosilak gaur egun existitzen ez den zirrata izeneko olagarro talde batekoak zirela aurkitu zuten zientzialariek. Barailen tamaina, forma eta higadura-ereduak aztertzean, ikertaldeak ondorioztatu zuen animalia horiek harrapari aktiboak zirela, eta ziurrenik harrapakin gogorrak birrintzen zituztela hozka indartsuekin. Ikerketaren egile nagusia den Yasuhiro Iba-k dioenez, «gure aurkikuntzek iradokitzen dutenez, lehen olagarroak Kretazeoan ozeanoko elikadura-katearen gailurra hartzen zuten harrapari erraldoiak ziren».

Ustekabeko aurkikuntzak

Hala ere, aurkikuntzarik harrigarriena baraila-fosiletako higadura-markak aztertzean egin zuten ikertzaileek. Fosilek ezpaldu, arraildura eta leunketa zabalak erakusten zituzten, indar handiko hozkada handiaren zantzu guztiak. Horrek adierazten du bere harrapakinekiko interakzio errepikatuak eta kementsuak zirela, «ezustean erasokorra den elikadura-estrategia bat erabiltzen zutela erakusten digu ikerketak», dio Ibak. Aurkikuntzak aldarazi egin du zientzialariek betidanik olagarroen historia goiztiarraz zuten ikuskera; erabilitako fosil berrien ondorioz, ezagutzen den olagarro hegaldunen erregistroak zabaldu egin dira, eta 100 milioi urte inguru lehenago kokatzen dira orain.

Gainera, ikertaldeak aurkitu zuen aztertutako bi espezieetan masailezurraren alde bat bestea baino higatuago zegoela. Horrek iradoki zien animalia horiek nahiago izan zutela alde bat intentsitate handiagoz erabiltzea. Portaeraren asimetria mota hori, lateralizazio izenez ezagutzen dena, neuronen prozesamendu aurreratu batekin lotzen da animalia modernoetan. Beraz, baliteke lehen olagarroek iraganean ere garatutako adimenari lotutako jokabide konplexua erakutsi izana.

Horrela, ikerketak argitzen du animalia ornogabe horiek, egun ornodunak nagusi diren ekosistemetan (ozeanoetan), elikadura-katearen gainean zeuden harrapari erraldoi eta adimenduak izan zirela. «Gure aurkikuntzek erakusten dute itsas olagarroek eta ornodunek ezaugarri komunak dituztela —adibidez, baraila boteretsuak—, eta hori eta azaleko eskeletoen galera ezinbestekoak izan ziren itsas harrapari erraldoi eta adimendun bilakatzeko», amaitzen du ikertzaileak.

Orain, ikerketa-estrategia berri honek antzinako ekosistema oso ezberdinak berreraikitzeko aukera eskaintzen du, aurrekaririk gabeko xehetasun-mailarekin. Fosilen meatzaritza digitala eta adimen artifiziala konbinatzean, ezkutuko askoz fosil gehiago aurkitzea espero du ikertaldeak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ikegami, Shin; Mutterlose, Jörg; Sugiura, Kanta; Takeda, Yusuke; Derin, Mehmet Oguz; Kubota, Aya; Tainaka, Kazuki; Harada, Takahiro; Nishida, Harufumi; Ib, Yasuhiro (2026). Earliest octopuses were giant top predators in Cretaceous oceans. Science, 392, 6796, 406–410. DOI: 10.1126/science.aea6285


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.