Usaimenaren mapak zentzumen honen konplexutasuna azalerazi du
Garunarekin guztiz lerrokatuta eta hurrenkera zehatz baten arabera antolatuta dauden mila errezeptore mota baino gehiago sailkatu dituzte sudurrean.
Hein handi batean ikusmenean eta entzumenean oinarritutako bizidunak gara gizakiak, baina zalantzarik ez dago usaimena funtsezko zentzumena dela ere. Halere, bitxia bada ere, gehiago dakigu orain arte, adibidez, dastamenaren inguruan. Duela hamarkada asko ezagutzen da mingainean dauden dastamen papiletan berezko errezeptoreak daudela zaporeak bereizteko. Oinarrizko zaporeak oso sinpleak dira: bospasei baino ez dira. Horren paleta urriaren aldean, ordea, usainak bereizteko gaitasuna askoz handiagoa da ugaztunen artean. Gauzak hala, urte luzez usaimena maparik gabeko zentzumen bakarra izan da, baina esperientziak argi uzten du ere doitasun handiko zentzumena dela.

Denbora luzez uste izan da usaimenari lotutako neuronek ia erabat ausaz aukeratzen dituztela usainak identifikatzeko erabiltzen diren errezeptoreak usaimen epitelioaren eremu jakin batzuetan. Gainerako zentzumenen aldean, bazirudien usaimena modu kaotikoan aritzen zela. Horregatik pentsatu izan da usaimenaren neuronak ordena jakinik gabe antolatzen direla. Baina ikertzaile talde batek hori argitu nahi izan duenean, ordea, oso bestelako agertokia aurkitu du: zientzialariek ikusi dute oso ondo antolatutako sistema dela.
Orain arte zabalduen zegoen ideia horren arabera, behin seinaleak jasota, garunak informazio nahasi hori guztia antolatu behar zuela uste zen. Baina orain sudurrean dauden 1.100 errezeptore mota inguru bereizi eta sailkatu ditu Harvardeko Medikuntza Eskolako (AEB) ikertzaile talde batek, agertoki askoz konplexuagoa marraztuz.
Cell aldizkarian argitaratutako, zientzia artikulu batean azaldu dute ugaztunek dituzten errezeptore hauek zerrenda horizontal zehatzetan antolatuta daudela. Gauzak hala izanik, burmuinak usainen gaineko informazioa modu antolatuan jasotzen du; ikusmenarekin edo zentzumenarekin egiten duen modu berdinean, hain zuzen.
Arratoietan epitelio horretako milioika neurona aztertu dituzte sekuentziazio masiboko teknikekin, eta konturatu dira berez usaimenak ordena handia duela. Orotara, 5,5 milioi neurona aztertu dituzte, eta hori egin ahal izateko transkriptomika espazialeko teknikez baliatu dira. Horien bitartez, posible da jakitea zeintzuk diren ehun jakin batean adierazten diren geneak, baina, horrez gain, non dauden ere ondorioztatu daiteke —gainerako metodoek kokapenaren gaineko informazioa galtzen dute, zelulak non dauden ez baita ezagutzen—.
Miaketa horren bitartez, konturatu dira errezeptore mota bakoitza sudurraren eremu jakin batean dagoela. Hala, zerrenden araberako mailakatuta dagoen sailkapena egiten du usaimenak. Zerrenda horietan dagoen kokapena antzekoa da aztertutako animalietan, eta horrek iradokitzen du aldez aurretik zehaztutako usaimen txantiloi batekin jaiotzen direla guztiak. Sistemak hain doitasun handia du, ezen ikertzaileak gai izan baitira jakiteko non kokatuta egon daitekeen errezeptore mota bakoitza, soilik neurona bakoitzaren espresio genetikoari begiratuta. Geneen konfigurazioaren arabera, zelula bakoitzak badaki epitelioaren zer tokitan dagoen, eta, hortaz, zein errezeptore aukeratu ditzakeen.

Baina ikerketa honen beste zutabe garrantzitsu bat sudurreko neuronen eta garunekoen arteko koordinazioa argitzea izan da. Hala, egiaztatu dute sudurrean antzeko posizioetan dauden neuronek garunean dauden antzeko lekuetara bideratzen dituztela beren loturak, eta, beraz, sudurrean errezeptoreek hartzen dute hurrenkera berdina errepikatzen dela garuneko usaimen erraboilean. Azken hau garunean usaimenak hautematen dituen eremua da. “Ordenarik gabeko sistematzat jotzen zenari ordena ekarri diote gure aurkikuntzek”, azaldu du lanaren egile nagusi Sandeep Datta ikertzaileak.
Beraz, usaimenaren neuronak guztiz lerrokatuta daude garunean dauden zelulekin: hala, errezeptore bakoitza glomerulu batekin edo birekin lotuta dago, eta hauek kokapen zehatza dute ere. Horregatik uste dute usaimen sistemak kode bakarra erabiltzen duela bai sudurrean zein garunean. Hortaz, epitelioaren antolaketa espazialak zelula bakoitzak erabiltzen duen errezeptorea adierazteaz gain, garunarekiko lotura nolakoa izango den ere ezartzen du, usainak modu ordenatuan adieraziz. Funtsean, sudurraren eta garunaren arteko mapa espazial baten arabera funtzionatzen du usaimenak.
Mapa marrazteaz gain, prozesuan rol garrantzitsua betetzen duen molekula identifikatu dute: sudurraren eremu bakoitzean dagoen azido erretinoikoaren kontzentrazioaren arabera, neuronak badaki zein den aktibatu behar duen errezeptorea. Hori modu praktikoan egiaztatzeko moduan egon dira: azido honen mailak igo edo jaitsiz, errezeptoreen zerrendak gora edo behera mugiarazi dituzte.
Aurkikuntzaren ondorio praktikoei dagokienez, eta arratoietan egindako oinarrizko ikerkuntza den arren, egileek espero dute etorkizunean aurkikuntzak aukera berriak zabaltzeko balioko duela. Egileek gogora ekarri dute usaimena ezin dela sendatu bere oinarrizko funtzionamendua ezagutu gabe. Baina, orain, zientzia komunitateak informazio hau eskuetan dutela, espero dute baliogarria izango dela anosmia bezalako gaitzei —usaimenaren galerari, hain zuzen— aterabideak aurkitzen saiatzeko. Terapia birsortzaile gisakoak izan daitezke horiek, baina baita gailu teknologikoen bidezkoa ere.
Erreferentzia bibliografikoa:
Brann, David H.; Tsukahara, Tatsuya; Tau, Cyrus; Kalloor, Dennis; Lubash, Rylin; Kannan, Lakshanyaa Thamarai; Klimpert, Nell; Kollo, Mihaly; Escamilla-Del-Arenal, Martín; Bintu, Bogdan; Schaefer, Andreas; Fleischmann, Alexander; Bozza, Thomas; Datta, Sandeep Robert (2026). A spatial code governs olfactory receptor choice and aligns sensory maps in the nose and brain. Cell, 189, 11, 3358-3379. DOI: 10.1016/j.cell.2026.03.051
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.