Ijeoma Uchegbu, sudurraren bidez medikamentuak garunera bidali nahi dituen nanofarmazialaria
Ijeoma Uchegbuk oso presente dauka bere identitatea, eta harekin lan egiten dutenek ere bai. Bere azalean ikusten eta bere izenean entzuten da. Londresen jaio zen, baina bere familiaren jatorria nigeriarra da. Ijeoma ere han bizi izan zen zenbait urtez, institutuan 13 urterekin hasi zenetik Erresuma Batura itzuli arte, nanofarmakologian doktoratzeko, dibortziatu ondoren eta hiru alabarekin bere zaintzapean.
Hala ere, bere karrera zientifikoaren hasieran eta denbora luzez, Uchegbuk ez zuen sentitu arraza diskriminazioa berak zeresanik edo zereginik zuen arazoa zenik. Kontziente zen, halabeharrez, beti edo ia beti berea zela lan egiten zuen areto eta laborategietako aurpegi beltz bakarra, eta emakumea eta beltza izatea are ezohikoagoa zen. Hala ere, bere hitzetan, “ez zegoen nire radarrean nik konpondu edo tartean sartu behar nuen zerbait gisa”.

Are gehiago, University College Londonek (UCL) Uchegburi eskatu zionean laneko bileretan parte har zezala unibertsitateko berdintasun politikak indartzeko, pixka bat haserretu zen: “Ondo doakit, irakaslea naiz UCLn; zergatik ni? Zergatik ez dituzte gainerakoek beren arazoak konpontzen?”. Baina, orduan, datuak ikusi zituen eta konturatu zen arazoak ez zirela “besteenak”, baizik eta denonak, eta handi-handiak.
Hara iritsi eta datuak ikusi nituenean, shockean geratu nintzen. Erabat shockean. Hau da, inguruan nabaritzen duzu, baina zenbakietan ikusten duzunean, beltzean zuriaren gainean, eta pentsatzen duzunean karrera zientifiko bat izan nahi zuen jende horretan guztian eta konturatzen zara bidean gelditzen joan direla… Orduan konturatu nintzen benetan latza zela. Atzera begiratu eta gora egin zuten hiru akademiko beltz besterik ez zeuden 20 urteko aldian.
Uchegbu orduan konturatu zen zenbateraino zegoen arrazismoa errotuta sistema akademiko britainiarrean, eta esku hartzea erabaki zuen: datuak erabakiak hartzen ziren lekuetara eramango zituen.
Pentsatu nuen UCLn, munduko unibertsitate onenetako batean, aldaketa bultzatu ahal bagenuen, aldaketak edozein lekutan gerta zitezkeela.
Ordutik arraza alborapenen aurkako ahots oldarkorra da akademia britainiarrean, egoera hori publikoki salatzeko jardueretan parte hartzen du eta jarduerak antolatzen ditu. Talde minoritarioetako ikasleei (batez ere Afrikako herrialdeetakoak) gaur egun ere Erresuma Batuan karrera zientifiko bat egiteko orduan aurkitzen dituzten oztopoak gainditzen laguntzeko programak sustatzen ditu.
Ez baduzu behar duzun konposatua, zuk zeuk sintetizatu
Ijeoma Florence Uchegbu 1960ko abuztuaren 16an jaio zen Hackneyn (Londres, Erresuma Batua), eta lehenengo urteetan han bizi izan bazen ere, 1973an Nigeriara lekualdatu zen institutura joateko. Farmazian graduatu zen 1980an (Beningo Unibertsitatea), baina bere asmoa ez zen sekula izan farmazialari kliniko gisa jardutea; oinarri zientifikoko karrera bat nahi zuen, medikuntza ez zena, hortik abiatuta estimulatzaileagoa iruditzen zitzaion lanbidea bilatzeko, eta ikertzaile izatea abiapuntu ona zen horretarako.
Masterreko titulua lortu zuen Lagoseko Unibertsitatean handik gutxira, eta bere tesian aztertu zuen ea malariaren aurkako medikamentuen eraginaren ondoriozko elementuek bigarren mailako ondoriorik eragiten zuten, eta oso zaila zen hori aztertzea gabezia material eta logistiko ugari zeuden ingurunean: “Elementuak nik neuk sintetizatu behar nituen. Baina horrek esperientzia zuzena eman zidan sintesi kimikoaren esparruan. Ez nintzen bereziki ona horretan, baina, gutxienez, saiatu nintzen. Horri esker, prozesu asko desmitifikatu nituen eta, aurrerago, irakasle bihurtu nintzenean doktoregoa lortu ondoren, ez nuen beldurrik nik neuk eginiko produktuak erabiltzeko, eta ez jada eginda zeudenak”. Ordutik aurrera, jardunbide hori konstantea izan zen bere karreran: substantzia eta medikamentuen portaera aztertzean, bere taldearekin batera diseinatzen zituen aztertu nahi zituzten konposatu zehatzak, eta azkenean enpresa farmazeutiko bat sortu zuen.

Doktoregoa Afrikako herrialdean hasi zuen arren, han ez zegoen azpiegitura zientifiko nahikorik, eta ezin zituen ikerketak amaitu. Azkenik, Erresuma Batura itzuli zen Nigeriara emigratu eta 17 urte igaro ondoren; dibortziatuta eta hiru alabarekin itzuli zen. Doktoregoko titulua UCLn lortu zuen 1997an.
Sudurraren bidez garunera iristen diren farmakoak
2002an, University of Strathclydeko Farmakoen Administrazioko Saileko zuzendari izendatu zuten, non polimero automihiztatuak ikertzen eta nanosistema egonkorrak osa zitzaketen materialak identifikatzen lan egin zuen. 2006an UCLn sartu zen Farmazia Eskolako Nanozientzia Farmazeutikoko Saileko buru gisa. Gaur egun, han jarraitzen du bere ikertaldea zuzentzen. Diseinu molekularraren eta farmakoen dosifikazioaren arloan lan egiten dute, eta ikertzen ari dira nola erabili daitezkeen nanopartikulak eta horien diseinua organismoaren barruan medikamentuak askatzeko eta beren eraginkortasuna hobetzeko.
Zehazki, bere deskubrimendu eta ekarpenetako askoren helburua da garuna babesten duen barrera hematoenzefalikoa zeharkatu behar duten medikamentuen eragina hobetzea. “Molekulak garuneraino eramatea oso zaila da. Ohiko ikuspegia da medikamentuak eraldatzea garunarekiko “lagunkoiagoak” izan daitezen, baina horrek beren efektibitatea murriztu dezake”, azaldu zuen nanofarmazialariak.
Eta hori konplikatu egiten da molekulekin, hala nola DNA edo RNAkoekin; izan ere, oinarrizkoak dira egungo tratamendu onkologiko batzuetan, baina handiegiak eta uretan disolbagarriak dira barrera hori zeharkatu ahal izateko. Uchegbuk eta bere taldeak lehen aldiz frogatu zuten horrelako molekulak garuneraino eraman daitezkeela sudurraren bidez, odol korrontean txertatzearen ordez. Horrekin, atea ireki zieten garuneko patologia zehatzetarako horrelako terapiei. Hala ere, sudurreko bideak ere muga batzuk ditu: “Muga nagusia bolumena da. Izan ere, dosi txikia besterik ezin da administratu; medikamentuak oso potentea izan behar du”.
Bere ikerketen emaitza gisa, farmakoak administratu eta askatzeko sistemen patente batzuen jabea da, bai eta enpresa farmazeutiko batena ere, Nanomerics. Enpresa horretan sistema horiek garatzen dituzte, nanomedikuntzaren bidez garuneko tumoreen tratamendua hobetzeko xedez.
Iturriak:
- Fidgen, Jo; Kennedy, Andrea (2025). Ijeoma Uchegbu, la mujer que vivió con sus 3 hijas en un albergue para personas sin hogar y llegó a ser una reconocida científica, BBC News, 2025eko urriaren 25a
- Professor Dame Ijeoma Uchegbu, scientist, BBC, Radio 4
- Bokinni, Yemisi (2025). Dame Ijeoma Uchegbu: ‘Don’t leave anything to chance’, Nature, 2025eko martxoaren 5a
- Dame Ijeoma Uchegbu, UCL
- Ijeoma F. Uchegbu DBE, FMedSci, HonFRSC, LinkedIN
- Gillard, Julia (2021). Ijeoma Uchegbu awellcome.org/…/ijeoma-uchegbu-appointed-wellcomes-boardppointed to Wellcome board, News, Wellcome, 2021eko azaroaren 9a
- Watton, Isla (2017). Barriers are there to be broken: Meet Ijeoma F. Uchegbu, SoapboxScience, 2017ko maiatzaren 24a
- Prasad, Aarathi (2025). ‘Not built for minorities to succeed’: black scientists on academia’s race problem, Race, The Guardian, 2025eko apirilaren 21a
- Ijeoma Uchegbu, Wikipedia
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko azaroaren 10an: “Ijeoma Uchegbu, la nanofarmacéutica que quiere enviar medicamentos al cerebro a través de la nariz“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.