Melissa García Caballero: «tumore batzuek metastasia edo immunoterapiarekiko erresistentzia ahalbidetzen duten ingurune baskularrak sortzeko arrazoia ulertu nahi dut»
Melissa García Caballero biologo molekularra da, bai eta BE-18 “Vascular Biology, Tumor Microenvironment & Target Discovery” taldeko ikertzaile arduraduna Malagako Ikerketa Biomedikoko institutuan – IBIMA BIONAND Plataforma.
Biologia baskularrean, mikroingurune tumoralean eta minbiziaren itu terapeutiko berriak identifikatzean zentratutako ikerketa traslazionalaren esparruan jarduten du, oinarrizko biologiaren eta aplikazio biomedikoen arteko ikuspegi integratzailea aplikatuta.
Sari ugari jaso ditu bere ibilbide zientifiko bikainagatik. 2021ean, Malagako Unibertsitateak Beatriz Galindo programaren baitan hautatutako bost ikertzaileetako bat izan zen. Urtebete beranduago Emakumezko Zientzialarien L’Oréal-UNESCO Saria eman zioten. 2024an, Malagako Ikerkuntza Saria eskuratu zuen Zientzia modalitatean (Malaga Fundazioaren eskutik, San Telmoko Arte Ederren Errege Akademiarekin eta Malagako Zientzia Akademiarekin lankidetzan), «biologia molekularraren alorrean egindako lana, angiogenesiaren eta horrek minbiziarekin duen loturaren ikerketan espezializatua» aitortzeko.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire ikerketa arloa minbiziaren biologia baskularra da eta, bereziki, mikroingurune tumorala osatzen duten odol hodi eta hodi linfatikoek gaitzaren bilakaerari, barreiadura metastasikoari eta tratamenduekiko erantzunari nola eragiten dieten ulertzea. Urte luzez, minbiziaren ikerketa zelula tumoraletan zentratu da soilik, baina gaur egun badakigu tumoreek ez dutela bakarrik jarduten, inguruko zelulekin etengabe harremanetan daudela baizik. Horien artean, tumore baskularra osatzen duten zelula endotelialek ezinbestekoak dira.
Nire ikertaldean baskulatura horren heterogeneotasuna ikertzen dugu, eta baita zelula endotelialak tumorearen barruan nola birprogramatzen diren, hazten laguntzeko, erantzun immunitarioa modulatzeko edo metastasia ahalbidetzeko, bereziki hodi linfatikoen bitartez. Horretarako, eredu esperimentalak eta puntako teknologia uztartzen ditugu, hala nola zelula bakarreko transkriptomika, omika espazialak eta analisi multiomikoak, minbizia duten pazienteen tratamendua hobetzen lagun dezaketen itu terapeutiko eta biomarkatzaile berriak identifikatzeko.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Nire kasuan, ikerketan aritzea bokazioa da guztiz. Txikitatik sentitu dut jakin-min eta mirespen handia inguruan dudan guztiagatiko: natura, giza gorputzaren funtzionamendua, gizakion gaixotasunak eta, pixkanaka bada ere, bizitza eta bere eraldatzea azaltzen duten mekanismoak ulertzeko aukera. Hasierako jakin-min hori hazi egin da urteen poderioz, eta gizartean benetako eragina izan dezakeen ezagutza sortzen lan egiteko premia bilakatu zen azkenean.
Ikerketa biomedikoan, lehenbiziko urteetatik erakarri nau bereziki minbizia ezin dela ulertu soilik zelula tumorala aztertuz dioen ideiak. Liluragarria iruditzen zitzaidan hain gaitz konplexua organismoko zelula arrunten menpe egotea, haiek modu batera edo bestera “hezi” ditzakeelako tumoreak berekin elkarlanean aritzeko. Ekosistema horren baitan, baskulatura osagai bereziki interesgarria iruditu zitzaidan: alde batetik, odol hodiak tumorea elikatzeko eta hazteko ezinbestekoak direlako; eta, bestetik, immunitate sistemarekin komunikatzeko eta barreiadura metastasikorako bideak osatzen dituztelako.
Denboraren poderioz, nire interesa tumore angiogenesi klasikotik endotelioaren heterogeneotasunari eta, bereziki, hodi linfatikoek tumorearen garapenean duten garrantziari buruzko galdera gero eta espezifikoagoetara bideratu nuen. Zelula populazio horiek lehen pentsaezina zen bereizmenarekin ikertzeak, zelula bakarren eta omika espazialen teknologia berriei esker, aro liluragarri bati hasiera eman dio. Izugarri motibatzen nau mekanismo horiek hobeto ulertzeak oraindik aurkako pronostikoa duten edo eskura ditugun tratamenduekiko erantzun mugatuak dituzten tumoreentzako estrategia terapeutiko berriak ekar ditzakeela pentsatzeak.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Erreferente asko izan ditut nire ibilbidean zehar, eta guztiak izan dira garrantzitsuak nire bizitzako eta ibilbide profesionaleko garai desberdinetan. Besteak beste, institutuko zenbait irakasle, zientziarekiko nire berezko interesa elikatu zutenak, doktorego tesiko eta doktorego ondoko garaiko ikuskatzaileak, bai eta lana, ikasketak eta hazkuntza profesionala nirekin partekatu duten kideak… Haiengandik ikasi dut, eta ez zientzia ongi egiteari buruz bakarrik, baita zailtasunei aurre egiteari, taldean lan egiteari eta ikerketaren arloko ibilbidea zehaztasunez eta grinaz eraikitzeari buruz ere.
Belgikan igaro nuen doktorego ondoko garaian, Carmeliet irakaslearen ingurune zientifikoan lan egitea bereziki inspiragarria izan zen. Bere laborategia nazioarteko erreferentzia izan da biologia baskularraren esparruan, eta esperientzia horrek sakon markatu du ikerketa ulertzeko dudan modua: anbizio handiko galderak egitearen, hurbilketa mekanistikoak eta garrantzia biomedikoa bateratzearen eta beti zientzia exijentzia maila handia mantentzearen garrantzia.
Zientziaren arloko erreferente handiez gain, funtsezkoak izan dira, halaber, gertuko pertsona asko, beharbada ikusgarritasun txikiagoko lekuetatik nire ikertzeko moduan eta lanbide hau ulertzeko moduan eragin handia izan dutenak. Batzuetan, erreferentziazko pertsonak ez dira soilik aurkikuntza garrantzitsuak sinatzen dituzten eskuak, erakusten eta laguntzen duten, zugan sinisten duten edo lan egiten duten moduagatik inspiragarriak izan daitezkeen pertsonak baizik. Alde horretatik, zorionekoa naiz bidean zehar haiengandik ikasteko aukera eman didaten hainbeste pertsona topatu izanagatik.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Tumore baskularrak, eta, bereziki, endotelio linfatikoak, minbiziaren garapenean eta erantzun immunitarioaren modulazioan aktiboki nola parte hartzen duen zehazten lagundu nahi nuke. Luzaroan, hodiak batez ere euskarri egitura edo garraiobidetzat hartu dira, baina gero eta froga gehiago ditugu zelula populazio dinamikoak, heterogeneoak eta uste genuena baino askoz ere funtzio konplexuagokoak direla esateko.
Nire helburuetako bat tumoreetan espezifikoki zein egoera endotelial agertzen diren, zein seinalek eragiten dituzten eta mekanismo horietatik terapeutikoki zein ustia daitezkeen identifikatzea da. Tumore batzuek metastasia edo immunoterapiarekiko erresistentzia ahalbidetzen duten ingurune baskularrak sortzeko arrazoia ulertu nahi dut, bai eta zerbait egin dezakegun tratamenduak eraginkorragoak egiteko. Azken finean, gure aurkikuntzek estrategia berriak garatzen laguntzea nahiko nuke, zelula tumoralak erasotzean eta mikroingurunea birprogramatzean, gaitzarekiko hain permisiboa izan ez dadin.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Lehenik eta behin, ikerketak jakin-minaz gain jarraitutasun eta ardura handia eskatzen dituela esango nieke. Aurrerabidea ez da beti zuzena izaten, eta lan zientifikoaren zati garrantzitsu bat da ziurgabetasunarekin, uste genuen bezala atera ez diren esperimentuekin eta galdera berriak sortzen dituzten galderekin elkarbizitzen ikastea. Zailtasun hori prozesuaren parte da, baina baita ikertzea hain bizigarri egiten duena ere.
Mentore onak izatea eta ikastea, galderak egitea eta oker egotea ahalbidetzen duten ikertaldez inguratzea aholkatuko nieke. Zientzia ez da bakarka egiten, eta oso garrantzitsua da inguruan aurkikuntzak egiteko grina izatea, bai eta zorroztasuna, lankidetza eta beste hainbat balio bere egiten dituen jendea izatea ere.
Eta, azkenik, ikertzen hasteko arrazoia beti buruan izatea aholkatuko nieke. Une gogorrenetan, mugiarazten zaituen galdera, konpontzen lagundu nahi duzun arazoa edo zure lanak izan dezakeen eragina gogoan izatea da motibazioari eusten laguntzen dizuna. Ikerketa iraupen lasterketa luzea den arren, lanbide ikaragarri ederra ere bada, ikasten, ezagutza sortzen eta jendearen bizitza hobetzen disfrutatu egiten dugunontzat.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko uztailaren 25ean: Melissa García Caballero: «Me interesa comprender por qué algunos tumores generan entornos vasculares que favorecen la metástasis o la resistencia a la inmunoterapia».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.