Ibaiak noraezean: klima-aldaketak izugarri azkartu du Himalaiako ibilguen transformazioa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Ibaiak noraezean: klima-aldaketak izugarri azkartu du Himalaiako ibilguen transformazioa

«Asiako ur-dorrea» arriskuan dago. Tenperaturaren igoerarekin, nahiz eta 1,5 °C-ra mugatu, gaur egungo glaziar-masaren erdia urtuko litzateke, eta horrek ondorio larriak eragingo lituzke Asiako segurtasun hidrikoan. Himalaiako konfigurazio geologikoak eta begetazio faltak ezegonkorrago eta igargaitzago bihurtu dituzte ibaien transformazioak, eta esponentzialki handitu da uholde latzen eta luizien arriskua. Hori da lau hamarkadatan jasotako datuen azterketak argitu duena Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

Himalaia «Asiako ur-dorre» gisa ezagutzen da mundu osoan. Izan ere, mendikate erraldoiak kontinenteko 6 herrialdetako ibai-sistemak elikatzen ditu, eta ia 2.000 milioi pertsona bizi dira horien mende. Haitz eta izotzezko koloso horiek, ordea, aurrekaririk gabeko krisiari egin behar diote aurre.

Himalaiako
Irudia: Himalaia, «Asiako ur-dorrea», arriskuan dago. Tenperaturen igoerak, glaziarren urtzeak eta izoztutako lurra urtzeak ibaien mugimendua azkartu du, eta ubideak aldatzen ari dira mendikatearen goialdean. / ScrewJ

Klima-aldaketa dela eta, 1980ko hamarkadaz geroztik, eskualde horretan tenperatura-igoeraren erritmoa bikoiztu egin da tenperatura globalaren igoerarekin konparatuz. Horrek aldaketa bortitzak eragin ditu bertako paisaian, eta, nahiz eta orain dela gutxi arte oharkabean pasatzen zen, ondorio larrienetako bat da Himalaiako ibaiak ohi baino askoz abiadura handiagoan ari direla aldatzen.

Izotz-masen egoera globalak ñabardura ilun bat erantsi dio eszenatoki horri: ikerketa ezberdinek ohartarazten dutenez, tenperatura globalak gaur bertan egungo mailetan egonkortuko balira ere, munduko glaziar-masaren % 39 desagertu egingo litzateke ezinbestean. Izan ere, izotz-masek klima-aldaketarekiko erreakzio atzeratua dute, eta gaur egun tenperaturaren igoera errealitate bat da jada.

Orain, Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek azaltzen du nola glaziarren urtze gero eta azkarragoak sedimentu kantitate handiak mugitzen dituen ibaien mendi-ibilguetan, eta horrek ondorio larriak izan ditzakeela. Ibilgu gainkargatuekin eta lur ezegonkorrekin, ibaiek sigi-saga egiten dute, ubide zaharrak abandonatzen dituzte eta ibilbide berriak hartzen dituzte, askoz modu bortitzago eta azkarragoan, kalte larriak eraginez.

Lau hamarkadatan jasotako satelite-irudiak eta landa-ebidentziak

Eraldaketa horren garrantzia ulertzeko, Pekingo Geozientzien Unibertsitateko ikertalde batek Himalaiako ibai-ibilguen azterketa sakon bat egin zuen. Zientzialariek lau hamarkadatan zehar jasotako satelitezko irudiak eta landa-behaketak aztertu zituzten (1980 eta 2020 artean). Horrela, ikertaldeak 1.079 ibai-kurbaren mugimendua eta lurzoru izoztuko eremuetan zehar doazen ubideen 1.582 kilometro inguru aztertu zituen.

Izan ere, ikerketaren egilekide den Zhongpeng Han-ek dioenez, «Himalaia tenperaturaren igoerak eta ubideen migrazioak elkarri gogor eragiten dioten eskualde gisa nabarmentzen da, eta horrek aukera ematen du klima-aldaketak ibai-dinamikan dituen eraginak aztertzeko; hala nola, meandroak eta ubideen morfodinamika edo sorkuntza».

Ibai-meandro horietako asko askatasunez mugi zitezkeen, inguruko lur-formazioek oztopatu gabe. Ikertzaileek neurtu zuten meandroak denborarekin zenbat desplazatzen diren, eta ibaien beste aldaketa mota batzuk ere aztertu zituzten. Horien artean daude desbideratzeak —ibaiak bide berri eta laburrago bat hartzen duenean eta ibilgu zaharraren zati bat abandonatzen duenean—; abultsioak —ibaia bat-batean beste ibilgu batera aldatzen denean—; eta ibilgu-patroien trantsizioak —ibaiak ubide bakarreko eta ubide anitzeko konfigurazioen artean txandakatzen direnean—.

Begetazio falta = inpaktu geologiko bortitza

Ikerketaren emaitzak argiak dira: ibaien mugimendu-dinamika izugarri azkartu da. Oro har, ibaien alboko migrazio-tasak % 33 igo ziren ikertutako berrogei urteetan; baina ibaien meandroak aske mugi zitezkeen tarteetan, desplazamendua ia % 97 igo zen, hau da, ia bikoiztu egin zen. Ibilguak alboetara mugitzeaz gain, ikerketak erakusten du ubideek gorakada nabarmena jasan zutela, eta, ondorioz, meandro abandonatuak edo ibilbide laburragoak sortu ziren.

Ikertzaileek beste eskualde izoztuekiko alde erabakigarri bat azpimarratzen dute: «Artikoko ibaietan erriberak egonkortzen laguntzen duten sustraiak dituzten zuhaixken hazkundea sustatzen du tenperatura igoerak; Himalaiako goi-lurretako paisaia lehor eta harritsuak, berriz, ez du landaredi babesle hori. Baldintza horiek Himalaia muturreko eskualde ahul bihurtzen dute, non klima-aldaketak inpaktu bortitzagoa baitu sistema geologikoan».

Ibilguen moldaketa bizkor horren ondorioak sakonak eta oso kezkagarriak dira. Ibaiak ezegonkorrago eta igargaitzago bihurtu ahala, esponentzialki hazi egin da uholde latzen eta luizien arriskua. Bertako komunitateentzat hori berehalako mehatxua da, eta, gainera, ezegonkortasun geologiko horrek etengabe astintzen du lurra; karbono organikoak lurrean egoteko duen denbora murriztu egiten da, eta ibaian behera dauden ekosistema eta kokalekuen segurtasun hidrikoa mehatxatu.

Berehalako egokitzapenaren beharra

Egoera horren aurrean, beharrezkoa da berehalako ekintza globala. Nahiz eta tenperaturaren igoera 1,5 °C-ra mugatu, gaur egungo glaziar-masaren erdia galdu egingo litzateke; horrek ez ditu soilik ondorio geologikoak izango, baizik eta segurtasun hidrikoan ere eragin larriak izan ditzake. «Himalaiako ur-iturrien mende dauden milaka milioi pertsonentzat, gure azterketan dokumentatutako ibai-ibilguen transformazioak ondorio larriak ditu segurtasun hidrikoan», dio Wang-ek, ikerketaren autore nagusiak.

Horregatik, Himalaian lortutako aurkikuntzek behartu egiten gaituzte mendi-eskualdeetan klima-aldaketara nola egokitzen garen birplanteatzera. Dagoeneko ez da nahikoa itsas mailaren igoeraren edo ur gezaren eskasiaren aurrean prestatzea; ezinbestekoa da ibaien dinamika aldakor eta fisikoa epe luzeko azpiegituren plangintzan, uholdeen kontrolean eta eskualdearen garapen iraunkorrean txertatzea. Izan ere, Himalaiako paisaia literalki bizirik dago; bere mugak berridazten ari da, eta arrisku berriak azaleratzen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lin, Zhipeng; Han, Zhongpeng; Montgomery, David R.; Hussan, Waqas Ul; Iversen, Lars Lønsmann; Bendixen, Mette; Xu, Xu; Yao, Ling; Bai, Yalige; Wang, Xinhang; Huang, Er; Liu, Xingnian; Wang, Chengshan (2026). Accelerated Himalayan river meandering and dynamics due to climate change. Science, 392, 6799. DOI: 10.1126/science.adg8401


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.