Ruth Bishop, munduko haurren osasunean Australiako ekarpenik handiena egin zuen birologoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

Ruth Bishop, munduko haurren osasunean Australiako ekarpenik handiena egin zuen birologoa

XX. mendearen hasieran, Melbourneko Haurrentzako Errege Ospitaleak medikuei agindu zien ez ospitaleratzeko gastroenteritisaren kasu akutuak zituzten umeak, ez baitzuten haiei laguntzeko tratamendurik. Hortaz, ospitalera iristen zirenean, etxera bidaltzen zituzten, itxaropen gutxirekin. Umeetako asko gaixotasunaren eraginez hiltzen ziren, eta medikuek ez zekiten zerk eragiten zuen gaixotasun hori. Zenbatesten da, garai horretan eta hurrengo hamarkadetan, bost milioi ume inguru hiltzen zirela urtean mundu osoan gastroenteritisaren forma ezberdinen eraginez.

Medikuntzak aurrera egin zuen eta adingabeetako askori tratamendua eman zitzaien nolabaiteko arrakastarekin, batez ere likido nahikoak eta elektrolitoak ematearen bidez, deshidratatu zitezela saihesteko; eta, horrela, sendabidea eman zitzaion sintoma nagusi eta larrienari, oraindik ere kausari buruz ezer gutxi ez zekitenean. Hala ere, ume askorentzat, bereziki txikienentzat, tratamendu hori ez zen nahikoa, eta hil egiten ziren azkenean. Ez zegoen umeengan patroi zehatzik: aurretik osasuntsu zeuden umeak izan zitezkeen, edozein klase sozialetakoak edo ekonomia mailakoak. Gastroenteritisaren kasu hain larrien kausa ezezaguna zen.

Kausa ezagunik gabeko haurren gaixotasun hilgarria

Ospitale horretan bertan deskubritu zuten erantzuna 1970ean, eta Australiak mundu mailako haurren osasunari eginiko ekarpen handiena da. Deskubrimendu hura egin zuen ekipoko burua Ruth Bishop birologoa zen. Zauri txikiko hesteetako biopsiako eta mikroskopia elektronikoko teknologia berritzailea erabilita, deskubritu zuen errotabirusa zela haurren gastroenteritisaren kasu akutu eta, askotan, hilgarri horien eragilea.

Ruth Bishop
1. irudia: Ruth Bishop mikrobirologoa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Bishop Dandenongen (Victoria, Australia) jaio zen 1933ko maiatzaren 12an, eta Frankstonen hazi zen, non bere aita institutuko zuzendaria zen. Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitu ondoren, karrera ausaz eta inprobisazioan oinarrituta aukeratu zuen. Hasiera batean, karrera zientifiko bat egin nahi izan zuen, baina geroago biomedikuntzarengatiko interesa piztu zitzaion: “beraz, klase batzuetara joan beharrean, bibliotekara joaten nintzen fisiologiari buruz ikastera. Gaiak harrapatu ninduen, eta deskubritu nuen gizakion gorputzari eta horren prozesuei buruz ikastea maite nuela”. Azkenik, mikrobiologian lizentziatu zen; ondoren, masterra lortu zuen, eta 1961ean, azkenik, doktoregoa.

Bakteriologo gisa hasi zuen karrera zientifikoa, mantenugaien absortzio txarreko arazoak zituzten haurren hesteetako florari buruz ikertzen. 1970. hamarkadaren hasieran, Melbourneko Haurrentzako Errege Ospitaleko Gastroenterologia Sailarekin hasi zen lanean. Sail horrek urte batzuk zeramatzan haurtxoei eta haur oso txikiei hesteetako biopsiak egiteko teknika bat hobetzen. Bishopek haurrengan gaixotasun horiek eragiten zituen agente infekziosoa aurkitzeko lagin hartzean parte hartu zuen, “baina ez genuen lortzen laborategian ezer kultibatzea”.

Begiak ez baina mikroskopio elektronikoak ikusten baduen hori

Gerora, Ian Holmes birologoarekin eta Brian Ruck mikroskopia elektronikoko adituarekin lanean hasi zen. Bi aditu horiek Melbourneko Unibertsitateko Mikrobiologia Sailean lan egiten zuten. Eta lankidetza horri esker lortu zuten, lehen aldiz, partikula biralak ikustea gastroenteritis akutua zuen bi urteko ume baten hesteetako ehuneko laginetan. “Behatutako lehen umearen lehen biopsiaren lehen zatitxoan aurkitu genituen partikula horiek, eta poz-pozik jarri ginen, baina poztasun hori are handiagoa izan zen deskubritu genuenean partikula horiek ere hurrengo umearen laginean ere bazeudela. Horrek ziurtasuna eman zigun jakiteko ez zela deskubrimendu isolatu bat”, azaldu zuen Bishop aurrerago; eta azpimarratu zuen aurkikuntza taldean eginiko lan handiaren emaitza zela: medikuak, birologoak, mikrobiologoak eta elektroespektroskopiako adituek egin zuten lan elkarrekin patogenoa aurkitzeko.

Hala ere, deskubrimendua argitaratzea espero zutena baino zailagoa izan zen. “Lehenengo pazientearen kasua idatzi eta The Lancetera bidali genuen, eta zentzuzko arrazoi batengatik bota zuten atzera: ez zuten paziente bakarreko kasurik argitaratzen”. Lau paziente zituztenean partikula biralekin, berriro idatzi zuten eta The New England Journal of Medicinera bidali zuten artikulua, baina posta greba baten eraginez, bidalketa atzeratu egin zen. Aldizkariak erantzunik ematen ez zienez, bederatzi kasu konfirmatu zituztenean, berriro idatzi eta The Lancetera bidali zuten deskubrimendua. Azkenean, ia aldi berean argitaratu zen bi aldizkarietan, eta komunitate zientifikoan izugarrizko eragina izan zuen: “bazirudien bat-batean bonbilla pilo bat piztu zirela mundu osoan. Jende guztiak zihoen `guk ere aurkitu dugu birusa!´”.

Ruth Bishop
2. irudia: ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Brian Ruck, Max Murray, Ian Holmes, Geoff Davidson, Rudge Townley, Ruth Bishop eta Anneke Veenstra. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Gaixotasuna modu errazean diagnostikatzea lortzea

Baina garai hartan oraindik ez zekiten ezer tratamendurako oinarrizko kontuei buruz: ohiko gaixotasuna zen? bazegoen modu ez inbaditzailean diagnostikatzeko modurik? Kezkatuta zeuden, batez ere, gaitasun edo bitarteko gutxiago zituztenek umeei biopsiak egiten hasi zitezkeelako. Baina gero deskubritu zuten albaitaritzan bazegoela tindatze teknika bat errotabirusa detektatzeko behien gorozkietan, eta teknika hori egokitu zuten diagnostikatzeko test ez inbaditzaile bat garatzeko.

Bishopek eta bere taldeak gai hori landu zuten zenbait hamarkadatan; horiek horrela, errotabirusari buruzko ezagutza handitu zen eta, urte batzuk geroago, patogenoaren aurkako lehen txertoa sortu ahal izan zen. Txertoa eraginkorra zen, baina Bishopentzat ez zen nahikoa, kostu handia zuelako. “Txertoa ez da eraginkorra izan garapen bidean dauden herrialdeetan Asian edo Afrikan, eta ez ditu emaitza oso onak izan Peru edo Brasil bezalako lekuetan. Eta hori gerta zitekeen dosi oso txikiak ematen ari zirelako. Oraingoz prezioa handiegia da garapen bidean dauden herrialdeentzat”, azaldu zuen Bishopek 1990. hamarkadaren amaieran.

Horiek horrela, beste txerto bat garatzen lagundu zuen, jaioberriei ematekoa; izan ere, bere hitzetan, “garapen bidean dauden herrialdeetako milaka ume ospitale batetik gertu dauden une bakarra da hori”. Bere iritziz, errotabirusa beti egongo da presente, baina munduan milaka ume hil ditzala saihestu daiteke.

Ruth Bishop 2022ko maiatzaren 12an hil zen.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 1ean: “Ruth Bishop, la viróloga que hizo la mayor contribución de Australia a la salud infantil global“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.