Italiako dorrerik famatuena oker egotea eragiten duen Geologia
Kondairak dio Galileo Galileik esperimentu bat egin zuela egiaztatzeko jaitsiera denbora independentea dela erortzen den objektuaren masarekiko; horretarako, tamaina eta pisu ezberdineko bi kanoi-bala jaurti zituen dorre batetik, biak aldi berean lurrera iristen zirela egiaztatzeko. Gertakari hori mitotzat hartzen den arren, esperimentuan aipatutako dorrea benetakoa da: Pisako katedralaren kanpandorrea.
Italiako iparraldean, Toscana eskualdean, Pisa hiriko erakargarri turistiko nagusia bertako dorre okerra da. Unescoren gizateriaren ondare kultural izendatu zuten 1987an, eta eraikuntzan bertan arazo nahikotxo egon ziren. XII. mendearen amaieran eraikitzen hasi baziren ere, ez zen 200 urte beranduago arte amaitu, pare bat etenaldi egin behar izan zituztelako, lehen unetik bertatik izan ziren hondoratze partzialengatik eta garai hartan ohikoak izaten ziren zenbait arazo politikorengatik.

Baina nik ez dut ardatza jarriko ez historian ez eraikuntzan, ezta erabili zituzten materialetan ere; erdigunean jarriko dut zergatik Pisan dagoen edozein turistak atera nahi duen argazki tipikoa dorreari eutsiz: okertuta dagoelako. Ingeniaritza-akats txiki horrek Toscanako eremuko geologia berezian du jatorria.

Pisa hiria Tirreniar itsasotik 15 km ingurura dago, bi ibairen elkargunean: bat txikia da, eta hiriaren iparraldetik igarotzen da (Auser), eta bestea handiagoa da eta hiriaren hegoaldetik igarotzen da (Arno). Horiek horrela, eremu horretako historia geologiko hurbilena —hau da, azken 15.000 urteetan gertatutako guztia— itsasoak eta ibaiek egun kosta-partea dena konkistatzeko izandako borrokaren oreka delikatuaren ondorio da. Eta borroka natural horrek baldintzatu du, hain zuzen ere, materialen metaketa, zeinaren gainean hiriko eraikin guztiak baitaude.
Historia geologiko hori ulertzeko, ariketa mental bat egingo dugu: imajinatu zulo bat egiten dugula Pisako zorupean, gutxi gorabehera 60 metroko sakonerara iritsi arte. 60 metroko maila horretatik 40 metroko sakonerara, duela gutxi gorabehera 13.000 eta 8.000 urte inguru artean, garai bateko hondartza batean sortutako hareen metaketa dago. Gainetik, 40 metroetatik 10 metroko sakonerara, apenas 2.000 urtetan, itsasoak kontinentea inbaditu zuen erabat, eta estuario-ingurune bat sortu zen; ingurune horren eraginez, nagusiki buztin plastiko eta irmotu gabeko batzuek osatutako lokatza pilatu zen. Azken 6.000 urteetan, itsasoa progresiboki aldentzen joan da, egun hartzen duen lekuraino; hori dela eta, lurzoruaren goragoko 10 metroak ibaiek jalkitako harea askearen eta lokatz oretsuaren nahaste batez osatuta daude.

Dorrea eraiki zenean, zimenduak 3 metro sakon eskasera ainguratu ziren, hain zuzen ere, harea askeen gainazaleko geruza horretan; aintzat hartuta gainera, harea horiek pisuarekin trinkotzen diren estuarioko buztin plastiko zaharragoen gainean daudela. Hori dela eta, ez zen denbora askorik igaro eraikuntza lurzoruan hondoratzen hasi zen arte. Okertasuna ere horren ondoriozkoa da; hain zuzen ere, dorrearen oinarriaren zati bat hareen gainean jarri zen, nagusiki, eta beste zatia hareen artean dauden buztin bigunagoen maila batzuen gainean dago. Hau da, dorrea erabat zuzen ez egotearen errudunak buztin gizajo batzuk dira.
Baina, bataren gaitza besteak on. Italiako eremu hori sismikoki aktiboa da, eta, beraz, zenbait lurrikara handi egon dira azken garaietan. Hala ere, dorrea, okertuta zegoen eta zimendu ez oso fidagarriak zituen arren, ez da lur-mugimenduen eraginez erori. Eta patu horretatik salbatu dutenak dira 10 metroko sakoneratik behera dauden buztin plastiko horiek beraiek, uhin sismikoak xurgatzen dituztelako, bibrazioak monumentuan eragina izan dezala saihestuz. Hau da, talka sismikoari eusten dion eta eraikuntza babesten duen airbag moduko bat dira.
Egun, ez dago kezkarako marjina handirik. Izan ere, azken hamarkadetan zenbait jarduketa tekniko egin dira dorrea babesteko: inklinazioa zenbait graduz murriztu da eta zimenduen asentua zuzendu da. Horrela, beste berrehun urtez mantenduko dela bermatu ahalko da, mugimendu gehiago jasan gabe. Gainera, jarduketa horiei esker, berriro ere bisitatu daiteke monumentua segurtasun osoz.
Zalantzarik gabe, Pisako dorre okerra eraikuntza egonkor eta seguruak eraikitzeko lurzoruaren geologia aztertzeak duen garrantziaren adibide garbia da. Logikoki, XII. mendearen amaieran ez zituzten horretarako oinarrizko ezagutza zientifikoak, baina egun, baditugu. Gogoratu: Geologiak bizitzak salbatzen ditu, baita ingeniaritza zibilean ere.
Esker ona:
Nire lankide Iranzu Guederi eta Jone Mendicoari, artikulu honetarako ideia emateagatik ostiral arratsalde lasai bateko gure elkarrizketa geologiko zoragarri batean.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 29an: “La Geología que inclina la torre más famosa de Italia“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.