Antoinette de Vaucouleurs, espazioaren mapa marrazten lagundu zuen astronomoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Antoinette de Vaucouleurs, espazioaren mapa marrazten lagundu zuen astronomoa

XX. mendearen bigarren erdialdean, astronomia unibertsoaren eskala handiko egitura igartzen eta deskribatzen saiatzen hasi zenean, zientzia horretako profesionalak ohartu ziren, ezagutza hori aurkitu eta aurrera eramateaz gain, norbaitek itxuraz hain zirraragarria ez zen, baina metodoa eta pazientzia eskatzen zituen lana egin beharko zuela: ordura arte sakabanatuta zeuden datuak bildu, alderatu, orraztu eta erreferentzia sendo bihurtzea, egitura hori pixkanaka zehazten joateko. Datu baseak digitalak izan eta segundo gutxian eskuragarri egoteko aukera izan aurretik, lan hori eskuz egiten zen, eta arreta, zorroztasuna eta xehetasunei erreparatzeko gaitasuna eskatzen zituen horrek. Antoinette de Vaucouleurs izan zen, hain zuzen ere, hori posible egin zuen pertsonetako bat.

Antoinette Piétra Parisen (Frantzia) jaio zen, 1921eko azaroaren 14an. Matematika, fisika eta astronomia ikasi zituen Sorbonan, 1944tik 1948ra bitartean. Urte haietan, Frantzia Bigarren Mundu Gerraren ostean alemaniarren okupaziotik ateratzen ari zen, eta unibertsitateek beren jarduera akademikoa berreraikitzeko erronkari egin behar izan zioten aurre. Izan ere, gerrak iraun zuen urteetan, unibertsitateetako jarduera minimora murriztuta egon zen edo, zuzenean, erabat ezeztatuta. 1944an, Gérard de Vaucouleursekin (hura ere astronomoa zen) ezkondu zen. Bizitzan zehar proiektuak, erakundeak eta argitalpenak partekatu bazituzten ere, Antoinette de Vaucouleursen ibilbide zientifikoa ez zen senarrarenaren luzapen hutsa izan: hasieratik izan zituen ikerkuntza lerro eta erantzukizun propioak.

Antoinette de Vaucouleurs
Irudia: Antoinette de Vaucouleurs astronomoa. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Tresna exijenteak, datu konplexuak

1948an Pariseko Institut d’Astrophysique erakundean hasi zen lanean, laborategiko espektroskopista gisa. Urtebete geroago, Londreseko Unibertsitateko Mill Hill behatokira joan zen, eta hango instalazioetan zuten islatzaile berezi batekin neurketa espektroskopikoak egin zituen. 1951n, senar-emazteak Australiara joan ziren, Mount Stromloko Commonwealth Observatory behatokian lan egitera. Han, hego hemisferioko izar distiratsuen espektrofotometria lanak egin zituen, baita Marteren behaketak ere. Etapa hori funtsezkoa izan zen bere prestakuntza teknikorako: espektroskopia eta fotometria menderatzeak tresna moderno eta exijenteekin lan egitea eskatzen zuen, baita arreta handiz interpretatu beharreko datuak erabiltzea ere.

1957an, Estatu Batuetara joan ziren bizitzera. Lowell Observatorytik eta Harvard College Observatorytik igaro ziren 1960an Texaseko Unibertsitatean, Austinen finkatu aurretik. Vaucouleurs Astronomia Saileko Research Scientist Associate izendatu zuten eta postu horretan aritu zen hogeita bost urtez. McDonald behatokiarekin (Texasen dago hori ere, eta behaketa ekipoen sofistikazioari eta irismenari dagokienez punta-puntakotzat jo izan da beti) lankidetza estua izan zuen. 1962an AEBetako herritartasuna eskuratu zuen.

Urte haietan, bere lana astronomia estragalaktikora bideratu zen erabat. UBV sistema fotometrikoa (hasiera batean izarrak sailkatzeko diseinatua) galaxien fotometria fotoelektrikora egokitu eta aplikatu zuen. Horren bidez, ordura arte konplexuak eta heterogeneoak ziren neurketak sistematizatzen lagundu zuen. Izan ere, ordura arte, konplexua edo ezinezkoa zen neurketa haiek sistema kartografiko bakar batean bateratzea eta, horrenbestez, zaila zen ordura arte ezagutzen zen espazioaren mapa bakarra osatzea. 1958an, Seyfert motako galaxien nukleoetako magnitude aldaketak behatu zituen. Geroago egindako ikerkuntza lanek fenomeno hori baieztatu zuten, eta, horrela, lehen neurketa haien garrantzia sendotu zen.

Neurketa ezberdinak, esanahi koherentea

Dena den, bere ekarpenik iraunkorrena galaxia distiratsuen katalogoak prestatzeko lanari lotuta egon zen. Reference Catalogue of Bright Galaxies katalogoa eta haren ondorengo edizio berrikusiak (RC2 eta RC3) prestatzen parte hartu zuen. Lan horiek oinarrizko tresna bihurtu ziren galaxien forma eta banaketa aztertzeko. Katalogo haietan, galaxien hainbat ezaugarriri buruz hainbat tresna eta behaketa sistemaren bidez lortutako informazioa biltzen zen (besteak beste, igortzen zuten argi motari, formari eta mugimenduari buruzkoa). Informazio hura guztia kritikoki berrikusten zen. Ez ziren datu bilduma hutsak: irizpideak ezartzen zituzten, datuak homogeneizatzen zituzten eta mundu osoko ikertzaileentzako erreferentzia esparru komuna eskaintzen zuten.

Katalogazio lanak nolabaiteko autoritate zientifikoa behar du, komunitate zientifikoak halakotzat hartu dezan. Diziplina jakin bateko gainerako ikertzaileek lan hori erreferentziatzat hartu eta beren ikerkuntzak haren gainean eraiki behar dituzte. Izan ere, helburua ez da aurkikuntza isolatu bat iragartzea, baizik eta beste batzuek oinarri sendoaren gainean aurrera egin ahal izateko zimenduak eraikitzea. Zentzu horretan, Antoinette de Vaucoulersen ekarpena estrukturala izan zen bere garaiko astronomia estragalaktikoarentzat.

Berrogei urte baino gehiagoko ikerketa jardunean, hirurogei argitalpen eta katalogo espezializatu baino gehiagoren egilea edo egilekidea izan zen. Koordenatu supergalaktikoen sistema garatzen eta erabiltzen ere lagundu zuen. Sistema horrek tokiko ingurunean galaxien banaketa deskribatzeko balio du.

Mapak marrazten dituztenek gainerakoentzako lurraldea definitzen dute

Gizonezkoak nagusi ziren arloan lan egin zuen, eta haren izena sarritan senarrarenarekin batera agertzen da. Hala ere, haren argitalpenen erregistroek, Texaseko Unibertsitatean izan zuen lanpostu egonkorrak eta erreferentziazko proiektuetan izandako eginkizunak argi erakusten dute espezialista gisa izan zuen garrantzia. Haren ibilbidea ez zen ezkontza barruko lankidetzara mugatu; hori beharrean, XX. mendearen bigarren erdialdeko astronomia estragalaktikoaren historian txertatuta dago. Milaka galaxien artean orientatzeko mapa fidagarriak behar zituen arloan, Antoinette de Vaucouleurs mapak marrazten lagundu zuen. Eta zientzian, mapak marrazten dituenak gainerakoak mugituko diren lurraldea definitzen du.

Vaucouleurs 1987ko abuztuaren 29an hil zen, Austinen, Texasen. Hil ondoren, Texaseko Unibertsitateak Antoinette de Vaucouleurs Memorial Lectureship and Medal saria sortu zuen, astronomian ibilbide nabarmena egindako pertsonak urtero aitortzeko.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko otsailaren 26an: “Antoinette de Vaucouleurs, la astrónoma que ayudó a trazar el mapa del espacio“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.