Teknologia kuantikoa: zer da hori?

Dibulgazio-bideoak · Ekitaldiak

1 min

Teknologia kuantikoa: zer da hori?

Mekanika kuantikoak errotik aldatu zuen materiaren eta argiaren izaera ulertzeko modua. Javier Aizpurua Basque Quantum (BasQ) ekimeneko zuzendaria eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Ikerbasque irakasleak «Teknologia kuantikoa: zer da hori?» hitzaldi honetan azaltzen duen bezala, fisika klasikoan ohituta gaude objektuak partikula zehatz gisa irudikatzen, baina mundu kuantikoan errealitatea bestelakoa da: partikulen egoera kuantikoa probabilitateekin lotutako uhin-funtzio baten bidez deskribatzen da. Ideia horretara iristeko, argiaren izaerari buruzko aurkikuntzak izan ziren funtsezkoak: Thomas Youngek argiak uhin-portaera zuela erakutsi zuen zirrikituen esperimentuaren bidez; gero, Max Planckek eta Albert Einsteinek argiaren izaera kuantikoa ulertzeko bidea ireki zuten, eta Louis de Brogliek materiaren uhin- eta partikula-izaeraren dualtasuna proposatu zuen. Aurkikuntza horiek eta Schrödinger eta Heisenbergen ekarpenek mekanika kuantikoaren oinarriak ezarri zituzten.

Mekanika kuantikoaren garapenak, gainera, aplikazio teknologiko ugari ekarri ditu, hala nola mikroelektronika, erresonantzia magnetiko nuklearra eta laserrak. Orain, ordea, teknologia kuantikoen bigarren iraultzaren atarian gaude: partikulen eta egoera kuantikoen ezaugarriak ezagutzeaz gain, horiek kontrolatzeko gaitasuna ere lortu da. Horrek aukera berriak irekitzen ditu konputazio kuantikoan, simulazioetan, komunikazioetan eta neurketa zehatzagoak egiteko tresnen garapenean. Aizpuruak azaltzen duenez, arlo horietako aurrerapenek ikerketan eta teknologian eragina izateaz gain, inbertsio eta garapen estrategiko handiak eragiten ari dira, baita Euskal Herrian ere.

Hitzaldia Bidebarrieta Zientifikoa zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Bidebarrieta Liburutegiaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2024-2025 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.