Paula Villar: «Hustasunaren fluktuazio kuantikoek efektu fisiko behagarriak nola sortzen dituzten hobeto ulertzen lagundu nahiko nuke»
Paula Villar Zientzia Fisikoetan doktorea da Buenos Airesko Unibertsitatean. Gero, doktoratu ondoko egonaldia egin zuen Barcelona Supercomputing Center-en L’Oréal-UNESCO For Women in Science programak ematen duen International Rising Talents saria 2009an jaso izanari esker. Natura Zientzien eta Zientzia Zehatzen Akademiak Fisikako Estímulo Saria ere eman zion 2017an. Gaur egun, Buenos Airesko Unibertsitateko Fisika Departamentuko irakaslea eta CONICETeko (Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionala) ikertzaile independentea da.
Bere herrialdera itzuli zenean, QuFiPhi taldean sartu zen, eta hor fisika kuantiko teorikoaren arloan jardun zuen lanean, bereziki sistema kuantiko irekietan, hustasunaren fluktuazioetan eta zirkuitu supereroaleetan. Bere ikerketaren helburua da inguruneak eta fluktuazio kuantikoek sistema kuantikoetan zer-nolako eragina duten jakitea, bai funtsezko ikuspegitik, bai teknologia kuantiko berrien garapenari dagokionez.
Urte horietan, taldea handituz joan zen ikasle eta ikertzaile gazteak trebatuz. Gazte horietako askok, gaur egun, beren lanarekin jarraitzen dute nazioarteko zentroetan, hala nola ICFOn, BCAMn, ICTPn, Innsbruck-eko Unibertsitatean eta Oxfordekoan.

Zein da zure ikerketa arloa?
Fisika kuantiko teorikoan lan egiten dut, bereziki sistema kuantiko irekietan, elektrodinamika kuantikoan eta zirkuitu supereroaleetan. Fluktuazio kuantikoek eta ingurunearekiko elkarrekintzak sistema kuantiko errealetan zer-nolako eragina duten aztertzen dut.
Egungo teknologia kuantiko asko, hala nola konputazio kuantikoa edo sentsore kuantikoak, fenomeno izugarri hauskorrak (koherentzia kuantikoa, adibidez) kontrolatu ahal izatearen mende daude hain zuzen ere. Ildo horretan, duela hamarkada batzuk erabat abstraktuak ziruditen galderak gaur egun funtsezkoak dira teknologia berrien esparruan.
2025eko Fisikako Nobel Sariaren bidez, zirkuitu supereroaleetan gertatzen diren fenomeno kuantiko makroskopikoei buruz egindako lan aitzindariak (1983. eta 1984. urteetakoak) aitortu ziren. Gaur egun, zirkuitu horiek teknologia kuantiko berrietarako eta konputazio kuantikorako plataforma garrantzitsuenetako bat dira. Horrek oso ondo erakusten du oinarrizko ikerketak zubi gisa jarduten duela: askotan, naturaren funtsezko fenomenoak ulertzen saiatzen gara etorkizunean zertarako erabiliko diren zehatz-mehatz jakin gabe, eta hamarkada batzuk geroago, garapen horiek teknologia osoak aldatzen dituzte.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Txiki-txikitatik, liluratuta nengoen Kosmosarekin. Gogoan dut izarrez betetako zerura begiratzen nuela eta neure buruari galdetzen niola planetek eta izarrek nola lortzen zuten beren tokietan mantentzea. Naturak nola funtzionatzen duen ulertzeko jakin-min handia nuen.
Secundarioa egiten ari nintzela, Houssay Fundazioak bokazio zientifikoetarako ematen duen beka lortu nuen, eta Buenos Airesko Unibertsitateko irakasle bat jarri zidaten tutore. Irakasle horrek iradoki zidan fisika ikastea; esan zidanez, diziplina horrek unibertsoari buruzko galdera oso zabalak egiteko eta unibertsoa deskribatzen duten printzipio fisikoak ulertzeko aukera ematen zuen.
Beraz, secundarioa bukatu nuenean, Fisika karreran eman nuen izena Astrofisikan jarduteko asmoz. Alabaina, karrera egin bitartean konturatu nintzen fisikak funtsezko fenomenoak ulertzeko aukera emateaz gain, tresna eta teknologia berriak garatzeko aukera ere ematen zuela ezagutza hori oinarri hartuta.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Amak hurbildu ninduen zientziara. Bera ere zientzialaria da, Biologiako doktorea, eta oso bestelako diziplina batean lan egiten duen arren, emakume batek ikerketan aritzeko aukera izatea zerbait naturala eta hurbila izan zen beti niretzat.
Eskolarik ez zegoenean, askotan bere laborategira joaten nintzen berarekin. Zientzia (bere alderdi liluragarriekin eta bere zailtasunekin) eguneroko bizitzaren zati gisa ikusiz hazi nintzen. Argi dago bere eredua erreferentzia garrantzitsua izan zela. Aurrerago, Fisika, eta bereziki Fisika Teorikoa (oraindik emakume gutxi dauden arloa), ikasten ari nintzenean, horrek izugarrizko garrantzia izan zuen niretzat.
Ez dago esan beharrik nire prestakuntzako aurreragoko etapetan nire taldeko ikertzaileak ere funtsezkoak izan zirela, nire ibilbide zientifikoan lagundu eta gidatzeaz gain, erreferentziako figura bihurtu baitziren.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Hustasunaren fluktuazio kuantikoek efektu fisiko behagarriak nola sortzen dituzten hobeto ulertzen lagundu nahiko nuke. Fisika kuantikoan, hustasuna ez dago erabat “hutsik”: partikularik ez dagoenean ere, fenomeno neurgarriak sor ditzaketen energia fluktuazio txikiak daude.
Bereziki, zirkuitu supereroaleak plataforma esperimental gisa erabiltzea interesatzen zait, non fenomeno horiek oso baldintza kontrolatuetan azter daitezkeen. Gaur egun, sistema horiek fisika kuantikoaren laborategi gisa funtzionatzen dute, eta aukera ematen dute koherentzia-hauste efektuak ez ezik, hustasun kuantikoari lotutako fenomenoak ere aztertzeko, beste testuinguru batzuetan behatzea oso zailak izango liratekeenak.
Halaber, ikertu nahiko nuke propietate kuantiko jakin batzuk, hala nola fase geometrikoak sentsore kuantikoetan nola erabil daitezkeen ingurunearekin izugarri sotilak diren elkarrekintza horiek uzten duten “aztarna” aurkitzeko.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Karrera zientifikoa oso exijentea eta desafiatzailea da, eta horrek frustraziouneak sortzen ditu askotan. Ikerketak denbora, pertseberantzia eta dedikazio handia eskatzen ditu, eta emaitzak ez dira beti azkar iristen. Horregatik, nire ustez garrantzitsua da helburu argiak jartzea, une zailenetan ez galtzeko.
Ibilbide zientifikoak oso gutxitan izaten dira linealak. Benetan egiten den ibilbidea eta hasieran imajinatu zena desberdinak izan ohi dira, baina prozesu horretan, hain zuzen, norberak loturak, elkarlanak eta lan sareak sortzen ditu ezagutzak eta tresnak gehitzen dituen bitartean, eta horiek, azkenean, zientzia pentsatzeko norberak duen modua osatzen dute. Ibilbide luze edo ustekabekoenek ere balio handiko ekarpena egiten dute azkenean.
Baina, aldi berean, ikerketak balio handiko zerbait du: galderak egiteko, ideia berriak asmatzeko, aukerak bilatzeko eta ezagutza sortzeko aukera ematen du. Uste dut poztasun handienetako bat askatasun intelektual hori dela, hain zuzen ere. Eta azkenean zerbaitek funtzionatzen duenean, arazo bat ulertzen denean edo ideia berri bat agertzen denean, izugarrizko poza sentitzen da.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko irailaren 26an: Paula Villar: «Me gustaría contribuir a comprender mejor cómo las fluctuaciones cuánticas del vacío producen efectos físicos observables».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.