Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Ekologia eta ingurumena
Japoniako Arrantza Zientzien Ikerketa Institutuko ikertzaileek isotopo erradioaktiboak aztertu dituzte itsasoko eta ur gezako arrainetan. Hain zuzen, cesio-134 eta cesio-137 isotopoen kontzentrazioa neurtu dute eta baieztatu dute arrainetan isotopo horien maila jaisten joan dela eta kasu gehienetan ez direla arriskutsuak giza osasunerako. Badira salbuespenak, ordea. Ikertzaileek ohartarazi dute ur gezako arrainak eta krustazeoak itsasokoak baino askoz ere kutsatuagoak daudela. Halere, japoniarrek normalean arrain-haztegietan hazitako arrainak jateko ohitura dute. Beste salbuespen bat hondoan bizi diren arrain handiak dira. Dena dela, neurketa gehiago egin beharko dituztela aitortu dute.
Genetika
Otsailean jakinera eman zuten Erresuma Batuko Giza Ugalketarako eta Enbriologiarako Agintaritzak baimena eman ziola Londresko Francis Crick ikerketa zentroko zientzialari talde bati giza enbrioien genomak eraldatzeko. Bistan da, CRISPR-Cas9 deituriko teknikak zeresana handia eman duela genetika arloan. UPV/EHUko Genetika irakasleak, Asier Fullaondok, hitz egin du horri buruz: Teknika horrekin ikusi nahi dute gene horrek zer-nolako eragina duen enbrioien garapenaren lehen egunetan, eta ulertu nahi dute zergatik gertatzen diren zenbaitetan abortuak haurdunaldiaren hasieran. Fullaondok ikusi duen desberdintasun bakarra metodologian dago. Izan ere, ikerketa talde horrek giza enbrioiekin aurretik ere lan egin zuen. Agerian gelditu da teknikaren inguruan oraindik zalantzak daudela. Irakur ezazue, beste adituen ahotsak biltzen baititu testuak.
Medikuntza eta osasuna
Nazioarteko ikertzaile talde batek ondorioztatu du sistema linfatikoaren bidez estresak minbizia hedatzea eragiten duela. Hau da, ikusi dute estresak odol-hodiak ugaritzea eragiten duela eta hori minbizia hedatzeko bide bat da. Ondorioztatu dutenez, bestea sistema linfatikoa da. Ikerketa honen bidez, saguetan ikusi dute estresaren hormonek hodi linfatikoak ugaritzea eragiten duela eta hodi horietan fluxua areagotzen dela. Horretaz gain, estresaren hormonen errezeptoreak farmakologikoki blokeatzean, minbiziaren hedapena murrizten dela ikusi dute.
UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Ugutz Garitaonaindia ingeniariak hortzetako inplanteek ahoan sor ditzaketen faktoreak aztertu ditu simulazio numerikoaren bidez. Horrekin batera, hortzetako inplanteak optimizatzeko bideak proposatu ditu. Bere doktorego-tesian hortzetako inplanteen gaineko egiturak egoera errealago batean aztertzeko modu berri bat proposatu du Garitaonaindiak. Ikertzaileak dio: “Oso erabilgarria izan daiteke inplanteak egiten diharduten enpresentzat, beren diseinuak hobetzeko aukera ematen baitute, bai eta kirurgia bidez mikroinplante zein plakak txertatzen dituzten mediku eta osasun-zentroentzat ere, emaitza hobeak lortzeko aukera izan baitezakete”.
Biologia
Beroa galtzeko zenbaitek ur-lurrunketara jotzen dute, arnas azaleraren gaineko ura lurrundu beharrean, izerdia erabiltzen dute. Gu gara horren adibide. Beroa barreiatzeko beharra oso handia denean ur bolumen handiak galtzen ditugu izerdiaren bitartez. Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak azaldu digute afera egungo arraunlariak eta trirremeetako arraunlariak alderatuz. Arraunlari atenastarrek ezaugarri fisiko apartak omen zituzten trirremeetan aritzeko. Egungo arraunlariek orduko litro bat ur edan beharko lukete izerdiaren bidezko galerari aurre egin ahal izateko, baina eskifaia 170 arraunlarik osatzen zutela kontuan harturik, eguneko 2.000 litro ur baino gehiago beharko lukete. Robin Lane Fox historialariaren iritziz, ur-bolumen hori handiegia da ura lortzeko eta ontziratzeko aukerak ez ziren oso ugariak. Horregatik uste du garai hartako arraunlarien ur-beharrak apalagoak izango zirela egungo arraunlarienak baino. Irakur ezazue artikulua osorik.
Matematika eta teknologia
Matematika edonon aurki daiteke. Marten ere bai. Hori da Gorka Kobeagak eta María Merinok azaldu digutena Zientzia Kaieran. Lehenengo aldiz planeta gorrian Opportunity deituriko astroibilgailu batek lasterketa hau osatzen duten 42.195 kilometroak egin zituen. Horretarako hamarkada bat behar izan zuen. Matematikak hauxe planteatzen digu: Zein da astroibilgailu batek egin behar duen ibilbidea, froga eta ebidentzien laginak aurkitzeko probabilitatea handitzeko? Orientazio Problema (Orienteering Problem) gerturatu digute adibide famatu batekin: saltzaile ibiltariaren problema,TSP izenekoa. Problema hauek konplexutasun konputazionalaren teorian NP-gogorrak deitzen dira. Problema honen zailtasuna, leku kopurua handitzean problemaren tamaina, ibilbide posibleen multzoa, esponentzialki hasten dela da. Hori dela eta, ebazteko metodo zehatzak zein algoritmo heuristikoak gaur egun inplementatzen eta hobetzen ari dira; eraginkortasuna, kostua eta soluzioaren kalitatearen arteko oreka bilatuz, emaitza ahalik eta hoberenak denbora lehiakorrean aurkitzeko.
Teknologia jarraiki, Frantzian mila kilometroko errepide batean, eguzki izpiak jaso eta energia sortuko duten plakak jarriko dituzte. Horren aurrean, adituek diote teknologia ez dela bideragarria. Hala ere, Frantziako Eguzki Energiaren Institutu Nazionalak eta Colas enpresak hartuko dute lanaren ardura, eta datozen bost urteetan gauzatuko dute proiektua. Artikuluan azaltzen denez, bost miloi pertsonari urte osoan energia eskaintzeko moduan legoke. Gobernuak erregai fosilekin duen mendekotasuna gutxitu nahi du.
Ingeniaritza
Olatu erraldoiak aurreikusten dituen (gertatu baino bizpahiru minutu lehenago) algoritmo bat sortu dute Massachusetts Institute of Technology unibertsitateko bi ikertzailek. Amaia Portugal kazetariak azaltzen digu olatu erraldoiak ezustean agertzen direla itsas sakonean, eta horregatik, arriskutsuak direla itsasontzientzat eta plataformentzat bereziki. Garatu duten algoritmoan olatu multzoak aztertzen ditu. Izan ere, itsaso zabaleko uhin gehienak nor bere aldetik mugitzen dira, baina badaude salbuespenak. Batzuek taldea osatzen dute, eta norantza berean doaz. Zehazki, garatu duten algoritmoak datuak arakatzen ditu, olatu erraldoi bihur daitezkeen uhin multzoak aurkitzeko asmoz. Multzoaren garaiera eta luzera parametroak kontuan hartzen ditu.
Emakumeak zientzian
Maria Jesus Esteban matematikariari buruz hitz egin digu Javier Duoandikoetxeak Zientzia Kaieran. UPV/EHUko Honoris causa doktore izendatu dute. Matematikako lizentziatura egitea erabaki zuen Leioako Campusean (lehen Bilboko Unibertsitatea deitzen zen). Giro asaldu batean lizentziatu zen, 1978an. Ez zen ohikoa matematika ikasleen artean karrera amaierako tesina egitea baina Estebanek egin zuen: Formalketa eta errigorearen sarrera analisian. XIX. mendea. Matematika arloan euskaraz egin zen lehen tesina izan zen, alegia. Berak Basauriko gau eskolan ikasi zuen euskara eta zientzia euskaraz jorratzeko nahia erakutsi zuen, arlo horri bultzada ematen lagunduz. Esaterako, Espazio topologikoak liburua prestatu zuten Estebanek beste 5 ikasleekin batera (emakumeak denak). Liburu hori UEUk argitara eraman zuen, unibertsitate mailako lehen matematika liburua izan zen euskaraz.
Arkeobotanika
Amaia Arranz izan da protagonista elkarrizketa honetan. Tolosarra arkeobotanikan aditua da eta Kopenhageko (Danimarka) Unibertsitatean ari da lanean azken urteetan. Arkeologia eta arkeobotanikari buruz galdetu diote. Arkeologo bakoitza garai batean espezializatua dagoela azaltzen du. Bera neolitoa kontrolatzen du batez ere: “Ekialde Hurbilean lan egiten dudanez Epipaleolitoa terminoa erabiltzen dugu. Paleolito garaia eta Neolito garaiaren arteko garaia da. Oraindik ehiztari biltzaileak dira Epipaleolito garai horretan”. Arkeobotanikaren garrantziaz mintzatu da gaztea. Batez ere hezurrak aztertzeari eman zaiola garrantzi handiena baina landareek badaukate ere bere funtsa: “Zer gertatzen da landareekin? Ez direla ikusten. Zu zoaz induskatzen eta lur guztia ateratzen, eta ez dituzu landareak ikusten. Duela gutxi sortu den espezializazio bat da”. Bere ustez, oraindik lan asko egin behar da jendea arkeobotanikaren garrantziaz kontzientziatzeko.
Astronomia
Espazioan ia urtebete igaro ostean, lurreratu dira Scott Kelly eta Mikhail Korniyenko astronautak. Misioaren helburua espazio-bidaiek gorputzean duten eragina aztertzea zen. Hau da, grabitate eza, isolamendua, erradiazioak eta distantzia luzeko espazio-bidaiek gizakion gorputzean zer nolako eragina duten. Arazo kardiobaskularrak, orientazioa eta oreka galtzea edota ikusmenean galerak dira espazioan egoteagatik astronautek izan ohi dituzten eraginak, adibidez. Lurreratu ostean probak egingo dizkiete. Emaitzak 2017an aurkeztuko dituzte.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.