Hortzetako inplanteak optimizatzeko bideak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Faktore askok eragiten dute hortzetako inplanteek ahoan duten portaeran eta sor ditzaketen arazoetan, hala nola inplanteen osagaien materialek, diametroak, luzerak edo inplantea hezurrera lotzeko moduak. UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Ugutz Garitaonaindia ingeniariak horiek guztiak aztertu ditu simulazio numerikoaren bidez, eta hortzetako inplanteak optimizatzeko bideak proposatu ditu. Inplanteek huts egitea saihestea da horren helburua, eta behar bezala funtzionatzea pazienteen ahoetan.

hortzetako inplanteak
Irudia: Enpresa askok eta askok egiten dituzte munduan hortzetako inplanteak, eta denek bilatzen dituzte ahalik eta efizientzia handieneko produktuak.

Mendaroko Createch Medical enpresarekin eta Donostia Ospitaleko Aho eta Aurpegi-masaileko Kirurgiako Sailarekin elkarlanean, hortzetako inplanteen osagaien portaera mekanikoaren ebaluazio xehea egin du Ugutz Garitaonaindia UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ingeniariak bere doktoretza-tesian. Programa informatikoak erabilita, hortz-inplanteak, inplanteen gaineko egiturak eta mikroinplanteak modelizatu dituzte eta haien portaera simulatu ahal izan dute.

“Enpresa askok eta askok egiten dituzte munduan hortzetako inplanteak, eta denek bilatzen dituzte ahalik eta efizientzia handieneko produktuak: hezurrarekin duen kontaktuan ahalik eta deformazio eta tentsio gutxien sortzea, inplantearen osagaiek eta egiturek inplanteari indarrak ahalik eta hobekien transmititzea eta abar”, azaldu du Garitaonaindiak. Hortzetako inplantearen torloju-hariaren (gainazaleko irtengune helikoidala) tamainak, diametroak eta formak, eta erabili ohi diren gainerako piezetan erabilitako materialak, edo piezak ainguratzeko erabiltzen diren mikroinplanteak non eta nola lotzen diren, eragin handia dute horretan guztian.

Bere doktorego-tesian, hortzetako inplanteen gaineko egiturak egoera errealago batean aztertzeko modu berri bat proposatu du Garitaonaindiak. Halako simulazioak egiteko metodo bat izatea “oso erabilgarria izan daiteke inplanteak egiten diharduten enpresentzat, beren diseinuak hobetzeko aukera ematen baitute, bai eta kirurgia bidez mikroinplante zein plakak txertatzen dituzten mediku eta osasun-zentroentzat ere, emaitza hobeak lortzeko aukera izan baitezakete”, argitu du ikertzaileak. Bide honetan, berarekin elkarlanean ari diren medikuek, adibidez, bere jardueran hautematen dituzten hutsuneak edo hobetzekoak proposatzen dizkiote.

Hemendik aurrera, abiatutako ikerketa-lerroekin jarraitzeko asmoa agertu du ikertzaileak, “badago-eta zer hobetu eta non ikertu; gaian sakontzen jarraituko dugu, eta honi buruzko argitalpen zientifikoak lantzen jarraitzea espero dugu”.

Erreferentzia bibliografikoa:
U. Garitaonaindia, J. L. Alcaraz. (SEP 2015) Influence of a micro-thread at cervical position and a cylindrical intermediate zone on the mechanical behaviour of dental implants: A three-dimensional finite element analysis. Proceedings of the Institution of Mechanical Engineers, Part H: Journal of Engineering in Medicine, 229(9):670-80. doi: 10.1177/0954411915598175.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ordenagailu bidezko simulazioak, hortz-inplanteen portaera hobetzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.