Irantzu Barrio Beraza UPV/EHUko Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko ikertzailea da. 2015ean “Proposal and validation of methodologies for the categorisation of continuous variables in the development of prediction models” (Aldagai jarraituetarako kategorizaziorako metodoen proposamena eta balioztapena, aurreikuspen modeloen garapenean) doktorego-tesia defendatu zuen. Egun, ikertzaile eta irakasle lanetan dihardu, eta besteak beste, Galdakaoko Ospitalearekin kolaboratzen du bioestatistika arloan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeko ikasleak hurbildu dira Irantzurengana haren lanaz, ibilbideaz eta asmoez hitz egiteko.
.- Zergatik hasi zinen doktorego-tesia egiten?
Egia esan hasiera batean ez neukan tesia egiteko asmorik. Baina garai hartan Galdakao-Usansolo Ospitaleko ikerkuntza unitatean lanean nengoen eta beste gauza batzuen artean, eredu aurresale onak garatzea eta balioztatzea zen nire helburu nagusia. Horretan ari ginela hainbat arazo sortu ziren eta horiei erantzuna eman nahian, gerora nire tesia bihurtu den gaian ikertzen hasi nintzen. Ikerketa hark bere fruituak ematen hasi zenean tesia matrikulatzeko konbentzitu ninduen nire zuzendariak.
.- Zeri buruzkoa da tesia?
Laburki esanda, eredu aurresaleen garapenean aldagaiak kategorizatzeko beharra dagoenean, kategorizazio hau era optimoan egitea baimentzen duten metodoak garatzea izan da nire tesiaren helburua. Hainbat metodo ezberdin garatu eta balioztatu ditugu eta baita datu errealetara aplikatu ere. Metodoak eredu ezberdinetan aplika daitezke, hala nola erregresio logistikoan edo arrisku proportzionaletako Cox ereduan.
.- Zergatik hautatu zenuen tesi hori?
Gaia berez ez nuen nik aukeratu, egia esan, oso arraroa da ikasleak berak gaia aukeratzea. Baina nire kasuan, errealitatean ikusi genuen arazo bati aurre egiteko beharra izan genuelako hasi ginen honetan lanean. Hain zuzen, biriketako buxadura kronikoa duten gaixoen eboluzio txarra (heriotza besteak beste) aurresateko eredu bat garatzen ari ginela, ikertzaileek hainbat parametro kliniko kategorizatzeko beharra ikusi zuten, hala ere, erabili beharreko mozketa puntuen inguruan ez zegoen akordiorik. Beraz, horri erantzun bat emateko asmoz hasi nintzen tesian lanean.
.- Behin tesia amaituta, ikertzen jarraitzeko gogorik bai? Adar berean ala alor berriren batean?
Bai noski. Alde batetik ikertzea gogoko dut eta tesian zabalik geratu diren gaietan ikertzen jarraitzen dut eta dena ondo badoa jarraitzeko asmoa dut. Beste alde batetik, arlo berdinean (bioestatistikan) baina gai berrien inguruan ikertzea ere gustatuko litzaidake.
.- Graduak/lizentziaturak zenbateraino prestatzen zaitu doktorego-tesi bati begira?
Beno, gradua edo lizentziaturarekin soilik ez da posible doktoretza programa batean matrikulatzea, gaur egun masterra egitea ezinbestekoa da. Nire ikuspuntutik, masterra erraztasunez aurrera eraman duen edonork egin dezake doktoretza, beste kontu bat finantziazioa lortzea da, hori ez baita erreza gaur egun. Dena dela, nire ustez, gaia gogoko izatea eta motibatuta egotea da tesia egiteko garrantzitsuena.
Ikasleen begietatik, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeak lankidetzan egindako atala da.